ARGIA.eus

2020ko urriaren 01a

Zuraidetik Txinara

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2014ko azaroaren 02a
'Duhaldea' generoko ale bat.

Jean Baptiste Duhalde Xilhar Zuraiden jaio zen, 1854ko ekainean, eta handik hirurogeita hamalaugarren ekainean hil zen, Ezpeletan. Pilotaria zen. Eta ez nolanahikoa. Ekainean hil, eta abuztuan, Ezpeletako plazan, haren irudia brontzez azaltzen duen eskultura landatu zuten, Pablo Tillacek egina. Nazioartean ere ezaguna zen, Buenos Aires aldean galdetu! Haren joko finak makina bat hamaiketakotako berriketaldiak osatu zituen. Joko garbian eta errebotean aritzen zen. Joko garbi motxean agian ez, baina errebotean haren pilotak ezagutuko zituen, bai, plazetako platanoak (Platanus x hispanica).

Jean Baptiste Duhalde Azkainen jaio zen, 1674ko otsailaren lehenean, eta Paris handian hil, 1743ko abuztuaren hemezortzian. Jesuita zen. Lau liburukiz osatutako liburu sonatu bat idatzi zuen 1735ean, Description de la Chine et de la Tartarie chinoise. Sekula izan gabea zen Txinan, baina lagundiaren aldizkari baten arduraduna izanik, hango jesulagunek bidaltzen zuten informazioa bere eskuetatik igarotzen zen. Ikaragarrizko hautsak harrotu zituen liburuak, eta Txinarekiko grina puztu zuen. Voltairek, 1751n idatzi zuen Luis XIV.a erregearen mendeko idazleen katalogoan, honela loriatu zuen: “Paristik bertatik, txinatarrak ezagutu ere egin gabe, bere lagunen idazkietatik abiatuta munduan eman den Txinaren deskribapen zabalena eta onena idatzi du”. Hainbesterainoko fama hartu zuen, ze paristarrek han jaioa dela baitiote. Jean Elizalde Zerbitzari euskaltzainak, 1928-1957 artean idatzitako Azkaine gure sorterria zorionekoan, Jean Baptiste Uhaldeko semea zela dakar, baina, inondik ere, Txinan sekula izan ez zelako jokoaren berririk gabe, honela idatzi zuen: “Uhaldeko seme zen Duhalde handia, Xinan arimaketan karrat ibilia. Aipamena utzi du mende orotako...”. Jean Baptiste hau hil eta mende betera, artean, bere sona ur gaineko bitsetan zebilen. 1836an Augustin Pyrame de Candolle botanikari handiak Txinan topatutako landare ezezagun bati Duhaldea chinensis izena jarri zion, haren oroigarri. Harrezkero, Asia aldeko landare genero oso batek Duhaldea izen euskalduna du.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Bestelakoak

Bestelakoak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko azaroaren 02a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude