Otsaileko lehen hamabostaldian Europa osoa izotzaren pean bizi izan da. Estatu gehienetako albistegietan gatz biltegiak erakutsi dituzte; bertako gatza erabili izan da izotzaren aurkako borrokan. Eta batek baino gehiagok galde egin dit: “Aizu, hainbeste gatz erabiltzeak ez al du eragin kaltegarririk izango?”.
Itsasertzean bizi garenok jakin badakigu etxeetako leihoak eta hormak nola jaten dituen itsasoko kresalak. Gatz asko duten lurrak oso idorrak izaten dira eta landare-espezie batzuk baino ez dute bizitzerik horietan. Hori esanda, garbi dago gatzak eragina baduela eta beraz, errepideetan botatakoak errepide-inguruko lurretan, zubietako zutabeetan edota gure ibilgailuetan eragina, handia edo txikia, izan dezakeela.
Baina berdina da egoera Kanadan eta Euskal Herrian, esaterako? Berdina da euskal Pirinioen lurretan eta euskal itsasertzeko hiri eta herrietan? Kanadan bospasei hilabete izozpean igarotzen dituzte; euskal itsasertzean zaila izango da aste pare bat baino gehiago igarotzea. Horrek berebiziko garrantzia du gatzaren eragina neurtzeko, aste pare batean botatzen den gatzaren eragina ezin baita alderatu sei hilabetetan botatzen denarekin.
Beraz, artikulu honen izenburuko galderaren erantzuna ez da ez “bai”, ezta “ez” ere. Erantzuna, leku bakoitzaren egoeraren araberakoa da. Euskal Herriari dagokionez, populazio gehiena biltzen den lekuetan gatzaren eragina nabariezina izango dela esatea zilegi iruditzen zait, eta aldiz, mendikate inguruetan bizi direnek pixka bat igarri ditzaketela ondorioak, baina ez askorik ere.