Emakumeak borrokan

Yolanda Arrieta: "Barne mundurik gabe, literatura letrak eta papera besterik ez da"


Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda
2013ko uztailaren 07a

Haur literatura ez al dago hezkuntzari lotuegia?

Hala hartzen da, orokorki, leku guztietan. Askok diote hezkuntzatik aske ere bizi behar duen arloa dela, eta halaxe behar luke nire ustez, baina errealitatea bestelakoa da. Hemen eskolei esker bizi gara, nahiz eta, Mariasun Landak berriki esan duen bezala, “liburu bat pedagogikoa da ondo idatzita dagoenean”.

Maria Teresa Anduetto idazle argentinarrak [Andersen saria jaso zuen 2012an] haur literaturaren balioa eta baloreak elkarren talkan jartzen ditu. Hezkuntzarekiko lotura estu hori kalterako dela dio, haur literatura fitxa didaktikoaren menpe jartzen duelako, beti zer edo zertarako balio behar izatea dakarrelako, eta arte orok behar duena ezabatzen diolako. Harekin bat nator, baina gu hemen bizi gara…

Euskal mundu txiki honetan, hain zuzen.

Bai, eta hemen dagoena dago. Hala ere, hezkuntza estrategikoki erabiltzea ongi dago, baina ez dadila izan, demagun, liburu jakin bat berdintasuna lantzeko dela esateko. Berdintasuna egunero landu behar da, liburuak lagun dezake, bai, baina literatura beste gauza bat da. Kate osoa dago jokoan finean, eta ondo legoke irakasleak ere kate horren jakitun izatea. Ematen du gaur gauza guztiek izan behar dutela praktikoak, erabilgarriak. Eta hori ongi dago, baina haurrari irakurtzen ikasteko balio izateaz gainera badu besterik ere. Literaturak, arte guztiek bezalaxe, emozioak landu behar ditu, magia eta ilusioa izan behar ditu. Horiek gabe ez dakit zer den; letrak eta papera, besterik ez.

Haur literaturak ez du ikasketa prozesuetan lekurik.

Handirik ez du. Irakasle eskoletan bada hizkuntza eta literaturaren didaktika, baina hizkuntzari oso lotua dago. Haur hezkuntzako moduluetan, berriz, tarte txiki-txiki bat baino ez zaio eskaintzen ikasgaiari.

Bartzelonan hiru urteko masterra dago. Hor sortzen dira adarrak, bitartekariak, liburuzain finak, irakasleak, kritikariak eta sistema osatuko duten nodoak. Guk horrelakorik ez dugu, baina badugu urtetan lanean dabilen jendea eta, beraz, oinarri-oinarrizko esperientzia. Esperientzia hori transmititzeko modua eratzea litzateke gakoa.

Ikastetxez ikastetxe egin duzu eskola. Zer ikusten da?

Dena ikusten da eskoletan. Ikusten da haurra, irakaslea, gurasoak, hezkuntza sistema, harremanak, zerk funtzionatzen duen eta zer ez... Esperientzia hori non geldituko da?

Zer aldarrikatzen duzu?

Nik neronek ez dut jada ezer aldarrikatzen. Nahi dudana egiten saiatzen naiz eta kito, bestela galdu egiten zara bidean, edo amorratu. Eta nik nahi dudana zera da: umea aurrean denean ahozabalik egotea, eta bitartekaria dagoenean, hura ere, gogotsu eta irribarretsu aditzen ari dela sumatzea. Garaiotan ahalik eta diru gutxienarekin ahalik eta gehien egin behar da, eta hori esperientziak dakar, neurri handi batean; esperientziak eta informazio gaurkotuak osaturiko oreka dinamikoak.

Haur eta Gazte literatura landu egin behar da, agertu, aldarrikatu eta erakutsi. Bideak eman behar zaizkio jendeari ezagutzeko. Normalizazioa behar du. Normalizatzen dena erabili egiten baita.

Haurrentzako poesia gero eta ugariagoa da.

Eta gainera zoragarria. Bada haur txikientzakoa, eta bada handiagoentzakoa ere. Izugarri gustatzen zaie umeei, eta gurasoei ere bai, deskubritzen dutenean. Arazoa betikoa da, eskoletan beldur direla, ez dutelako ezagutzen. Narrazioa da nagusi, eta idazketari dagokionez, batik bat, molde jakinetara bideraturiko testugintza.

Album ilustratuek ere gora egin omen dute.

Baina oraindik ez da aski ezagutzen eta gutxi erabiltzen da eskoletan. Haur eta Gazte literatura prestigio txikiko azpigenerotzat jotzen bada, pentsa zer diren album ilustratuak. Haur oso txikientzat direla uste dute gehienek. Eskoletara joaten naizenean 8-12 urtekoei ere erakusten dizkiet eta gustatu egiten zaie testuaren eta irudiaren kontrapuntua, baina, oraindik, konbentzio orokorrak dio irakurtzea letraz beteriko orri asko irakurtzea dela.

Liburu bakoitza mundu bat dela esaten da.

Bai, baina, ez: liburuak papera eta letrak dira. Liburuak pertsonek egiten dituzte −idazleek− beste pertsona batzuek −irakurleek− disfruta dezaten. Beraz, guk geuk ematen diegu bizitza liburuei. Jendea errezeta bila joaten da askotan ikastaroetara, ona zer den galdezka, baina, kontua ez da hain sinplea; ez dago errezetarik. Informazioa eman bai, baina gero, informazio hori norberak kudeatu beharko du, nahien, premien edo ahalmenen arabera. Nork bere errealitatera egokitu beharko du, umeak, egoerak, gustuak edota bizi-prozesuak oso desberdinak direlako han eta hemen. Aitzitik, bilaketa-egokitze prozesu hori polita izan daiteke, sortzailea ere badelako. Beraz, Haur literaturari bere garrantzia emateko eta balorea pizteko izan beharko lukete hiru tailer hauek. Oro har, hiruretan, emozioa landuko da, ilusioa landuko da, hori gabe haurrekin jai dagoelako, eta, nola ez, magia; magia ere, isiltasuna bezalaxe, guk geuk eraiki dezakegulako.

Letrari laguntzen dioten lagun ezkutuak ezagutuko ditugu: isiluneen oihartzuna, arreta pizgarria, intriga, emozioa, barne mundua. Lagun horiek gabe, literatura papera baita.

Zer behar izaten duzu zure tailerretan?

Eskoletan leku zabal bat nahi izaten dut. Aulkiak eta mahaiak erabiltzen ditut baina oso gogokoa dut espazio librea ere, antzezteko, tente irakurtzeko, mugitzeko, lurrean esertzeko… Helburua ez da isilik eta geldik egotea, nolabait “harrapatuta egotea” baizik.

Literaturaren funtzioa zein izan beharko lukeen azaltzen al duzu tailerretan?

Antropologia ikasi nuenean, tribu bateko jakintsu batek esan ohi zuena iltzatuta gelditu zitzaidan. Pertsonok hiru motatako jana behar omen dugu aurrera egiteko: ogia gorputza elikatzeko, lagunak bihotza alaitzeko eta kontuak arima sosegatzeko. Hortik abiatzen ditut nire tailerrak. Zeren eta, gorputza nola elikatzen den ongi dakigu, oinarri-oinarrian dauzkagu sabela betetzeko erritoak, titia nola eman, frutak noiz ematen hasi… Lagunen kontua ere aski jakina da…

Jakin behar ote da arimak zergatik ez duen sosegurik?

Neronek ere galdetzen nuen hori bera lehen, baina orain efektiboagoa iruditzen zait, besterik gabe, ekinez bilatzea, eta hor izan dezake liburuak funtzio laguntzailea. Umeekin, askotan, zeharkako mintzaira behar duzu haiengana heltzeko. Askotan, gauean ipuin bat kontatzen ari zara, eta bat-batean kontuak esaten hasten da haurra, halakok hau egin zidan, edo dena delakoa. Emozioen mundua hor dago, badu bere etxea, eta horretara heltzeko galdera zuzenek ez dute beti balio. Literaturak ez du beti atea zabaltzea bermatzen, baina gerta liteke giltzaren bat gordetzea.

Zer aldatu da hogei urteotan?

Gauza asko. Grinak berberak dira; arreta mantentzeko denbora, aldiz, asko laburtu da. Helduei dagokienez, haur literaturak jakin-mina pizten du; batik bat, haur txikien gurasoen artean. Esate baterako, aitak ere hasi dira tailerrak eskatzen. Donostian, Liburuaren egunean emandako hitzaldi-tailerrean erdi eta erdi ziren gizon-emakumeak. Ederki pasatu genuen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Miren Segurola, UEMAko koordinatzailea
"Turismoa sustatzen ari gara Kantabrian bagina bezala"

Bermeora, Zumaiara eta Leitzara etorritako bisitariei galdetu zaie ea zer iritzi duten euskararen inguruan, eta bisitarien %95ak erantzun du ez duela inolako arazorik izan euskararekin. Askok estimatu dute tokiko hizkuntza ezagutzeko aukera eta batzuek esan dute herri horietara joateko arrazoietako bat dela euskara. Aldiz, gurean, Game of thrones-en sukarrak eraginda, turismo eragileak euskara ezkutatu nahian dabiltza. UEMAk bideratu ditu hiru inkestak hiru herrietan eta Miren Segurolari egin... [+]


2019-04-21 | Reyes Ilintxeta
Daniel López Moreno, Erriberako Olentzero
"UPN-k ez du ikusi nahi hemen dagoena"

Nafarroako Behe Erriberan euskararen irakaskuntzak lau hanka ditu: Argia Ikastola 230 ikaslerekin, A eredua (euskara ikasgai duela) ikastetxe publikoetan 910 ikaslerekin, AEK 60 ikaslerekin eta Hizkuntza Eskola 28rekin. Daniel López Moreno euskaltzaleak argi du A eredua bultzatu behar dela eskualde honetan, hori izan daitekeelako euskararentzako sarbide eraginkorra.


2019-04-21
Daniel López Moreno (Ablitas, 1948)

Irakasle erretiratua, Tuterako Beterri peñako kidea, Geroa Baiko militantea eta euskaltzale sutsua. Bere hiru semeek Argia Ikastolan ikasi dute. Azken zortzi urteotan Tuterako Olentzero izan da. Hori aski ez eta inguruko herri eta ikastetxeetan ikazkinarena egiten du pozarren.


2019-04-21
Beterri

“Beterri peña, euskaldunen eta euskaltzaleen topagunea da Tuteran. Abesbatzak eta txistularien saioak izaten dira, edo haur txikientzako emanaldiak. Oso jator ari dira lanean, eta gainera, erreleboa lortzen ari da 25 urte inguruko gazte kuadrilla gogotsu bat sartu delako. Bazkide gehiago ezin da egin goraino dagoelako betea eta jaietan mundu guztia hara joaten da. Bitxia da ikustea nola eskuindarrak ere arazorik gabe ikurrinaren azpitik pasatzen diren tabernara sartzeko”.


2019-04-21
Euskara denontzat

“Hemengo jesuitei edo mojen eskoletakoei kritika egin behar diet: Nola liteke euskara ez balego bezala aritzea? Eskolatik aterako dira jakin gabe Goikoetxea zer den edo bat-bi-hiru kontatzen jakin gabe. Gutxieneko bat behar da, ez soilik A ereduan, G ereduan ere bai. Abesti batzuk, ezagutza minimo batzuk… Derrigorra beharko luke izan Nafarroa osoan. Ingurua ezagutzearen barruan sartzen da”.
 


Bilboren 'B' aldea
Salgai dagoen hirian, gazteria ikusezin

Ikusezin zaigun izebergaren zatia azaleratzeari ekin dio Eragin Bilbo mugimenduak. Gazteen ikuspegitik, instituzioek ezarritako politikek sortzen dituzten albo-kalteen berri emateari, hain zuzen. Hiriburu bizkaitarra ardatz hartuta jendartean kontzientzia garatu nahi du Eraginek, Bilboren alde prekarioa ere postaletan ager dadin.


Mali, Mendebaldea galtzen ari den ezkutuko gerra

2019ko lehen hiruhilekoan ia 90.000 maliarrek etxetik alde egin behar izan dute, Maliko ipar eta erdialdean aspaldi errotua den biolentziatik ihesi. 2013tik hona, zonalde horretan daude barreiatuta Nazio Batuen 15.209 militar eta polizia eta AEBetako tropa eta mertzenarioen kopuru ezezaguna.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude