Eguzkia lurrera jaitsi gura zuen gizontxoa

IPUIN honen hasieran ez da “bazein behin…” eta gisakorik, Fukushimako istripu nuklearraren gordintasuna dago. Haren ondoren, energia nuklearrarekiko ezer berdina izango ez zela iragarri zen eta akaso hala izango da, baina lobby nuklearraren indarra eta interesak handiegiak dira munduan, energia nuklearra nola hala atzerarazteko.

Azken urte honetan Japonian gertatzen ari denarekiko, hedabide handiek –eta hauen inertzian diharduten txikiago gehienek– erakusten duten jarrera da horren erakusle argiena: Fukushima Daiichi-ko zentralaren egoerari buruzko informazioa etengabe ezkutatu da; hildako guztien egiazko kopuruak; erradiaktibitatearen eraginaren ondorioz gertatzen ari dena; Tepco-ren gezurrak, desplazatuen egoera estua…

Informazioaren zirrikituak, alabaina, ugariagoak dira gaur egun eta egia erabat ezkutatzea gero eta gaitzago egiten da. Japonian gertatzen ari denaz zerbait jakin gura duenak lor dezake. Urtebete honetan Argiak informazio ugari eskaini du istripu honen gainean (Pello Zubiriaren blogean informazio osatua eta aberatsa topatuko du irakurleak) eta zenbaki honetan bertan ere Futaba herriko alkate den Katsutaka Idogawa-ren testigantza baliagarria eskaintzen da; gisa honetakoak diren dozenaka ahots eta albiste zabaldu beharra dago, Fukushimako istripuaren egungo ondorioetara sikiera apur bat hurbiltzeko.

Lobby nuklearrak jarraitzen du saltzen istripu arriskua 240 urtez behin gerta litekeela munduan, baina historia hurbilak errotik eraisten du bere gezur borobiletakoa.

Azken hiru hamarkadatan, 1979tik 2012ra arte, hiru istripu nuklear larri gertatu dira munduan: Three Mile Island (AEB, 1979), Txernobil (Ukrainia, 1986) eta Fukushima Daiichi (Japonia, 2011). Jakina, istripuak izan askoz gehiago izan dira: horietatik, zenbat izango ote ziren istripu larrira ozta-ozta iritsi ez direnak? Gobernuak informazio nuklearrarekin nola aritzen diren ikusita galdera ez da batere inozoa edo erretorikoa.

JAPONIAKO TEPCO eta bertako agintariak egoera kontrolpean dagoela adierazten ari dira etengabe, baina errealitatea uste baino ilunagoa da. Japoniako 54 erreaktore nuklearretatik 2 bakarrik dira martxan egun. TEPCOk Fukushima Daiichiko hiru erreaktore arriskutsuenen egoera hotzean kontrolatua dagoela badio ere, azken asteotan izan dira berotze berriak, baina ez da ezagutzera eman zein tenperatura hartu diren; monitorizazioa ez da erabatekoa urtu diren hiru erreaktoreetan; 1, 2 eta 3 erreaktoreetako erregai barren egoera ez da zehatz-mehatz ezagutzen; ez dago airera eta uretara jaurtitako erradiaktibitatearen –herrialdean barreiatzen jarraitzen dena– informazio ofizial zehatzik…

Zalantza gutxi barik esan liteke, hemendik bat, bost, edo hamar urtera ezagutuko ditugula urtebete honetan gertatu direnak eta egun gertatzen ari direnak. Kaltetutako beste askorena bezala, lehentxeago aipatutako Katsutaka Idogawaren deiadarra larria da: “Mintza zaitezte gutaz, esan zer ari zaigun gertatzen. Esan zein eskandalagarria den herriak eta jendeak sakrifikatzea nuklearraren izenean. Esan munduari ingurumena zaindu behar dela. Kutsadura erradioaktiboa naturan barreiatzea, Japoniako Gobernua egiten ari dena, hori geldiarazi beharra dago. Bestela planeta osoa kutsatuko dugu!”.

Eta ni, berriz ere, Alfonso del Val-en aipu batera jo beharrean nago (Larrun, 2011ko ekaina) ustez energia nuklearraren muina non den kokatzeko, kasu honetan berea baino berak miresten zuen Ramón Margalef i Lopez zientzialariaren aipua: “Zientziak dioenez, lau mila milioi urte behar izan ditu Lurrak bizitzeko moduko planeta izatera iristeko, bata bestearen ondotik garatu direlako bakterio zelulabakarrak, zelulaniztunak, mikroorganismoak, ornogabeak, ornodunak eta abar eta abar, ororen buru lortu da atmosfera aerobioa sortzea, lortu dugu bestela hilko gintuzkeen eguzkiaren energia filtratzea, eta azkenean, naturak lortu duenean eguzkia den zentral nuklear erraldoiaren erradiazioak filtratu eta planeta bizigai izatea… orduan iritsi da gizakia eta eguzki hori lurrera jaisten du, prozesua kontrolatzen duela argudiatuz”. Nola bukatuko da ipuina?
 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude