Espektatiba

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gaur esan dute berriro. Administrazioen arteko bikoizketak –hitza nork bikoiztu ote du?– aztertzen jarraitzen du Gasteizko Legebiltzarrak. Dirua gastatzen jarraitzen dute, beraz, harantza-honantzatan eta gasolinatan, garbian igual ezer ez ateratzeko. Iñigo Aranbarriren Hizlandia baterako terminoa dirudi, bikoizketak, sano oraingoa da, ekonomikoa.

Baina benetan liluratuta naukana Idoia Mendiaren eufemismo bat da. Bueltaka dabilkit, ezin burutik kendu. Funtzionarioen kidegoari aplikatuko dizkioten murrizketak ez ei dira eskubideen gainekoak, baizik eta espektatiben, esperantzen gainekoak. Espektatiba: ordutegi zentzuzko baten iguripena, lan eskaintza baten ilusioa, gaixoaldi-bajan orain arte aitortu zaien bezala kobratzeko itxaropena, erretiroaren ametsa...

Neure artean pentsatu dut sailburuek ere esperantza izango dutela ondo tratatuak izateko ospitaletan, lehorrera ekar ditzaten urak eroanez gero, kudea ditzaten euren zergak artez, hezi ditzaten euren umeak eskola finetan, eta lagun ditzaten erortzen badira inoiz pobreziaren eta espektatiba falten atzaparretan.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.