EAJren erabakia

  •                                                                                                                        
     

HONDAKINEN gaia ardatz hartuta sei hilabeteko hausnarketa epea zabaldu zuten Bilduk eta EAJk 2012ko lehenengo sei hilekorako eta epea hilaren hondarrean bukatzen da. Errauskailua tartean, ez da akordiorik izan eta gaia Martin Garitano higatzeko baliatu izan du oposizioak, bai herritar askoren laguntzarekin eta baita sostengu mediatiko esanguratsuarekin.

Errauskailua edo atez atekoa, hori da ika-mikaren muina gipuzkoarren begietara. Eta bai, hondakinen gaiari heltzeko bi ikur nagusiak dira lurraldean, baina eztabaida hori baino askoz aberatsagoa da eta Bilduren aurkako jarrera gogorrak ez du berau lasaitasunez gauzatzen utzi. Pena da alderdietako lehia politikoak gaiaren eztabaida zabal eta aurreiritzi gabekoa zanpatu izana. Orain, bakoitzak bere indar eta interesekin erabaki beharko du.

Eta zer erabakiko du EAJk? Garitanoren aurkako zentsura mozioa onartu, PPk eta PSE-EEk eskatzen dioten moduan, eta Diputazioa hartu? Edo jarraituko du gaiarekin Diputazioaren zutoinak astintzen, honek bere jardun osoan eragingo duelakoan? Hilabete gutxira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez balira, errazago hautatuko zukeen, baina hauek ate joka, Gipuzkoan PSOEren eta PPren eskutik abiatzea arriskutsua izan daiteke jeltzaleentzat.

Markel Olanoren berbei jaramon eginda, ezin da ezer baztertu, behintzat Berrian Garitanori egin ahal zaion zentsura mozioaz esandakoak ikusita: “Behartuta baino ez nuke egingo. Baina Bilduren eskuetan dago hori”. Jakina, ez berak nahiko lukeelako, Bilduk behartuta baizik. Zentsura mozioaren atea, beraz, zabalik da, kontua da herritarrak ulertuko ote lukeen hondakinen gaia bakarrik nahikoa izan daitekeen halakorik egiteko, edo ez. Kontua da, PSErekin harreman estua eskatuko liokeela horrek, eta nola interpretatuko litzatekeen lotura hori Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetako lehia estuan.

Zentsura mozioaren bidea baztertuz gero, oso posible da EAJk San Marko mankomunitatearen aginte organoen aldaketa behartzea eta horrekin Bildu are eta gehiago inguratzea. Baina Diputazioak bereari eusten badio, azkenean instituzio talka emango litzateke –ematen ari da Batzar Nagusi eta Partzuergoaren artean– eta Batzar Nagusiek erabaki beharko lukete zer egin, Diputazioa nork gobernatuko duen azken erabakia berea da eta.

Bilduren posizioa ere ez da samurra, baina aurreikusitakoa da, funtsean gutxiengotik ari delako gobernatzen eta, gainera, gai askotan beste alderdiek dituzten posizio oso desberdinetatik. Iritzi korronte baten aburuz, Bildu hondakinen gaian ito liteke, eta uste da ez duela gaia kudeatzen jakin; azken finean, erraustegi txiki bat onartu izan balu, oposizioak ere askoz malguago jokatuko zuela atez atekoarekin, Gipuzkoako herri askotarako balio dezakeelakoan.

Bilduren baitan ere, badira agian erraustegi txiki bat onartu beharko litzatekeela pentsatzen dutenak. Ezker abertzalearen barruan, batzuek Gipuzkoako Bildu gaiarekin gehiegi tematu dela uste duten moduan; eta euskal kulturan ere, badira gisako oihartzunak, Bilduk dirua hondakinetarako bakarrik ote duen kexua zabalduz.

Bilduk, aldiz, badirudi argi duela bere posizioa eta bereari eutsiko bide dio: hauteskundeen aurretik ere gai zalapartatsua izanik, bere hauteskunde programan argi adierazi zuen egitasmoa gauzatzen ari da, hori bekatu balitz moduan. Herritarrak hain daude ohituak agintariek hauteskunde kanpainan zerbait agindu eta gero ez betetzera, egiten denean –kasu honetan Bilduk– jarrera itxi eta inmobilista gisa saltzen dela. Edozein kasutan, Bilduren gobernuaren legitimitate demokratikoa da zalantzan jarri ezin dena, Garitano Batzar Nagusien bozketatik atera zen Ahaldun Nagusi eta haiek kargugabetu dezakete, oposizioak horretarako adostasunik biltzen badu. Arrisku horrekin ari da Bildu, eta gertatzen bada, joko demokratikoaren parte gisa onartu beharko du.

NAFARROAKO GOBERNUAN ekaitza iragan da jada, eta UPNk gutxiengoan gobernatu beharko du PPren sostenguarekin. Ez dute arazo handirik izango, oposizioak bere egoera gogoraraziko dio noizean behin UPNri, baina ez dirudi alternatibarik eratuko denik. Gobernuaren diru kontuak argitzea izango da orain oposizioaren lehentasunetakoa. Edonola ere, herstura garaiotan, gobernuan oposizioan baino hotz handiagoa egiten duela dirudi.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude