A ze plana!

Iruñeko kultur egoera dugu mintzagai udaberri hasierako lehorte garai hauetan. Adituek diotenez, kultura eskaintza gutxi, desorekatua eta zentralizatua dugu iruindarrok. Azken lau urte hauetan, %30 jaitsi da kultur ekitaldietarako aurrekontua; eskaintza kulturalari dagokionez, Mendillorri, Txantrea edo Arrosadia bezalako auzoak galtzaile ateratzen dira eta –erraz asmatu duzuen bezala, lagunak– euskara da arlo guztien arteko partidarik kaltetuena.

Aurkeztu berri den Iruñeko Bizkortasun Diagnostikoari esker, datu hauek guztiak eta beste hainbeste ezagutu ditugu. Hirian ematen den kultura eskaintza “koordinaziorik gabekoa” da eta “ez da berritzailea”. Gainera, adituen %90ek uste dute Iruñeko Udalak ematen duen eskaintza ez dela “nahikoa”. Horiek adibideak. Egia esan, hau guztia ondorioztatzeko ez dakit holako ikerketa bat beharrezkoa zen. Kultura Plan Estrategikoa deitzen dute eta martxan dago pasa den ekainaz geroztik. 2010eko urrian, Donostiak irabazi zuen 2016ko Kultur Hiriburu Lehiaketan galdu eta gero –Iruñeko Udalak UPN eta Yolanda Barcina buru zituela–, lanari jarraipena emango ziotela hitzeman zuten serio demonio, eta horretarako aipatutako Plan Estrategikoa eratuko zutela, falta gabe. Aurrekontua osatu, lana lehian jarri eta KEN izeneko publizitate enpresak eraman zuen, 2011ko abenduan diagnostiko, ondorioak eta plana bera aurkezteko konpromisoarekin. Baina datu falta, denbora gutxi eta parte-hartze eskasa argudiatuz, diagnostikoa besterik ez omen dute epean entregatu; ondoren, UPNk kontratua eten egin du eta Plana bertan behera uztea erabaki. Gaizki hasitakoa –hedabideetan ateratzeko soilik–, gaizki eramana eta bukatu gabeko Plana –deitutako 200 eragiletik, 80k baino ez zuten erantzun–.

Itxura guztien arabera, buruhausteaz askatzeko bidea aurkitu du Fermin Alonso Kultura zinegotziak. Ez oso modu elegantean, baina hiritarren babesik ez zuen ekimenaz libratzeko modu bat da.

Total, zer dira gastatutako 30.000 eurotxo horiek? Txanpon txiki bat udalarentzat eta hil ala biziko zenbakia ixteko zorian dagoen ENT bezalako antzerki eskola edo ito larrian dabilen IPES bezalako institutua eta emakumeen liburutegiarentzat. Iruñean kultura letra larriz egiten urteak daramatzaten bi adibide besterik ez aipatzeagatik.

Ez dakit Plan batek lehorte kultural hau konponduko lukeen... Baina planik gabe ere, a ze plana gurea!


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude