OLBEren denboraldiak aurrera jarraitzen du. Lehenengo bi titulu famatuen ostean (Pucciniren La Bohème eta Beethovenen Fidelio hain zuzen ere), hain askotan programatzen ez den opera eder bat ikusteko aukera izan dugu: Verdiren I Lombardi alla prima crociata. Oso lan inspiratua dugu hemen. Verdik, Nabucco-ren izugarrizko arrakastaren ondoren, trama historikoaren maukari heldu zion, eta XI. eta XIII. mendeen artean izandako lehenengo gurutzadan kokatu zuen drama hau. Produkzio honetan, Grazia Pulvirentik, berritzearen eszena zuzendariak esaten duen bezala, iragana eta oraina urtu egiten dira. Iraganeko mina, guduaren mina, hortxe dugu gaur egun. Verdiren mezua, bakearena eta anaitasunarena, Europan eta mundo osoan, jarraitu behar dugu entzuten. Esan bezala, obra sakona eta melodiotsua entzun genuen. Halere, alderdi artistikoan ez zen bereziki distiratsua atera. Une larrienak José Bros tenoreak pasatu zituen, Oronto-ren rolean. Iragarri zuten emanaldiaren aurretik eztarriko arazoren bat zuela, eta, beraz, aktuazioa ez zen izango guztiz biribila. Baina zoritxarrez interpretazio penagarria eskaini zuen. Hobe beste abeslari bat bilatzea halako baldintzetan kantatzea baino. La mia letizia infondere aria ederra, adibidez, txikituta geratu zen.
Roberto Tagliavinik, Pagano-ren paperean, taxuzko interpretazioa egin zuen, nahiz eta gripeak jota egon. Ez zitzaion gehiegi nabaritu, eta bere ahots sakona luzitu zuen. Sergio Escobar tenoreak Arvino konbentzigarria egin zuen, eta Jessica Stavrosek, Viclinda-ren rolean, ongi proiektatu zuen ahotsa. Halere, adierazkortasuna falta zitzaion.
Hori bai, Giselda eder eta eraginkorra entzun genuen. Ekaterina Metlova soprano errusiarrak rol protagonista interpretatu zuen adorez, eta ahots seguru eta tinbre ederrekoa erakutsiz. Lehenengo ekitaldiko Salve Maria zoragarria iritsi zitzaigun. Emanaldiaren erregina bihurtu zen, zalantzarik gabe.
Eszenaratze egokia eskaini zuten, nahiz eta modu nahasian aurkeztu pasarte desberdinak. Izan ere, une batzuetan konplikatua izan zen argumentua jarraitzen.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatza, Riccardo Frizzaren eskutik, puntu-puntuan.