Ingeles B ereduak zer eman dezakeen badakigu

NAFARROAKO gizartean azken hilabeteetan ika-mika handia piztu da Ingelesa Ikasteko Programa (IIP) eta Hezkuntza Sailak iragarritako enplegu eskaintza publikoaren inguruan. Uxue Barkosen gobernuak izan duen aurkako lehen kale mobilizazio esanguratsua ingelesaren karietara izan da: British-IIP programak dituzten eskoletako guraso elkarteek deituta milaka pertsona elkartu ziren iragan larunbatean Iruñean, udaltzaingoaren arabera 3.200. Ikasturte hasieran Nafarroako Gobernuak erabaki zuen IIPren zabalkundea geldiaraztea azterketa bat egin eta bere emaitzak ongi ikusi arte. Jose Luis Mendoza sailburuak argi esan zuen eredu hauek D eredua kaltetzeko abiarazi zirela.

Lehenagotik gutxi batzuk baziren ere, 2000ko hamarkadaren erdialdean hasi ziren ugaritzen inglesezko hezkuntza programa hauek, British, HTB (Hizkuntzen Trataera Bateratua, TIL erdaraz) edo geroago IIPrekin. Kasualitate gutxi da hemen, D ereduak gorakada handienak izandako garaietan egin ziren, sare publikoan matrikulazioak %27-28raino igo zuenean. IIPen gorakadarik handienak 2013-14 eta 2014-15ean eman ziren, hurrenez hurren 20 eta 30 zentrora hedatuz. Gaur egun sare publikoaren A eta G ereduko zentruen %80k eskaintzen du programa. D ereduko hiru zentrutan bakarrik hedatu da, hori ere oso esanguratsua.

Nafarroako Gobernuak programa boluntario gisa saldu ohi du, eskolak eskatu eta Gobernuak eskaini. Errealitea, baina, oso bestelakoa da eta zentru asko behartuak izan dira programarekin hastera, horien artean, esate batera, Sartaguda, Sesma edo Falcesko eskolak. 2013an Eilas sindikatuak ere salatu zuen IIP inposatzen ari zela eskola gehienetan.

Eskuarki, eta eskaintza zabalagoa edo murritzagoa izan badaiteke ere, ingelesa eta gaztelania %40-60an banatzen da ikasgaietan. Hau da, B ereduaren gisako bat da, jadanik ia desagertua dagoen eredua, urte luzetan oso emaitza eskasak eman zituelako bai euskararen gaitasunean bai konpetentzietan. Hau da, ondo baino hobeto dakigu hori eredu txarra dela, baina ingelesaren zerua salduz programa hori finkatu da sarearen zati handi batean. Prestigioa, mundua, lana... horiek dira amuak. Baina zer dago egiazki amuon atzean? Kea batez ere.
    
JUAN CARLOS  MORENO CABRERA: “Denok gure seme-alabak multinazionaletako goi-mailako exekutiboak izateko hezten ari al gara bada?”. Ingelesaren eskaintza dela eta, aurtengo martxoan ARGIAn hizkuntzalari madrildarrak esandakoa da. Ingelesa ongi ikasi behar dela ez dago zalantzarik hezkuntza komunitatean, kontua da “ongi” zer den adostea. Mitorik garrantzitsuena da ingelesa ia lanaren pareko dela. Beharko da atzerritarrekiko harremanak eskatzen dituzten lanpostuetan, baina horiek gutxienak dira Nafarroan. Azken bi hamarkadetan, Nafarroan lana bilatzeko askoz garrantzitsuagoa izan da euskara jakitea ingelesa baino. Euskaldunon garaipen handietako bat da hori gaur egun. Eta hori da, funtsean, euskara Nafarroako hizkuntza delako, milaka familiak erabaki dutelako edo euskaraz bizi nahi dutela, edo haien seme-alabentzat euskara nahi dutela, bai bertakoa delako, bai lanerako lagun diezaiekeelako.

D eredua hautatzen dute horretarako, murgiltze eredua delako hizkuntza batean bizitzeko gutxieneko gaitasuna eskaintzen duen bakarra. Hala ere ez da nahiko euskaraz bizitzeko, hezkuntza gizarteko alor bat besterik ez delako. Klabea, azken finean, zera da: zertarako balio behar die ingeles elebitasunak ikasleei ikasketak amaitzean? Gauza askorako, zalantzarik gabe, baina hizkuntza horretan bizitzeko ez bederen. Euskaldunok nahiko esperientzia pilatu dugu jakiteko zein elebitasun maila eskaini dezakeen B ereduaren gisako batek.

Egia esan, esanguratsua da British eredua eta PAI zentruen guraso elkarteen federazioa den Britilaren webgunera jotzea haiek elebitasuna nola ulertzen duten jabetzeko: dena gazteleraz da, ez du inongo aukerarik ezer ingelesez irakurtzeko. Hori bai,  haien helburuetakoa da “sustatzea eta antolatzea kultur aktibitateak ingelesez”.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude