Zeru zati txiki urdin bat

Queralt Lahoz / Maiatzaren 11n / Baluarten (Iruñea). Argazkia: Miguel Osés.
Queralt Lahoz / Maiatzaren 11n / Baluarten (Iruñea). Argazkia: Miguel Osés.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Baluarteko areto ilunaren erdian zeru zati txiki urdin bat ireki da. Bi aulki prest dira musikariei ongietorria egiteko. Ez dira ohiko orduak kontzertu baterako: larunbat eguerdia da, vermutaren ordua, eta oskarbi eta bero da kanpoan. Planak gehiago eskatzen du terraza bat, eguzkitako betaurrekoak eta trago freskoak, zutik dantza apur batekin edo. Vermúsica ekimenaren barruan Queralt Lahozek kontzertu akustikoen birari amaiera emanen dio Iruñean, bandako formatuari berrekin aurretik.

Dena urdin bilakatu zela kantatzen hasi zaigu, eta atrezzoko zerua bizi-bizi argitu da. Hip-hop eta musika urbanoetatik edaten duen arren, formatu honetan bere jatorri flamenkoek dir-dir egiten dute. Bitxia da, hala ere, baina erraz egin du eta erraz sartu dira kanta bat bestearen atzetik. Ahotsa eta gitarra. Jantzi gorriz oholtzako bi musikariak, kasik ilunpetan, kontra-argiekin, itzalekin jolasean.

Iraganeko amodioei, amonari eta, batez ere, norberaren maitasunari kantu egin die. Haria fin batek gela osoa betetzen du punteatutako akordeen konpainiaz. Gertukoa ematen du, naturala, egiten duen hori bizi duen horietakoa, hauskorra. Kontatu digu nola eman dituen ordu gehiago Kolonbiako jaialdi baterako joan-etorrian, herrialdean baino. Leher eginda dagoela aitortu digu, aire girotuaren albo kaltearen eta goizeko ahotsak traizionatuko zuen beldurrez. Atzealdeko zeru zatia txiki geratu zaio itsasoz bestaldetik zerua zeharkatu ostean.

Eta bat-batean, hautsi egin da. Tira, hasieratik igarri diogu malkotxoa begiaren ertzean, emozioari ezin eutsita. Formatu honekin gozatua hartu du, eta nabari zaio: "Nire kantei beste esanahi bat eman diet". Estimatzen da artista batek bere buruari taula gainean ere hala jokatzea baimentzen dionean. Eman lezake postureo hutsa, baina hemen gaudenok senti dezakegu benetan ari dela, neketik eta asebetetzetik.

Artista guztiek dute hit bat, eta Queraltena De la cueva a los olivos da. Entzuleen artean ere gehien kantatu dugu horixe, eta aulkitik altxarazi dugu abeslaria bera ere, dantzara.

Zeruak, bitarte honetan guztian, eguneko orduaren arabera hartzen duen tonu guztiak imitatu ditu: horixka, laranjago, arrosakara, eta urdin bizi-biziak.

Amaierara heldu gara, eta bertsio batekin eman nahi dio akabera kontzertuari: migratu behar izan zuten senideekin akordatu da, eta, gaur egun ere, diskurtsoak gorrotoz eta errepresioz itotzen dituztenei aurre egiteko eskaini die Auteren Al Alba. Ilunabarra. Kontzertua bikaina izan da ordura arte, baina hor kraska egin digu zerbaitek barruan, eta malkotxoa guri erori zaigu.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude