ARGIA.eus

2020ko uztailaren 03a

Piztiei buruz irribarrez

  • Thierry Dedieu ::Tatsu Nagataren piztia handiak

    Itzulpena: Aztiri

    Ttartalo, 2013

Xabier Etxaniz Erle
2013ko uztailaren 07a
Ttarttalo argitaletxeak haurrentzako liburu asko bilduma eta sailetatik at plazaratzen ditu, sailen eta bildumen ezaugarri, eredu edo arauetatik at. Eta, horrela, liburu solte horien artean album berezi bat, liburu informatzailea edo sailkatzeko bitxi eta apartak diren obrak aurki ditzakegu, esku artean dugun Tatsu Nagataren piztia handiak hau bezalaxe. Liburuan bertan ageri den informazioari erreparatuta Tatsu Nagata dugu liburu honen egilea, ikertzailea eta urlehortarren mutazioan munduko aditu nagusia. Jakina, informazio hori liburuaren “berezitasun” horren beste ezaugarri bat da. Tatsu Nagata Thierry Dedieuk asmaturiko pertsonaia baita, eta ikertzaileak, liburuko ataletan barrena animalia batzuen inguruko informazioa helaraziko digu euskaraz plazaratu duen bere lehen obra honetan.

Balea, krokodiloa, gorila, hartza, otsoa, lehoia eta marrazoari buruzko informazioa jasotzen du irakurleak oso modu xelebrean, eta horixe da, hain zuzen, liburu honen balio literarioa. Berez informazio liburutzat edo formaziorako materialtzat har baikenezakeen Tatsu Nagataren liburu hau. Krokodiloari buruzko informazioa ematerakoan, esaterako, haren deskribapena egiten digu: “esku-zabal itxurako oinak ditu (…) gorputza ezkataz estalia. Odol hotzekoa da, eta eguzkitan jarri behar izaten du berotzeko”. Baina informazio hori ematerako orduan esaldi labur horiek orri biko irudiez lagunduta agertzen zaizkigu; eta hortxe, hitzaren eta irudiaren arteko jolasean oinarritzen da egilea, irakurlearen irribarrea lortzeko. Krokodiloa hondartza moduko batean, toalla gainean betaurreko ilunekin ikus baitezakegu “eguzkitan jarri behar izaten du berotzeko” esaldiaren ondoan, edo “Bi urtean behin, haginak berriro irteten zaizkio; horregatik, ez zaizkio inoiz hondatzen” informazioarekin batera krokodiloa ikus dezakegu dentistaren kontsultan, lasai, lurrean hagin pila bat dagoelarik.

Thierry Dedieuren irudiak sinpleak dira, pastel koloreen bidez eginak eta adierazi nahi duten mezua, transmititu nahi duten informazioa, oso garbi helarazteko moduan eginak. Sinpleak dira; testuak bezalaxe, baina bata eta bestearen konbinaketaz bi helburu lortzen ditu egileak. Alde batetik animalia horiek, pizti handi horiek, hobeto ezagutzea, haien zenbait ezaugarri azalduz. Beste alde batetik, aurretik aipatu dugun moduan, irakurlearen irribarrea ezpaineratzea ere lortzen du irudietan ageri diren egoera barregarri, bitxi, arraro eta harrigarrien bidez. Eta horregatik, liburu hau guztiz literarioa edo guztiz informatzailea ez izan arren, bietatik du, eta irakurlearen irakurketa sortzailea eskatzen du. Irakurleari plazerezko irakurketa ematen dio.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2013ko uztailaren 07a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude