Gobernu berria, garai berrirako

Garbiñe Biurrun EHUko irakaslea eta abokatua da.
Garbiñe Biurrun EHUko irakaslea eta abokatua da.Dani Blanco

Gizartearen beharrak aldatzen dira garai bakoitzean. Batzuetan gizartea bera aldatu delako eta bestetan, egoera berri baten aurrean gaudelako. Gizartearen ordezkaritza berritzen da, hain zuzen ere, herriaren beharrei erantzun ahal izateko.

Orain urte batzuk galdera bat luzatzen genuen abestuz: Zer eskatzen du herriak? Eta gero erantzun bat botatzen zen. Gaur –beti bezala– galdera hori berreskuratu eta mahai gaineratu behar da eta, noski, erantzun egin behar zaio. Gobernuak erantzun behar dio.

Eta zer da herriak eskatzen duena? Ez dut uste hori jakiteko gaitasun berezirik behar denik. Gizarte honek zera nahi duela esan du: krisiari irtenbide juxtua ematea eta justizia soziala helburu izatea, zerbitzu publikoak mantenduz; bakea eta elkarbizitza sendotzea eta Estatu espainiarrekiko harremana birpentsatzea. Hauexek dira gizarte honen nahiak eta helburuak eta hauexek behar dute izan Eusko Jaurlaritza berriaren zereginak.

Baina osatu den gobernua egokia al da eginkizun horiek burutu ahal izateko? Edota hau al da horretarako behar den gobernua? Argi dago urriaren 21ean herriak hitz egin eta aukera eta apustu garbiak egin zituela: Eusko Legebiltzar aurrerakoi, abertzale eta bake sendoaren aldekoa hautatu da. Bada, horiek beharko lukete izan, hain zuzen ere, gobernuaren koloreak.

Egia esan, gobernu berriaren koloreak bere eguneroko lanaz margotuko dira. Baina, hasiera honetan behintzat, ez da gobernu sendoa; sostengu eskasa du legebiltzarrean eta, horregatik, arlo guztietan gehiengoak osatzea eta akordioak lortzea izango da bere eginkizunik nagusiena. Argi dago kolore eta asmo nagusiak jarraituz gero, adostasunak iritsiko direla, indar politiko guztiek zintzo jokatuz gero. Denei eskatu behar zaie leialtasunez eta begirunez aritzea, ez bakarrik gobernu berriari, baizik eta alderdi guztiei, herritar bakoitzari eta gizarte osoari. Eta, horrekin batera, indar politiko guztiek exijitu beharko diote gobernuari herriaren eskaerei erantzun zuzena ematea eta derrigortuta egongo dira, baita ere, lan horretarako laguntza ematera. Herriak ez du beste jarrerarik onartuko.

Baina bestelako gobernua posible al zen? Une honetan, argi dago ezetz. Gobernu zabalak, anitzak eta sendoak eraginkorragoak dira. Indar bakar batek osatutako gobernuak ahaztuta genituen López lehendakariak berea osatu zuen arte. Orduan, berak ukatu zuen beste irtenbidea eta berak aukeratu bakarrik gobernatzea, akordio zabala baina aldebakarrekoa lortuz legebiltzarrean. Baina orain, Urkullu lehendakariak ez du jarrera positiborik aurkitu beste indarrengan eta berak zeukan gobernua osatzeko ardura, herriaren agindua berak jaso zuelako.

Garai zailak dira, erronka handiak eta konplexuak ditugu aurrean. Adostasun zabalak eskatzen dituzten erronka bateragarriak. Indar politikoen arteko distantziak gaindigarriak izango dira espazio politikoen artean komunikazioa mantentzen bada. Ez dago denborarik beste era batera aritzeko. Guk, herritarrok, ez daukagu zergatik itxaron beharrik. Gure lana egin dugu, hitz egin dugu eta orain exijitzen dugu Gobernuaren eginkizunik nagusiena “gurea” konpontzea izatea. Baina ez bakarrik gobernuarena, indar politiko guztiena baizik. Espero dut inork ez ukatzea ezinbestekoa den laguntza eta bide horretatik gizartearen koloreetaz margotzea arduradun politikoen lana. Eta, noski, kolore horiek nahasterakoan lankidetzaren paleta erabiltzea.


ASTEKARIA
2012ko abenduaren 30a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude