Igebelar nano bat

Kew Gardenseko igebelarra (Nymphaea thermarum).
Kew Gardenseko igebelarra (Nymphaea thermarum).Deror Avi - CC BY SA

Kaixo, Richmond upon Thamesetik idazten dizut. Urteak daramatzat bertan polizia lanetan. Londres Handiaren barrutiko hiri bat da hau, eta kanpotar asko erakartzen dituen gauza ugari badugu ere, ezagutzeko moduko pare bat erakutsi nahi dizut: Kneller Hall musika eskola, britainiar armadarentzat baizik ez den eskola aparta –gure semea bertan ari da soldadu, gaitajole onena izateko trebatzen–, eta Kew Gardens errege baratze botaniko ikusgarria. Beste ziento bat parke eta lore baratze badira gure hirian, baina Kewko hau da ospetsuena, mundu osoan ezaguna. UNESCOk gizateriaren ondare izendatutako 360 goldeko saila da eta, zaintzaile eta ikerlari, 700 lagunek baino gehiagok lan egiten dute bertan. Mundu osoko milaka eta milaka landare espezie jagoten dituzte bertan: jaso, erein, zaindu, ugaldu... Laborategiak, hazi bildumak, herbarioak, liburutegiak, kontinente guztietako bateko eta besteko mikroklima ugariren antzerakoak dituzten berotegiak eta negutegiak... edozein botanikariren inbidia dira bertan ari direnak. Mundu guztiko espezie arraroenak ekartzen saiatzen dira, espezieak jasotzeko eta ikertzeko. Bertako bilduma ikusgarria da, eta etengabe haziz doa. Adibidez, bertako herbarioko orrietan sikatuta daude ia zazpi milioi landareren laginak... Horietako multzo zabalena tropikoetatik dator. Tartean baita Ruandan sortutakoak ere; gure semea bertara turista joatearen zalea da.  

Herbarioak sikatu eta fosilizatutako ale batzuk bai, baina baita bizirik daudenak ere. Nymphaea thermarum igebelarra da horietako bat. Igebelar hori nanoa da, hostoak zentimetro bete eskasekoak ditu. Eberhard Fischer botanikari alemanak aurkitu zuen 1987an, Ruandako hego-mendebaldeko Mashyuzan. Fischerrek Bonneko baratze botanikora eraman zuen; truke bat medio Alemaniatik gure Kew dotorera ekarri zuten 2009an. Orain 30 bat ale daude bertan. 

Gaur egun, Mashyuzako gune hezeak abailan lehortzen ari dira, turistentzat antolatu beharreko zerbitzuak medio. Eta igebelar nanoa desagertu egin da. Kew Gardenseko arduradunak beren esku dute Ruandako aberastasuna osatzea, libra esterlina milioi batzuk gora behera. Baina negozioa kolokan ikusi dute. Kew Gardensen igebelar ale bat desagertu egin omen da, lapurtu egin zuten duela bi urte urtarrilaren 9an, goizeko 8:30 eta arratsaldeko 14:55 artean. Lapurreta argitzeko inolako arrastorik duenak dei beza gure polizia-etxera: 44. 2087215934.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizikorrak
2009-10-25 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka: kanaberak

Kaixo Jakoba. Badakit gai hau irratian aspaldi ez dela aipatu duzula, baina ez dut gogoratzen nola kendu behar ditugun kanaberak. Guk moztu egin ditugu, baino horrela akabatzen al dira? Eskerrik asko. Josune Etxeberria (Zaldibia).

Kaixo Josune. Kanabera kentzea ez da erraza... [+]


Eguneraketa berriak daude