Osteoporosiaren mitoa

  • Gillian Sanson emakumeen osasun hezitzailea da. Zeelanda Berriko Aucklanden bizi da eta bertako Familia Planifikaziorako Elkartean aritua da lanean. The Osteoporosis ‘Epidemic’: Well Women and the Marketing of Fear (Osteoporosi ‘epidemia’: Emakumeen ongizatea eta beldurraren marketina) eta The Myth of Osteoporosis liburuek egin dute ezaguna munduan. Hemen itzuli dugu Emakumeen Osasunerako Kanadako Sarearen agerkarian Sansonek plazaratutako artikulu laburraren muina.


2014ko urriaren 26an

Milioika pertsona sano bultzatzen dituzte osteoporosia txekeatzera eta hori ekiditeko medikazioa hartzera hezurren hausturen estatistika kezkagarriek, publizitate erasokorrak eta mediku burutsuek. Esaten zaigu testak egokiak direla eta eskaintzen dizkiguten botikak seguruak eta eraginkorrak, baina begiratu kritikoago bat eman behar diegu.

Estatistikek harridura sortzen dute, dudarik gabe. Kanadako Osteoporosi Elkarteak dio 50 urteko emakumeen laurdenak (%25) eta zortzi gizonetik batek osteoporosia daukatela. AEBetako Osteoporosi Fundazioak dio 50 urtez gorako hango herritarren erdiak eduki duela osteoporosiarekin zerikusia duen hausturaren bat, eta gutxienik 34 milioi pertsonak daukatela osteoporosiaren aurrekaria den osteopenia (hezurraren dentsitate ahula) eta aldaka hausten zaienen %20 ondorengo urte betean  hiltzen dela. Hala ere, aurreko datuekin kontraesanean, Mayo klinikak dio menopausia gainditutako emakumeen %21ek daukala osteoporosia eta %16k sufritzen duela hausturaren bat.

Hezurren dentsitate ahularen maila 1994an zehaztu zen arte, osteoporosia ez zen batere arrunta, jende oso zaharren hezur ahulei eragiten zien gaixotasunari deitzen zitzaion. Adinarekin denok galtzen dugu hezurren dentsitatea, baina  oraingo definizio berriak ez du hori kontuan hartzen. Emakume gazte baten hezurrak hartzen ditu erreferentziazko estandartzat eta horrek ezinezko bihurtzen du adineko inork edukitzea diagnostiko normal bat. Txekeoak arrisku faktore baizik ez dena gaixotasun bihurtzen du, baina ez du ezer argitzen hezurren ahultasunarekin zerikusia duten gogortasun, arkitektura, antolaketa, neurri edo itxuraren gainean.

Nahiz eta Kanada, AEB, Suedia, Australia eta Erresuma Batuko erakunde akademikoek beren ikerlanetan esan densitometriek ez dutela egoki identifikatzen zein pertsonak jasango duen hezurren haustura, nagusi izaten segitzen du osteoporosiaren definizio berriak. Nabarmentzekoa da Leedseko unibertsitateak egindako ikerlan batek erakutsi duela hezur dentsitate handiena daukaten jendeek jasan dituztela haustura guztien %63! Hezur guztiak hautsi daitezke behartuz gero. Dentsitate handiago edo txikiagoa edukitzeak hain dauka garrantzia txikia ezen eta ez duen merezi neurtzea ere.

80 urtez azpiko jende gehienak sintomarik ez daukanez ez da ohartu ere egiten osteoporosia duenik. 50-79 urte arteko emakumeen %12k jasaten dute bizkarrezurraren konpresioa (ornoen haustura) baina gehienak ez dira ohartu ere egiten gaiaz. Portzentaje txikia da sintomak dauzkana eta gehienak jartzen dira ondo. Kalifornian osteoporosi aditua den Bruce Ettinger doktoreak dioen moduan, “mina eta ez-gaitasuna eragiten dituen osteoporosia gaixotasun oso arraroa da”.

Zaharrenei gertatzen zaien aldakako haustura ez du eragiten hezurren dentsitate ahulak, baizik etxeko arrisku txikiek, mugitu ezinak, dementziak, kortiko-esteroideak bezalako botikek, botika asko batera hartzeak, D bitamina eskasiak edo hipertiroidismoa, Crohn edo zeliakoena bezalako eritasunek. Bestela esanda, zenbat eta zaharragoa izan pertsona, edo zenbat eta okerrago egon, orduan eta erori eta hezurren bat hausteko arrisku handiagoa.

Telebistako iragarkiek, aldizkarietako artikuluek eta medikuen kontsultetako atarietako papertxoek esajeratu egiten dute osteoporosiak gure bizitzetan daukan garrantzia. Adituak ere ados daude horretan.

1994an eman zioten definizio berriarekin abiatu zen “osteoporosia saihesteko” trailer erraldoia, bere baitan daramatzana farmaziako, hezurren dentsitatea txekeatzeko, esnekien eta kaltzioaren industriak. Osteoporosia “prebenitzen” omen duten botika batzuk, bereziki bifosfonatoak, Fosamax eta Actonel, hamarkada batez eskuragai egon dira eta gero eta famatuagoak ere izan dira hamarkada luzez menopausiarentzako gomendatu izan diren hormonen terapiaren gainbeheragatik. Baina egoki testeatu ote dituzte botika berriok beren segurtasunari eta eraginkortasunari dagokionez?

Bifosfonatoen salmentak sekula ikusi gabeko kopuruetaraino handitu dira mundu osoan. Fosamaxen salmentak igo dira 2000. urteko 1.000 milioi dolarretatik 2.700 milioietara 2003an. Bitartean, oraindik ez ditugu osoki ulertzen bifosfonatoen eraginen mekanismoak, eta aditu askok ohartarazten dute kontuz ibiltzeko horiek errezetatzen, hobeto ezagutu beharra dagoela epe luzean botikok zer eragin daukaten hezurren zaharberritzea geldiarazi edo eragozten. Izan ere, botikarekin hezurra bilakatu daitekeen arren dentsoagoa edo mineral gehiagoren jabe, kezka dago hezur hori berreraikitzen ez bada hauskorrago bihurtuko dela eta haustura txikietarako joera gehiago eduki. Animaliekin egindako ikerketetan ikusi da hori horrela gertatzen dela. Bifosfonatoek epe luzeko eragina dute eta ezaguna da gorputzean jarraitzen dutela 10 urte baino gehiagoz, onerako bezala txarrerako eraginez. Ez da etikoa botika hau erabiltzea haurdun dauden emakumeetan edo bifosfonatoa artean beren hezurretan dukatenean haurdun egon daitezkeenengan.

Bifosfonatoek eduki ditzakete alboko kalte oso serioak digestio dira aparatuan eta hartzeko gogaikarriak. Hori guztiagatik, eskaintzen duten etekina hutsaren hurrengoa da edo oso txikia. Fosamaxek aldakako hausturak %1ean murriztu ditzake (eta hau ere eztabaidagai dago). Horrek esan nahi du arriskua daukaten 80 emakume tratatu behar dela hiru urtez haietako bakar batek aldaka haustea prebenitzeko, gainerako 79k ez dute inolako onurarik eskuratuko. Uste da hezur dentsitate ahula duten 50 urteko ehunka emakumek hartu behar dutela tratamendua hiru urtez talde horietako bakoitzean aldakatako haustura bat ekiditeko.

Berrikitan ikerlan batek bifosfonatoen terapiaren konplikazio berri bat erakutsi du: dentistek aurkitu dituzte osteonekrosiak (hezur hila) hori hartutakoen masailezurretan. Eta osteoporosian aditu garrantzitsua den Ego Seemanek ohartarazi du: “Oraindik erantzun gabe daukagu ondoko galdera: epe luzean hezurrak hausteko arriskuak gutxitu ala handitu egiten dituzte botika horiek?”.

Kalkulatu gabeko arriskuak ere azaldu daitezke botika onartu ostean, hala erakutsi dute lehenago hormonazko terapiari lotutako arrisku serioek.

Garaiotan osteoporosia ez da “emakumeen gaixotasuna” izendatzen. Baina sukar bat bezala dabil sekula gaixotasunik eduki ez duten hainbeste gizon eta emakume osasuntsuri hezurren dentsitate ahulari soluzio mediku garesti eta arriskutsuak eskaintzeko; honekin begien aurretik apartatzen ditugu arazo benetan larriak: zaharren erorikoak saihestea eta benetan gaixo daudenak diagnostikatzea.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude