Barne bidaia hunkigarri bat

  • Arnasten ikasteko berriz

    Napoka Iria

    Bonberenea Ekintzak, 2013

Miren Narbaizak eta Ander Mujikak berriz ere arnasten ikasi dute. Birikak aire garbiz bete dituzte beren bigarren lan luzearen bidez, modu natural batean, harrokeriarik edo gehiegizko handinahirik gabe. Aurreko arropak kendu dituzte, biluztu egin dira, eta berriz ere jantzi dira.

Arnasten ikasteko berriz diskoa 2013. urtearen amaieran kaleratu zuten, aurreko lan luzea (Lehertarazi edifizioak) Bergarako Zabalotegi aretoan jendaurrean grabatu zutenetik ia hiru urte pasatu direnean. Bi diskoak Napoka Iriarenak dira erabat, Napoka Iriaren doinua bietan argi eta garbi antzematen baita: Mirenen ahots ederra eta bere kantatzeko nahiz gitarra akustikoa jotzeko modua, eta Anderren gitarra elektrikoa, bere pedalak eta gainerako tresnak erabiltzeko modu berezi eta pertsonala.

Dena den, disko batetik bestera hainbat aldaketa sumatzen ahal dira. Alde batetik, ahotsaren melodiak aurreko diskoan baino interbalo txikiagotan entzuten dira; bestetik, lehen kantuetako puntu jakin batzuetara biltzen zen tentsioa sakabanatuagoa dago; moldaketak oro har atmosferikoagoak dira, eta une iradokitzaileak, eta baita misteriotsuak ere, transmititzen dituzte.

Azken batean, lehen baino gehiago adierazten dute gutxiagorekin, eta diskoko azkenaurreko piezaren izenburuak dioen bezala, erantziz jantzi dira. Giro intimoa, hunkigarria da nagusi Arnasten ikasteko berriz diskoan. Melodia ederrak entzun daitezke, xehetasunez eta ñabardurez ederki jantziak, soberan egon daitezkeen batere apaingarririk gabe.

Diskoa leun hasten da, Etxeorratz (“Behetik ikusten zaitugunok etengabe hondoratzen gara zure oinetan”) eta Ibiltzeko gertu (“Kemenez bete nituen arimaren ubeldurak, ahanzturan galdutako gorputz gogoaren deiak”) kantuen bidez. Izotzetan erre hirugarren kantuan (“Beldurrez izotzetan daukazu beratzen bihotza min hartzeko beldurrez ibiltzen baitzara”) gitarra elektrikoaren atzamarkada batek sosegua apur bat puskatzen du, eta hortik aurrera beste hainbat sentipen eta sentsazio transmititzen hasiko zaizkigu kantuak, beste zenbait ñabarduraren eta ukituren bidez.

Nik ere kantuko (“Urrutitik begiratzeko beharrak zabaldu dizkit begiak, nigana biltzeko beharraz berreskuratu bizi nahia”) giro bereziak harrapatu egin gaitu, eta Disonantziak kantuko (“Koloreztatuko nuke nik nahi ditudan margoez behin gau batez amestutakoa”) bateriaren erritmoak eta amaierako gitarra elektrikoaren marrazkiek beste norabait eramaten gaituzte.

Kontra kantuan (“Ez zaitzala ez, izuak kontrola, amarru hontatik aterako zara”) gitarra elektrikoa eta ahotsa indartu egiten dira eta ozenago entzuten dira, eta Erantziz jantzi kantuan (“Badakit, harremanen laberintoan galduta gabiltz, erabakiz, zeinengana hurbildu edo urruti ibili”) elkarrizketa bat antzeman dugu, zarata nahiz hotsen eta arpegio akustikoaren artean, eta Mirenen ahotsak etsipen edo ernegazio puntu bat adierazten du.

Azkenik, Distantziatik kantuak (“Baso bihotzean ortozik nabil, errakastoetan oin biak bustirik, ugertuta azala arnastu ezinik urruntzera noa… has nadin hutsetik”) diskoari amaiera bikaina ematen dio, tronpetaren eta harmoniumaren soinuaz baliatuta.
Grabazioa, ekoizpena, aurkezpena eta diseinu lanak ganoraz eginak daude, ederki. Diskoa erraz entzuten da, berehala, ordu erdi pasatxo besterik ez baitu irauten. Mirenek gitarra akustikoa jo eta kantatzeaz gain, argazkiak egin ditu; eta Anderrek gitarra elektrikoa, lap steel-a, fagota jo ditu, eta koroak egiteaz gainera, diseinu lanez ere arduratu da. Diskoan parte hartu duten gainerakoak hauek dira: Felix Buff (perkusioa), Iban Urizar (tronpeta eta harmoniuma), Ibai Gogortza (gitarra, kontrabaxua eta ekoizpena), Iñigo Irazoki (grabazioa eta nahasketak), Jonan Ordorika (masterizazioa) eta Josu Torrealday (argazkiak).

Mirenek eta Anderrek duela zortzi urte sortu zuten Napoka Iria. Tarte horretan bizi izandako esperientzien eta gertaeren ispilua da lan berria. Bihotza ukitu digun barne bidaia bat osatu dute. Kantu bakoitzak eremu, edo hobe esanda, giro batera eramaten gaitu, eta gogoetan hasi gara, oroitzen, edo besterik gabe, sentitzen.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude