Irakasle putz

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lehendik ere bagenekien: esanak esan, unibertsitatean irakaskuntza da gutxienekoa.

Eskolak ganoraz ematen tematzen den gajo/gizajoak txartel guztiak ditu azken putz geratzeko, hobe ikerketan xahutzea indarrak. Puntuak irabazteko baizik balio ez duten ikerketak egitea komeni da, noski, ikerketak konponduko duen arazoa norberak propio asmatuta, benetako arazoek ikerketa zaildu eta ikerlea zikindu besterik ez baitute egiten. Ikergai otzanak behar dira, esanekoak.

Orain, berriz, gure nagusiek maskarak erantzi eta muturrera bota digute mehatxua. Aurrerantzean, ikerketan behar bezala saiatzen ez den irakasleak egundoko zigorra izango du, izugarrizko kondena: eskolak eman beharko ditu.

Estimatzekoa da hain argi mintzatu izana, hartara lasai egin ahal izango baitugu barre irakaskuntzaren bikaintasuna aipatzen diguten aldiro.

Puntu biltzaile otzan baino, nolanahi ere, nahiago azken putz, azken putz baino ere gutxiago izatera kondenatuen –ikasleen– esker ona bezalako altxorrik ez baitago irakasle batentzat.


ASTEKARIA
2012ko ekainaren 10
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude