Tristurari eman brokolia

Tristuraren gaitza duen piperra, piper alaien artean.
Tristuraren gaitza duen piperra, piper alaien artean.

2021eko irailaren 12an

Aza jendeak osasuna dakar. Gure osasuna zaintzen dute: azken ikerketa itxaropentsuen arabera, gero eta froga ziur gehiago dago; aliatu onenetakoak ditugu minbizi desberdinei aurrea hartzeko. Antza denez, osagai duten glukosinatoari zor zaio ahalmen hori.

Azatarrak Brassicaceae familia zabalekoak dira; 4.000 espezietik gora biltzen ditu. Besteak beste: aza (Brassica oleracea var. capitata), aza kizkurra (Brassica oleracea var. sabauda), errefau-aza (Brassica oleracea var. gongylodes), azalorea eta romaneskoa (Brassica oleracea var. botrytis), brokolia (Brassica oleracea var. italica), aza gorria (Brassica oleracea var. capitata f. rubra), brusela aza (Brassica oleracea var. gemmifera), zuhain aza edo bazka-aza (Brassica oleracea var. viridis), kalea (Brassica oleracea var. sabellica), ziapeak (Sinapis alba, Brassica juncea, Brassica nigra), errukula (Diplotaxis tenuifolia), errefaua (Raphanus sativus), daikon arbi zuria (Raphanus sativus var. longipinnatus), ur berroa edo krexua (Nasturtium officinale), errefau mina (Armoracia rusticana), wasabia (Eutrema japonicum) eta abar.

Neguko egun-argi laburrak tristetzen zaitu? Aza jendearekin negua gozatu eta zeure burua zaindu nahi baduzu, azkar ibili, landatzeko azken muturra iritsi da. Gainontzean besteen azetatik jan beharko duzu. Tristura kendu nahi duenarentzat, hor dago nonahi eta noiznahi banana (Musa spp.); dopamina omen du, nerbio sistema zentralaren kitzikatzailea.

Itxuraz tristura gauza zabaldua da. Ez gaitu soilik gu igurzten. Piperrak (Capsicum annuum) ere sufritzen du. Gajoa! Piperraren tristura esaten zaio gero eta hedatuagoa den gaitz bati.

Onddo batek goibeltzen du piperra: Phytophtora capsici. Genero horretako onddoak lurrean daude, eta era guztietako landareei erasotzen diete. Capsici abizeneko horrek piperrak ditu helburu. Lurretik sartuko zaio piper landareari bere hilabete batzuetako bizitzan edozein unetan: mintegian, landatu berritan edo fruituz mukuru denean. Sustrai txikietatik edo lur azalean sustraiak eta enborra elkartzen diren toki horretantxetik sartzen da. Enborrean orbain beltzak azaldu daitezke, baina sintoma nabarmenena landarea bere osotasunean ihartzea da, tartean horitu ere egin gabe. Onddoaren erasoak eta landarearen itunaldiak bi iturri izan ohi dituzte maizenik: urasetutako lur itoa edo ongarriketa desorekatua. Itoak onddo urzaleen aldeko giroa sortzen du. Ongarriketan hazkundea sustatu baina kimu ahulagoak ekartzen dituen nitrogeno gaindosia badago, landarearen ehun mengel eta samurragoetan onddoa aise txertatuko da. Eta akabo landarea, ez dago zer eginik, ez dago ez tratamenturik. Piperzaleak landarea triste eta burumakur ikusten duenean, ur falta izango duela pentsatu, eta are eta gehiago ureztatzen du, arazoa okertuz. Piper landare tristea ikusiz gero, ipurditik atera eta bertan erre.

Han eta hemen piperraren depresioari aurrea hartzeko saioak egiten ari dira eta brokolia jotzen dute irtenbide egoki. Udaberrian piperra jarri behar den tokian aurreko udazken-neguan brokolia eta neurri apalago batean azalorea edo aza jarrita tristura gutxiago izaten dutela ondorioztatu dute. Itxuraz, onddoa atzeratzen duten gaiak askatuz lurra “biofumigatzen” dute. Piperrak tristuraren aurkako laguna du brokolia.

Brokoliak gure minbizia atzeratu bai, baina hain zabaldua somatzen den tristura?


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude