Dantza egizu neretzat

Arriaga antzokiko eszenatokian hartu naute Damian Muñozek eta Virginia Garciak, Best of you azken lanaren entseguetan ari direla. Clara Peya musikari gaztea, konpainiak fitxatu berria, Steinway koladun piano beltzean jarrita dago. Musikari kataluniarrak konposatu du lan berrirako musika, eta pianoz zuzenean laguntzen ditu Garcia eta Muñozen mugimenduak. Eszenatokitik begiratuta, antzokiko butaka patioak jatetxe txinatarra dirudi, argitxo gorriz josita.

Dantzari gasteiztarrok 1996an sortu zuten La Intrusa dantza garaikide konpainia, eta ordutik hainbat antzezlan taularatu dituzte, artean Ataraxia, Tres tristes Streaptess, Delta Victor eta Manso Rojo. Katalunian eta Italian bizi dira halere, euren lana Euskal Herrian garatzeko ezintasunagatik. Dena den, lan berri bat sortzen duten bakoitzean itzuli egiten dira, “Euskal Herrian gutxitan programatzen gaituzten arren”, Garciak dioenez. Mexikon eta AEBetan barrena bira egin dute oraintsu, eta hurrengo urterako ez zaie hitzordurik falta, Katalunian eta Mexikoko hainbat jaialditan erakutsiko baitute azken obra.

Azaro bukaeran aurkeztu zuten Best of You, Bilbon, Arriaga antzokiaren ekimenez antolatzen den Gelatxoa programan. Abenduaren 28an izango da antzezlana ikusteko hurrengo parada, Gasteizen, Baratza aretoan.Gelatxoa programak badu berezitasunik: formatu txikiko ikuskizunak izaten direnez, antzokiko eszenatokia publikoarekin partekatzen da. Kasu honetan, eserlekutik metro eskasetara gozatu genuen dantzarien mugimenduez eta zuzeneko musikaz. Banaka, binaka eta hirunaka aritu ziren dantzan, Clara Peya musikari gazteak, pianoan duen abilezia erakusteaz gain, dantza pauso batzuk ere eskaini zituen, eta Damian Muñoz dantzariak ere jo zuen une batez pianoa –Peyak emandako eskolak hartuko zituen seguruen–.

Virginia Garcia gogotsu murgildu zen, kemena eta hauskortasuna hein berean erakutsiz. Indar handiko dantzaria bada ere, oin puntetan ibiltzen da, etereoa du dantzatzeko modua.

Tentsioaren eta barealdiaren inguruko pieza da Best of You. Hitzak ere, badu tartea obra honetan. Hona hemen Peya eta Garciaren arteko elkarrizketa: “Hori al zen onena zugandik?/ Bai./ Hori da? Besterik ez?/ Besterik ez./ Neuk zerbait biziagoa espero nuen./ Definitu zer den bizitasuna./ ...(dantzan egiten du bortizki)/ Hobeto sentitzen zara?/ Bai./ Lasaituta?/ Ez./ Zer behar duzu?/ Tentsioa./ Zertarako?/ Ez jausteko”.

Best of You. La Intrusa

Diziplina: Dantza garaikidea.

Konpainia: La Intrusa.

Sorkuntza eta zuzendaritza: Damian Muñoz eta Virginia Garcia.

Dramaturgia: Virginia Garcia.

Interpreteak: Damian Muñoz, Virginia Garcia, Clara Peya.

Musika: Clara Peya.


ASTEKARIA
2013ko abenduaren 22a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude