Ezker abertzalea posizioak ofizialduz

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

EZKER ABERTZALEAK bere posizioa finkatu du balizko bake prozesu baten aurrean izan beharreko printzipioei buruz, bereziki elkarbizitza, biktimak, gertatutakoaren kontakizuna eta konponbide demokratikoan jorratu behar direnak azpimarratuz. Eta beste pauso bat eman du ETAren biktimekiko mina, errespetua eta bere aldekoak ez ziren biktimekiko sentsibilizazio falta aitortuz.

Bere jarrera politikoen ondorioz, biktima batzuei mina eragin badie edo irainduta –gaztelaniazko bertsioan gogorragoa den “humilladas” erabiltzen du– sentitu badira, bere atsekabe zintzoa adierazi die. Honelako gauzak ez dira orain arte entzun ezker abertzalearen adierazpen publiko batean eta, alde horretatik, beste urrats bat moduan hartu behar da.

Azken finean, ezker abertzalearen esparru soziologikoan ere gauza hauek ez dira homogeneoak, eta askotan muturrekoak ere izan litezke: batzuk egoki ikusten dute borroka armatuaz egin den erabilera; beste batzuk garai batera arte bai, baina gero ez; biktima batzuk gerra baten ondorio ziren eta kito; batzuentzat biktima mota bat onargarria zen –adibidez guardia zibil bat– eta besteak ez –zinegotziak… –. Askotarikoak dira gai horiekiko ezker abertzalearen baitan dauden iritziak eta bake eszenatoki batera egokitu behar direnak. Alde horretatik, ezker abertzaleak posizioak ofizialdu behar ditu apurka, bidearen zati bat Gernikako Adierazpenarekin egin du eta, aldi berean, bere bidea ere egiten ari da.

Jakina, hau sinesgarritasun kontua ere bada: zergatik sinetsi behar zaio orain? Orain bai, komeni zaiolako? Orain bai, bestela presoak barruan geratzen zaizkielako? Orain bai, hainbeste sufriarazi dutenean? Horiek eta beste galdera asko ere egingo ditu makina batek. Diario Vasco-ko zuzendariorde Lourdes Perezentzat, esaterako, honekin ezker abertzaleak bere “erantzukizuna lausotu” nahi du eta agiriari berrikuntzak onartzen dizkion arren, azpimarratzen du biktimek nekez ikusi dezaketela beren sufrimendua islatua halako idazki batean, besteak beste ETAri desagertzea eskatzen ez diolako eta gatazka armatuaren erretolikan babesten delako.

SINETSI ahal izateko, hala ere, norbaitek zerbait adierazi behar du lehenbizi eta sinesgarritasunarena ondorengo kontua da. Ezker abertzaleak egin du berea eta orain denbora behar du, besteek sinets dezaten. Urrats gehiago ere beharko ditu, baina horiek egiazko bake prozesu baten testuinguruan ematea da logikoena. Hori da premiazkoena egun: bake prozesua.

Baina ez da hortaz hitz egiten, eta ozen aldarrikatu behar da: gatazka bat bizi izan da euskal gizartean eta berau bideratzeko logikoena eta zibilizatuena bake prozesua da. Eta zergatik ez da hortaz hitz egiten modu argian? Sukaldean isilean prestatzen ari delako prozesu hori –PPk ere denbora behar du–, edo errotik baztertzen delako hori gerretako edo benetako gatazken kontua delakoan? Komeniko litzateke alderdiek eta eragile sozialek posizioa argia hartzea gaiarekiko.

Badira arrazoiak ezker abertzaleak dioena sinesteko eta garrantzitsuena da lortu duela ETAk borroka armatuari behin-betiko amaiera ematea. Hori zen helburu nagusia eta hori lortu du. Baina ez, orain lortu behar du ETA desegitea, desagertzea; hau lortuko balu ETAren biktimekiko barkamena, kalte-ordainak, damua edo kontakizunarekiko nahi den baldintza jar liteke.

Eta honek irteera txarra edo, onenean, erdibidekoa izango du baldin eta Madrilgo Kongresuko akordio berria onartu dutenek gatazka ukatu, kontakizun bakarra eratu eta garaile eta garaituen logika inposatu nahi badute. Irteerarik ez litzateke testuinguru hori baliatu eta ezker abertzalearen iraganeko akatsak irtenbide umiliagarriekin ordainarazi nahi balira. Errakuntza galanta pentsatzea ETA desagertu delako bakea egina dagoela.

LOGIKOENA da pentsatzea, eta hori pentsatzeko zantzuak ere badira, Mariano Rajoy eta PP beste logika baten ari direla. Isiltasuna da Rajoyren kudeaketa moldearen ezaugarri nagusia, eta dagokigun gaiaz isil samar dabilenez, batzuk ondorioztatzen dute ez dela bere lehen mailakoen artekoa. Baina dioten bezain azkarra bada –Zapateroz ere hori esaten zen bere agintaldiaren hasieran– argi dago eskuratu nahi izango duela ETAren desagerpena eta gatazkaren konponketa ekarri zituen agintariaren titulua.

Bitartean, egungo Euskal Herrian, biolentzia arrazoi politikoengatik erabiltzen dutenak Estatuaren ustezko zerbitzariak dira: joan den astean atxilotutako Iñaki Igerategi eta Iñaxio Otañok Guardia Zibilaren eskuetan izandako tratu txarrak salatu dituzte. Irakurgai dira haien testigantzak eta erabat sinesgarriak. Eta kezkagarria da, areago konponbide garai hauetan, tortura salatzen duten ohiko pertsona eta eragileez gain zein gutxi aipatzen eta zabaltzen diren tratu txarren salaketa hauek. Zein gutxi aipatu eta salatu.


Azkenak
Errusiak baieztatu du Putin eta Trump datozen egunetan bilduko direla

Joan den astean Trumpek ohartarazi zion Putini hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Zelenskik sare sozialetan adierazi du ezinbestekoa dela Errusiako presidentearekin bildu aurretik lehenbizi su-etena... [+]


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


ChatGPT psikologo bezala erabiltzearen arriskuez mintzatu da Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoa

Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.


Heriotza txikiak

Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]


Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Bakioko jaietako gau bateko egitaraua bertan behera utzi dute, sexu erasoen eta borroken gorakadagatik

Abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, iazko jaietan gau horretan izan baitziren indarkeria kasuak: sumisio kimiko bidezko sexu erasoak eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela azaldu du Amets Jauregizar herriko alkateak. Abuztuaren 28tik 31ra bitarte... [+]


Plastikoaren kutsadura mugatzeko itun baten negoziaketan ari dira NBEko herrialdeak Genevan

Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari eta erabilerari jarri nahi dizkiete mugak bereziki. Plastikoaren ekoizpena bikoiztu dute mende hasieratik, eta igoera horren arrazoia erabilera bakarreko plastikoak dira nagusiki.


600.000 milioi euro inbertitu ezean, %35eko muga zergak jarriko dizkio Trumpek Europako Batasunari

Von der Leyenek eta Trumpek akordioa lortu eta astebetera egin du mehatxua AEBetako presidenteak, Europako herrialdeek hitzartutakoa beteko ez dutela kezkatuta. Europako produktuei %15eko muga zergak ipintzeaz gain, Europako Batasunak AEBetan 600.000 milioi euro gehiago... [+]


Kontrolpean dute Nafarroako baso sutea, eta gobernuak suteak saihesteko neurriak hartu ditu

Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari. 


2025-08-05 | El Salto-Hordago
Plastikoak eragindako kutsadurak 1,3 bilioi euroko osasun gastuak eragiten ditu

The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.


Etxeko atxiloaldia ezarri diote Bolsonarori, 2023an estatu kolpe bat ematen saiatzeagatik

Brasilgo Auzitegi Gorenak eman du sententziaren berri, Bolsonaro oraindik Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo egungo presidentea pozoitu eta Alexandre de Moraes epailea hil nahi izateagatik epaitzen ari diren bitartean. Sare sozialik erabili ezin zuenean,... [+]


Bilboko Konpartsek “gustu guztientzako” 600 ekintzatik gora antolatu dituzte

Bilboko Konpartsen Federazioak 2025eko Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Arriaga Plazan. Federazioak, konpartsek eta Jai Batzorde Mistoak 600 jarduera baino gehiago prestatu dituzte, "gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz gozatzeko". 


2025-08-05 | Mikel Aramendi
Gero eta fede gutxiagorekin esanda: ‘No More Hibakusha!’

Hiroshima eta Nagasakiko masakre nuklearren 80. urtemuga heldu zaigu, eta inoiz baino eskasagoak dira itxaropentsu izateko inputak. Hala ere, No More Hibakusha! aldarrikatzen jarraitu beharko dugu... ordukoei ez ezik geure buruari zor diogulako.

Iazko Bakearen Nobel... [+]


Eguneraketa berriak daude