Heziketaren belar txarrak

Antton Olariaga

Heziketa librea-n aditu gisa aurkeztu ohi banaute ere –edo beharbada horrexegatik– heziketa eta askatasun kontzeptuak antagonikoak direla adieraziz hasi nahi izaten ditut gaiaren inguruko hitzaldi eta elkarrizketak. Haurrak modelatu nahi izatea askatasunarekin oso bateragarria ez dela azalduz, baina horixe izanik heziketa eredu guziek funtsean eta oinarrian egiten dutena, ezinezko bikotea osatzen dutela heziketa izenak eta libre adjektiboak. Berez eta printzipioz.

Haurren izaera zizelkatzeko borondatea, apalagoa ala nabarmenagoa izaten ahal da heziketa ereduaren arabera. Eta hezitzailearen ideologiak eta izaerak ere zerikusia handia dute, haurrarengan erauzi eta txertatu beharreko ezaugarri psikologikoen kantitatea edo multzoa definitzerakoan, esaterako. Hala ere, ez dut uste parametro horien arabera saiatu behar dugunik heziketa eta askatasunaren arteko kontraesana gainditzen. Arazoa ez delako haur baten nolakotasuna gehiegi aldatu nahi izatea, aldatu nahi izatea baizik. Edo haurrengan obedientziaren balioa sustatu nahi izatea –errebeldiarenaren ordez, adibidez–, balore zehatz batzuk inposatzeko geure buruari ematen diogun baimena eta aitortzen diogun zilegitasuna baizik.
Heziketaren afera neurri eta kualitate kontu huts gisa planteatzea oso arriskutsua da, irizpide beti arbitrario, subjektibo eta kulturalen arabera erabaki behar izaten delako adibidez, noiz den gehiegizkoa interbentzionismoa, zein diren gazteengan sustatu behar diren kualitate psikologikoak, edo haurren zein jokabide eta izaera jo behar dugun sano edo patologikotzat. Eta oso eztabaidagarria delako, noski.

Aurrerakoiak garen hezitzaileoontzat, dena den, geure burua justifikatzeko eta zuritzeko modua ere eskaintzen digu heziketa ulertzeko modu edo diskurtso horrek. Zirrikitu erraza eskaintzen duelako, guztiok barnean dugun inertzia interbentzionista edo joera manipulatzailea, direktiboegia den heziketari baino ez leporatzekoa. Autoritarioak eta bideratzaileak diren helduak, errealitate erreakzionarioetan baino existitzen ez direla sinestekoa. Beti gugandik urrun, noski. Behin ere ez guregan.
Heziketaren esentzia ez da gehiegi aldatu, lehen bezala orain ere, helduak baitio haurrari bere errealitatea inposatzen, horretarako erabiltzen diren moduak dira batez ere aldatu direnak. Gonbidapena eta motibazioaren bidez lortzen da orain, garai batean autoritarismo eta koakzioaren bidez egiten zena. Baina sakonean, berdin berdin segitzen du helburu nagusiak. Helduaren gogoa gailendu eta inposatua izan dadila, teknika gozoagoen bitartez modu errazago eta eraginkorragoan lortua izango dena gainera, beharbada.

Heziketa eta haurren askatasunaren artean libratzen den gatazkak, heziketak oinarri gisa ezartzen duen printzipio ez oso etikoan du abiapuntua: haurrak utzi egin behar diola den bezalakoa izateari, beste batek hautatu, diseinatu eta ezarri duen moldeari egokitzeko. Hezi nahi izatea da heziketaren esentziari berari darion xedea, ezkutuko curriculumaren helburu ez aitortuen zerrendan toki pribilegiatua hartzen duena. Bada, heziketaren arazoa ere horixe da: hezi nahi izatea. Hezi egin behar dugula pentsatzea. Haurrak gure komenientziara manipulatzeko zilegitasuna bagenu bezala jokatzea. Hezitzea erabat ekintza naturala eta neutroa dela barneratzea.

Haurren duintasunarekin bateragarri bilakatuko bada, askatasunaren loratzea eragozten duten belar zahar eta txar horiek behar dizkio helduak bere heziketa-molde partikularrari erauzi. Ea ba.


Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude