Antigoaleko balio pisutsuak

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Dilmun. Rodeo. Autoekoizpena, 2017.

Txangoa egin genuen Ekainberrira, antzinako gizakiez gehiago jakiteko. Bueltan Zestoan ekaitzak harrapatu eta pilotalekuan hartu genuen aterpe. Bat-batean, lur azpiko orro batek egin zigun ongietorria: sakona, gordina eta batez ere irmoa. Orduan jakin nuen herri lasai eta eder horrek, inork aurreikusi ez zuen eszena indie aberatsaz gain –hori beste egun baterako misterioa–, baduela antigoaleko beste herri bat ezkutuan, azpian, antzinako gizakietatik transmititutako jakinduria eta balioak gordetzen ahalegintzen dena; eta hor diraute batzuek lur azaleko suge, gezur eta gerretatik salbu momentuz.

Eta hala jakin nuen Zestoako Rodeo taldeak 2014tik diharduela Kaliforniako desertuan naturarekin bat eginda lurraren orro sarkorrena atera zuten John Garcia eta haren enparauen esentzia hona ekarri eta biderkatzen. 2017an stonerra, rocka eta melodiak batzen zituen diskoa eman zuten argitara. Baina azaleko piztiak ikusita lur azpira jaitsi dira berriro antigoaleko herri honen kontzeptua ipar duten kanta berriak, landuak, zizelkatuak idatzi eta erditzera.

Dilmun da emaitza, gogoz, mimoz eta erraietatik erditu dutena. Hegan stoner indartsu eta pisutsua da, riff oso landuak eta trinkotasun hori apurtzen duen ahots garbi eta melodikoarekin. Karkenish stonerra eta ekialdea batzen dituen instrumentala. Lur xurgatuak metal detektagailuan trabatuta gelditzeko moduko stoner azkarra. Ikusi eta ukatu abesti borobila, stonerraren pisua, 70eko hamarkadako rock jostariarekin ezkondu eta ahotsean Aitor Gorosabel inspiratuena gogora ekartzen duena. Tiamat espaziala, intrigantea eta iluna da, Dut gogoraraziz. Dilmun Dave Wyndorf-ek idatzi ahal zuen piezatzarra. Borrokaren hatsa Subari Shock-en ahotsak borobildutako stoner-rock kañeroa. Entzun LTTko Josebak biderkatutako abesti borobil eta sentikorrena, anitza. Marduk ekaitzaren sorrera eta eztanda irudikatzen duen pasarte anbientala. Sugeak iragan heavya antzematen uzten duen stoner trumoia. Gure bide galduak Benito Lertxundiri eta belaunaldi bati gorazarrea. Eta, bukatzeko, Hey jolas instrumental kiribildua. 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude