Mundua musika bilakatu zen

Andrea Zubozki
2016ko martxoaren 13a

Lagunek erran dautate; «ze?! haier buruz eginen dun kronika?! burges-orkestratxarra-kulturaherrikoisuntsitzaile-ñoños16…. »

– Bai !

– Goazen !

Lehendabizi, sorpresa! Kursaalen ez nintzen sekulan sartu, eta alimaleko gela da! Ene lekua gain gainean nuen, oholtzatik urrunena (merkeena, 7 euro). Lehen aldia zen horrelako musika zuzenean entzuterat etortzen nintzela.

Eszena gainean, ehunka aulki huts, birtuoso ipurdi mazelen zain. Eta etorri dira, birtuosoak; 4 Kontrabaxu, 6 biolontxelo, 8 altu, 20 biolin (9 bigarren, 10 lehen, eta solista bat), 12 aerofono (zehar flauta, oboe, tronboi, adar…) eta 2 perkusio jole (2 metroko bonbo batekin!). Orkestra zuzendaria sartu da, azkenean, argiak itzali, eta hasi dira musikariak!

Mekauendios! Ez ziren 30 segundo pasa, malkoak begietan nituela. Orkestrak, akustikoan jotzen du. Mikrofonorik ez. Nahiz eta haietarik 60 bat metrotarat izan, soinuaren inpaktua zuzenki biltzen nuen. Aitzinean zirenek, xehetasun guziak sumatu behar zituzten, belarria kilikatzen dauzkizuten pizzicato ttipienetatik, bonboaren ferekatzeak askatzen dituen infra baxuek tripa hartu arte.

Lehen zatiak 10 bat minutu iraun ditu. Txalo. Ondotik etorri da Ingrid Fliter pianista. Harekin beste 30 minutuz segitu dute. Pianista ikaragarria. Lehen zatian nahiko «largo» bazen giroa, hor nuentzien unibertsoan sartu gira. Jautsi, galdu, norabide berri bat, ahantzi, berriz etorri, igo, igo, igo, BUUM! Timbal-bonbo-gong koktelak nire aulkiaren zokorat bidaltzen ninduen. Aspaldian ez ninduen zerbaitek (norbaitek) horrela hartu! Harrigarria.
    Pausa bat 10 minutukoa. Berriz etortzen dira musikariak baina zenbaki bikoitzean! Hasieran 55 baziren, orain 110 bat pasa!
    Kasik ordu batez segitu daukute, eta berriz ere harrigarria. Ikuskizun bat, hainbat esku, beso, ber momentuan mugitzen, ber jestuen errepikatzen.
    Hunkigarria, barne korapiloraino.
    Orkestra zuzendariak, bere tropak musika sakonaren gerlarat bidaltzen zituen. Pirata kapitain bat, bere itsasontzi gainean, odei hertza suntsitu nahian; «urrikirik ez! eutsi! eman eman! Oraindik gehiago!». Apokalipsiaren zaldunen jeneralak, adar puska batekin zuzentzen zuen mundua.
    Gau horretan beste mundu batetara ihes egin bainuen, 1.30’diz.
    Kontzertuetan, musikaren mundurat iritsi nahi dugu gehienetan; gau horretan, mundua musika bilakatu zen.
    Irakurle oroer, eta nire laguner gomendatzen dutan esperientzia bat! n

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude