Gaur egungo "ars amandi"-a: txortan egitea, alegia

Lagun batek esan dit hobe dudala beste zerbaiten inguruan hausnartzea. Hobe dudala originala izan eta behingoagatik gauza politen inguruan idaztea. Akaso arrazoi du lagunak. Zinez diot saiatu naizela gomendioari jarraitzen; ezin, ordea, tentazioari eutsi. Sentitzen dut, beraz, baina barruko amorrua askatzeko baino ez bada ere, orain hilabete batzuk kontsultan gertatutakoa kontatu beste erremediorik ez dut.

Mahaiaren beste aldean topatu nuen hamasei urteko neska urduritasuna azazkalak janez uxatu nahian. Ea zergatik zetorren galdetu eta ia arnasik hartu gabe bota zuen dena segidan: “Mutil-lagunarekin txortan egiten saiatu naiz behin baino gehiagotan, baina ez zait sartzen. Mutilak ja, ja egin nahi duela esan dit eta nik ez dakit zergatik ezin dudan. Jakin nahi dut dena normala dudan edo”. Ezin asmatu nondik hasi. Ezin asmatu parean nituen esku urdurien eskaria irudi bezain agerikoa zen edo ez ote zen sexu-harreman koitalak izateko ezarpen sozialaren adibide; norbere gorputzaren normaltasuna zalantzan jartzerainoko zamaren adibide.

Sutu egiten naiz, segituan. Sutu egiten naiz koba ilun miragarri batez gain, emakumeok harreman afektibo-sexualetan plazer iturri den beste ezer ez dugula hitz-erdika esaten den bakoitzean. Edo sexua ezinbestean beste batek ase beharreko premia den aitzakian edonolako gehiegikeriak justifikatzen direnean. Sutu egiten naiz harreman heterosexualen arrakasta gizonaren eiakulazioari erreparatuta neurtzen den bakoitzean. Edo arrakasta eza bikotearen trakeskeriari egozten zaionean.

Benetan kezkagarria da harreman heterosexual asegarria koitoaren pareko dela sinestea. Beharbada Freud-engana joan beharko genuke kontu eske; berak esan baitzuen klitoriaren estimulazio bidez lortzen den orgasmoa heldugabea dela baginaren estimulazio bidez lortzen denaren pare (lortzen bada, behintzat). Eta hala, zentzugabeko dikotomia faltsu horretan, klitoria haur-jolasetako garaiari lotutako bigarren mailako organo gisa bazterrarazi dute zenbaitek. Horregatik egin behar dugu larrutan, pelikuletan bezala, ahal bezain pronto; heldutasunaren ikurrina lagunei harro-harro erakusteko.

Beldur naiz ustezko sexu esplizituaren mende honetan zentsura gehiegi ez ote dagoen inplizitu. Nire irudipena izango da, agian, ez dakit; baina, batzuetan, haragi biluzia erakustearen babesean egiazkotasuna ezkutuan geratzen den susmoa dut.

Eskerrak, hala ere, baden gehiegi sutzen naizenean gogora ekartzen dudan lankide baten kontakizuna; hirurogeita hamar urte pasatxo zituen bikote bati harreman sexualik ote zuten galdetu eta bataren ezezkoari besteak hauxe erantzun zionekoa: “Harremanik ez dugula? Ez al dizkiogu ba elkarri mimoak ematen?”.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude