Herbizidei gerra biologikoa


2018ko otsailaren 04an
Ziza hankaurdina edo oinurdina (Clitocybe nuda). 
Onddo honek pestizidak eta herbizidak 
degradatzen ditu.
Ziza hankaurdina edo oinurdina (Clitocybe nuda). Onddo honek pestizidak eta herbizidak degradatzen ditu.

Plastikoak jaten dituen har baten berri eman dit lagun batek. Eta ez dut gustuko gaia. Egundaino bezala. Aitzakia ederra ematen zaie plastikoa gehiago egin nahi dutenei. Ez da alternatibak sortzen indarrik jartzen, segi plastikoari aurrerabidea ematen!

Antzeko beste gai bat dakarzut gaur: onddo batena. Euskal Herrian ezaguna dugun onddo batena. Ziza hankaurdina edo oinurdina deitzen dena, Clitocybe nuda. Zenbaitek beste izen batzuk ere erabiltzen dituzte: Lepista nuda, Rhodopaxilus nudus, Tricholoma personatum var. nudum eta abar, baina ez noa mikologoen sagardotegian sartzera...

Ziza hankaurdina perretxiko jangarria da. Udaberrian koniferoen sailetan hazten da gehienetan, baina baita hostozabalenetan eta bien inguruko belazeetan. Ingalaterran, Frantzian eta Herbehereetan ekoitzi egiten dute, baina agidanean ez da basatia bezain gustagarrizkoa.

Gustukoa edo ez, ziza honek lurreko materia organikoa desegin eta jaten du. Lan hori entzima batzuekin egiten du: lakasak. Bazkaz gain entzima horiek ikaragarrizko gaitasun berezia ematen diote perretxikoari: agronomia ustez aurreratuenak, hau da, kimikoenak eta kutsatzaileenak sortu dituen gaizkile kriminal txarrenetako batzuk andeatzen ditu, degradatu. Jeneral militar bat kaporal ziztrin bat bihurtzea bezala. Zizak, entzimen medioz, pestizidak, herbizidak eta koloreztatzaile sintetikoak andeatzen ditu. Bereziki munduan gehien erabiltzen den herbizida, glifosatoa, eta ehungintzan erabiltzen diren koloreztatzaileak. Koloreztatzaile horiek ikaragarrizko kaltea sortzen dute ingurumenean; eta glifosatoaz zer esango dizut... Beste perretxiko batzuk ere –adibidez larruki koloreanitzak (Trametes versicolor) eta belarri landuak (Pleurotus ostreatus)– antzeko lana egiteko gai ote diren ikertzen ari dira.

Erein dezagun ziza hankaurdina gure baratzeen eta soroen inguruetan. Lurra garbituko digute, eta guri bazka eman. Baina nekazaritza kapitalista egiten dutenentzako koplarik gabe, aurrera jarraitzeko ez diezaiela aitzakiarik eman.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Perretxiko
Eguneraketa berriak daude