Gai hauetan ohituta ez gaudenontzat, zail suertatzen zaigu ulertzea norainoko garrantzia duen lege honek. Baina labur esanda, pisu –eskuduntza– gehiago emango zaie udalei eta euren ordezkariei –egun Eudel– bere esparrukoak diren gaiak antolatzeko eta kudeatzeko orduan. Eta udal aginpide edo eskumen horien barruan, euskararen normalizazioari dagokiona.
Ez dut uste, alabaina, zeregin horietan jarduten dugunok aldaketarik nabarituko dugunik, baina egia da kanpoko erasoetatik –azken boladan bortitzak– babesteko lege berri hau bezalako teilatu sendo bat behar genuela aspalditik, orain arteko euritako ahul, higatu eta itoginez betea ordezteko. 35 urte luze behar izan dugu genuena beste modu apainduago batez aurkezteko: EAEn euskara hizkuntza ofiziala dugula, berezkoa, eta euskararen erabilera normala eta orokorra izango dela toki-erakundeen zereginetan eta, gainera, euskara toki-erakundeen jardueretan zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango dela. Et voilà...
Udalei eskuduntzen pisu nagusia uzteak babesa bermatuko lioke euskarari, egunen batean Eusko Legebiltzarra euskararen kontrako indar politikoz beteko balitz. Aitzitik, zereginen atomizazioak perspektiba estrategikoa ukatzen dio garapen nazional orokorrari. Ni zentralizatzearen eta ez sakabanatzearen aldekoa naiz, batez ere hizkuntza normalizazioa bezalako gaietan, goitik beherako planteamenduarekin, bai, munduan diren beste komunitate eleaniztunetan arrakasta handiz egin bezalaxe.
Denborak argituko digu orain ikusi ezin dezakegun etorkizuna. Bitartean, nola ez, bide on asmo onez egindako lege berriari.
Felix Mugurutza Montalbán, Laudioko Udaleko euskara teknikaria