ARGIA.eus

2021eko apirilaren 20a

Ekintzailea

Bea Salaberri @beatxo
2020ko martxoaren 08a

Ekintzailea naiz. Ekiten duenaren zentzuan, hau da aktibista, zerbait abiatzeko metxa jartzen duen pertsona, bideari, lagunari, zerbaiti heltzen zaiona, aldaketa nahiak ernegaturik. Bat baino gehiago harrituko da? Barnealdeko euskal familia plantakoetakoak nahiko kontserbatzaileak izan ohi garelako eta ekintzaile izateak zerbait kanbiatu, agian irauli ere, nahi izatea baitakar eta ez bortxaz beti onerako? Baiki, oldar subertsiboz janak ukan ditzake barnak edozeinek, hipokreatiboek barne. Bada, halaxe naiz, noizbehinka behintzat, eta ordua da eginaren aldarrikatzeko.

Ekintzaile bihurtzea, progresiboki gertatu zen, adibidez pseudo-demokrazia jarri bati buru egiteko bide legal gutxi dela ohartzean, edo sortzetik gutxi garenei behin eta berriz eta beti eskubideak kentzen dizkigutela pairatzean, guk gehiago ukateak beste nehori deus kenduko ez liokeen lekuan. Zabortegi gainean bizi gara, autobideak eraikitzen ditugu gainetik, edo zentro komertzialak, guzti hori poliki apainduz eta izaki oro masakratuz, sekulan erantzukizunik asumitu gabe. Erretxintzekoa da etengabe bizitzea ukazio eta ezbai artean, sekulan gurea izanen ez den diruaren alienaturik, ongi izate itxurak eginez. Hots, bake garaiak dira eta aldi berean hain bortitzak, hain intoleranteak, hain suntsitzaileak.

Beraz, batzuetan, iratzartzen naiz eta gogoan ditut bestea, biharra, nire burua ez sobera entzutea eta gogoak pizten zaizkit berantean heltzeko lanera edota eguzkitan egoteko betaurreko beltzik gabe, tontoei irri egiten diet aurpegira eta herriko etxeko hautagaiei boz bakarra ere ez dutela merezi ozenki erraten: elektroi libre hutsa, bala galdua.

Zerbaitetan bereizteko hautua egin dut halere. Dena hasi zen, iragaten nintzenean baratze publikoetako liburu-truke ontzien ondotik, nahiz elkartetxeetako apal hornituen aitzinetik. Liburu truke ontzien asmoa ona zen, intentzioa bazen: liburuak trukatzeko armairutxoak leku publikoetan, jendeak hustu eta hornituak, trukada-toki autogestionatuak. Baina horra: hezetasunak bezainbat errautsak jaten zituen liburuak ikusten nituen hortxe.

Ororen buru, etxean poxeluan ziren liburuak, apalategietan kabitzen ez zirenak despeditzeko tokiak izaten dira. Elkarren ondoan ager daitezke harrigarriki Monsieur Tristesse, Marc Levy, Amélie Nothomb eta Sorj Chalandon, edo Grabinoulor Germinalen aldean: mazedonia eszentrikoa. Hilabeteak iragan ditzakete bertan. Eta, sinets ezazue, euskarazko publikazioak kausi daitezke, izen handiak barne.

Maiz, tirria indartsuak, kasik salbaiak ene izate osoa bahitzen du apalategiaren aitzinean. Eta bat edo beste askatzen dut. Ez dut edozein hartzen: ekintza gogoetatuak dira nireak: betiere ikasgai bat lukeela iruditzen zaidana eramaten dut. Gero, urrunago uzten dut, ahalik eta leku gertagaitzenean, ostatu baten zolan, lantokiko komunetan, ile apaindegietako aldizkari mahaiak ere leku aproposak dira. Denak betiere diskretuak. Ondotik, ahal bezain fite, barreiatzen ditut, handik bidea egin dezaten, solte, destinoari emanak, behar duten eskuarteraino. Berritasunez gosetuak diren espirituek arnastuko dituzte ondotik, agian, ez badute zakarrontzian amaitzen.

Bai, ekintzak burutzen ditut nonahi, gutxien espero den momentuan, liburuak libratuz, salbatuz ahanzturatik eta beste norabait helaraziz. Liburuak hedatzen dituzten akzioak burutzen ditut, isilka. Pentsatuz, behar bada, hortik hasten dela. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Herri mugimenduak  |  Ipar Euskal Herria

Azkenak

ASTEKARIA
2020ko martxoaren 08a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude