Aralar

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Luzaroan desio izandako egoerara heltzeko hainbat arrazoi izan dira, faktore ugarik eragin dute. Zer edo zer berria ekarri nahian, arrazoi horietako bat aipatu nahi nuke, nire ustez funtsezkoa izan dena: Aralar alderdia. Oraindik denbora beharko da zurrunbilotik atera eta gauzak argitzeko, eta behin digestio astuna eginda, Aralar alderdia dagokion lekuan ipini beharko dela uste dut, nahiz eta ordurako beharbada berandu izan. “Lorak hil baino lehen”, dio nire osaba batek. Mesprezuak, irainak zein mehatxuak jaso arren, ukaezinezko eragin nabarmena izan du Aralarrek ezker abertzale tradizionalaren aldaketan.

Baina ez da, ordea, hurrengo hauteskundeetan egongo, ez behintzat ehuneko ehunean. Norabidea aldatu eta nahiago izan du bakarrik baino artaldera bildu. Biolentziaren kondena tinkoak ez ezik, politika egiteko beste modu batek bereizten dituela entzun izan diegu Aralarrekoei, eta hura bukatuta ere, badaukatela zer esanik eta zer eginik. Desberdintasunak azkar desegin dira, bat-batean ia, eta bere ahotsa, txikia baina berezkoa, ez da hauteskundeetako aukeren artean egongo. Pentsatu nahi nuke botoak irabaztea baino gehiago dela politika. Askotan esan dute hori Aralarrekoek, baina koherentziari baino galtzeko beldurrari garrantzia handiagoa ematen diote zenbaitzuek.
Zenbakiei begiratuta argi dago Aralarreko boto emaile askok ez dutela begi onez ikusi aldaketa. Aralarreko boto gutxi hartu zituen Amaiurrek. Oso adierazgarria da Nafarroako kasua. Iruñean, Geroa Baik 1.600 botoko aldea atera zion Amaiurri, eta hor, inongo zalantzarik gabe, Aralarreko asko daude, nahiz eta alderdiko zenbait buruk hori ez onartu, modu txarrean gainera.

Beraz, askok aspalditik desio zutena, errealitate bihurtu da azkenik: lau hankako mahaia. Abertzaleentzat bi aukera besterik ez, zuria ala beltza, ez dago tarteko kolorerik. Eta beste horrenbeste konstituzionalistentzat.

Hainbeste aldiz kritikatutako bipartidismoa berea egin dute abertzaleek.

Demokraziaren funtsetako bat da aniztasuna, txikienganako errespetua, baina badirudi horiek ez direla oso gustuko. Txikientzako lekurik ez txikitasuna aldarrikatzen duen herrian. “Maite iezaguzue gutxiago, eta botoa gehiago eman” zioen Santiago Carrillok bi alderdi nagusien handitasunaren aurrean. Politikoki gero eta pobreagoak gara, baina hemen gehienak pozik daude horrekin. Askok, gehiegik, nahiago dute zuri-beltzezko politika, koloretakoa baino. Grisa da horren emaitza.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude