Eztabaida dezagun EITBren ereduaz

  • Lau urte bete ziren joan den abenduaren 31an EITBren aurka lehergailua ipini zuela ETAk. Oker ez banago EiTBren ereduari buruzko eztabaidak izan zuen azken ekarpena izan zen.


2013ko otsailaren 24an

Gero etorri ziren PP-PSOE gobernua, EITBren zuzendaritza berria, Ezker Abertzalearen aurkako zentsura luze eta erabatekoa, eta taldea osatzen duten hedabideen desnaturalizazioa eta antzaldaketa. Beste ezer baino lehen esan nahi dut guztiz harrituta eduki nauela lau urte hauetan sumatu dudan isiltasunak. Izan ere, mutu ikusi baititut bai atentatuaren aurrean, bai zentsuraren aurrean, bai zuzendari berriek hartu zituzten erabakien aurrean edo irrati-telebistek bizi izan duten transfigurazioaren aurrean beste batzuetan hain kritiko izan ziren ahotsak. Bai. Biziki harritu nau orain EITBren ereduari buruzko gogoeta bultzatu duten euskalgintza ofizialeko eragile guztiak lau urtez isilik eta ezkutatuta sumatu izanak.

Ez nau horrenbeste harritu, ordea, atentatu, zentsura eta eredu aldaketaren aurrean ezikusi egin zutenak orain eztabaidaren lekukoa hartzen ikusteak eta protagonista bakar bihurtu direla konturatzeak. Eta hori gutxi balitz, eztabaidarako erronka ezarri digute eta proposamen bat luzatu digute gainera: berreskura dezagun EITBren sorrerako izpiritua eta zehaztu dezagun Euskal Herriak gaur behar duen Irrati Telebista publikoaren eredu berria. Lastima! Zilegi da bakoitzak defenditzen duena mahai gainean jartzea eta guztia aldarazi nahi izatea, baina ez da onargarri 30 urtez izan diren eztabaida guztiak eta hartutako erabakiak, besterik gabe, hankaz gora bota nahi izatea. Jende askoren profesioa, ilusioa, konpromisoa eta bizimodua dago egindakoaren oinarrian eta horri esker gaur gizartean sustraituta dagoen taldea da EITB.

Nola bermatu etorkizuna? Behar ote dugu EITB?

Lehenengo eta behin, beharrezkoa ikusten dut jokalekua finkatzea. Nola eta non mamitu behar da EITBren ereduari buruzko eztabaida? Nire ustez tokia Eusko Legebiltzarra da, eta protagonista nagusiak han ordezkaritza duten talde politikoak. Iritzi guztiak dira aberasgarri  eta egokia litzateke zer esana dutenen ekarpenekin gogoeta aberastea, baina azken hitza dagokionari dagokio eta ez beste inori. Ez da beraz, EITBko zuzendaritza berriaren eginkizuna eredua aldatzea eta aldaketa hori batzuekin edo besteekin negoziatzea. Legebiltzarrari dagokio markoa adostu eta zehaztea, agian lege berri baten bitartez, eta EITBren zuzendaritza; eta Eusko Jaurlaritzaren kontua izango da, jarraian, marko hori bideratzeko eginkizunak zehaztea eta horretarako behar den finantzazioa bermatzea.

Nolakoa behar duen EITBk?

Nik neure iritzia daukat eta ez du beste edozeinenak baino gehiago balio. Gizarte honi lotutako komunikazio taldea behar du.  Ez luke inola ere alde batera utzi beharko, beraz, bere helburu nagusia komunikazioa dela, hedabide izatea, alegia; eta bere eginkizun nagusiak: informazioa eskaintzea, entretenitzea, gizartean txertatuta egotea eta ahalik eta tokirik gehienetara iristea –Euskal Herri osora, jakina, eta ahal den neurrian mundura–. Zilegi izan liteke, horretarako adostasuna lortuz gero, beste eginkizun batzuk ere eman nahi izatea, baina huts egingo dugu hedabide bezala duen izaera eta funtzioa bigarren mailan uztera behartzen badugu, kasu horretan ez baitu ezertarako balio izango.

EITBk euskararen komunikazio taldea izan behar du baina, aldi berean, elebiduna, gizarte elebidunean txertatua bizi baita. Hizkuntza bat baino gehiago daukagu, baina denok ez gara elebidunak. Hortaz, EITBk zubi-lana egin dezake. Baina okerreko bidea hartuko luke euskararik ez dakien gehiengoari bizkarra emango balio. Hori eginez gero ezingo luke euskaldun gehienen eskubide eta informazio eskubidea bermatu eta ikusezin egingo luke euskararen mundua gure erkide askorentzat.

Ikuspegi nazionala edukiko duen EITB nahi nuke, lehiakorra, ikusle, entzule eta erabiltzaileak bereganatzeko beste hedabideekin merkatuan lehiatuko dena eta dauzkan baliabideak enpresa eraginkor baten modura erabiliko dituena. Profesional euskaldunek, elkar lanean, euskal hiritarrentzat komunikazio-produktuak sortzeko balio izango duen hedabide-sare bat. Euskadin bizi garen gizon-emakumeok, abertzale zein ez abertzaleek, euskaradun nahiz ez direnek, harrotasunez defendatuko dugun komunikazio talde publiko bat, beharrezko, interesgarri, erabilgarri, gustagarri eta geurea sentitzen dugulako.

(*) Bingen Zupiria Deiako zuzendaria da eta ETBko zuzendari ohia.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude