Ezpeletik Espeletia

Espeletia pycnophylla espezieko aleak, El Angelen (Ekuador).
Espeletia pycnophylla espezieko aleak, El Angelen (Ekuador).

XVIII. mende amaian Hego Ameriketako iparralde osoa bere menpe zuen Espainiako erregearen ordezkotza Sevillan jaiotako (1739) eta Iruñean hildako (1823) Jose Manuel Ignacio Timoteo de Ezpeleta y Galdeanok betetzen zuen. Ederki bete ere Boliviako Andeetako Calisaya mendian Cinchona calisaya kino arbola aurkitu zutenean. 1792an hedatu zuten haren berri.

XX. mendean, 1939an, Errepublika garai sutsuan Madrilgo Baratze Botanikoaren zuzendari izan zen Josep Cuatrecasas i Arumí (1903-1996). Botanikari handien artean handienetako bat, kataluniarra eta mundu osoan ospetsua. Gerraren panorama ikusita, Prado Museoko artelanekin batera Botanikoko bildumetan jasotako landare lagin garrantzitsuenen kutxak salbatu zituen. Eta Franco diktadorea madarikatu eta hark agintzen zuen artean ez zuela sekula gehiago Espainian lan egingo zin eginez alde egin zuen. Unibertsitate entzutetsuenek, zeinek baino zeinek, eskaintza politak eginagatik hark hara! Kolonbiara joatea erabaki zuen. Lehendik bertan izana zen eta hango Ande mendi izugarrietako landaredia gustatu, nonbait. Eta joan bazen joan zen; laster igarri zion botanikak. Ordura arte ezezagunak ziren mila landare espezietik gora deskribatu eta jaso zituen. Denen artean, ordea, bi landare multzo kuttun. Txokolatea ematen duen landarearen Theobroma generoa eta Espeletiinae familia. Azken horretakoa da beraren omenez izendatutako Espeletia cuatrecasasii espeziea.

XVIII. mendeko erregeurde zen Ezpeleta Konde haren omenezko izena da Espeletiinae familia, eta beste batzuen artean bertan biltzen dira Espeletia bezala Espeletiopsis eta Coespeletia generoak. Andeetako landare enblematikoenak dira. Hango eremu mortu zakarrenetan, ia beste inork iraun ezin duen lurretan hantxe bizi dira, muturreko baldintzetan, baita 4.300 metrotik gora ere. Eguzkiak eta haizeek erretzeko arriskuari aurre egiteko hostoak, goi eta behe, iletsuak dira, bilo mehezko ilaun trinko batek estaltzen ditu.

Estatu kolonial faxista baten erregeurdea zena eta estatu faxista berak erbesteratuarazitakoa, bi lagun uztarri berera lotu zituen zorioneko ezusteko bat medio, Ameriketako landare multzo interesgarrienetako batek euskal izena darama, Espeletiinae.

Espeletiinae familia basamortu hotzen zalea zela bazekiten bi lagun horiek, Ezpeleta abizenaren jatorria, ezpela (Buxus sempervirens), hobekien lurralde hezeenetako lur gozoenetan hazten dela ba ote zekiten?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2019-05-17 | Jakoba Errekondo
Zaldaleak irabazten

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta gauak hamabina ordu izan zituzten. Ordutik eguna... [+]


2019-03-28 | Jakoba Errekondo
Klima aldaketa eta paisaia

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko... [+]


2018-09-11 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren emakumeak

Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis), sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera)... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun... [+]


2018-07-19 | Jakoba Errekondo
Alde guztietatik jatea

Euskal Herrian nekazaritza etengabeko kolonizazioaren historia da. Toki guztietan bezala. Lehen lantzen ez zen lurra lugorritu; lehen ereiten ez zen uzta erein; lehen jaten ez zena gozatu. Dena beste nonbaitetik ekarria. Historia horietako asko idatzi dituzte nonahi laboreek;... [+]


2018-04-20 | Jakoba Errekondo
Kurka-kurka

Laboreekin egiten diren ardoetara itzuliz, ezker-aihena (Humulus lupulus) kontserbatzaile eta dasta mikatzaren eransle dute. Laboreak eta ezker-aihena uztartzeak makina bat zurrustada gozo sortua du, kurka-kurka, batik bat garagardoaren herrialdeetan. Lagun batek azaldu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude