Oilo bustia ala hartza


Oier Araolaza @oaraolaza
2012ko urtarrilaren 22a

Dantzan puntu com, dantzaannnn, ennez bukatuta”. Zenbat aldiz errepikatu behar izan dugun zuzenketa hori azken hamar urteotan. Izena jartzerakoan pentsatu genuen indar gehiago zuela ‘n’z bukatutako “dantzan.com” horrek, eta gainera, beste erremediorik ere ez genuen, ‘n’ gabeko “dantza.com” zainzuriak, piperrak eta alkatxofak saltzen dituen Castejongo kontserberak hartua baitzuen ordurako.
Hamar urte dira Argiatik gonbidapena jaso nuela dantzan.com ekimenaren berri emanez artikulu bat idazteko. The Chicken dance, alegia, Oilaskoaren dantza izan zen artikulu haren izenburua. Maria Jesús y su acordeón eta bere pajaritoak Benidormen konfinatzea lortu genuenean, Ameriketako euskaldunen ezteietan jarri ziren modan, eta gainera, euskal jatorriko dantza zelako ustea zabaldu zen. Lisa Corcosteguik esplikatu zuen Oilaskoaren dantza Thomas Werner suitzarrak sortu zuela 70eko hamarkadan, eta harrezkero mundu osora zabaldua zela The Duck Dance edo La Danse des Canards moduko izenekin. Dantzaldizkaria webgunean eman zituen azalpenok ingelesez. Hori ikusita pentsatu genuen ingelesez ez dakitenentzat egin behar genuela antzeko zerbait. Horrela sortu zen dantzan.com, eta horrela hasi nintzen Argiarako artikulu hauek idazten.

“Euskal dantzarien komunitatearen informazio trukea bideratzeko sortu da dantzan.com, euskal dantzari eta dantzazaleen gunea” idatzi nuen oilaskoarenak esplikatu eta gero. Dantzari batzuen gogoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza eta CodeSyntax enpresaren gidaritza teknologikoarekin abiatu ginen. Bidean zientoka dantzari eta dantzazale, elkarte, talde eta norbanako batu zaizkigu, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso dugu, eta dantza arnasten duen komunitate erreala trinkotu da gune birtualaren bueltan.

Hamargarren urteurrena ospatzeko unean hileta kanpaiak jo ditugu. Diru-laguntzen jaitsierak eta beste diru-sarrerak murriztuta dantzan.com itxi beharra izan dugu. Oilaskoaren dantzaz gain, hartzaren hibernazioaz aritu gara dantzan.com-en. Jakin dugu neguan hartza leizean ezkutatu eta lozorroan izaten dela, kieto, hilda bezala. Kandelaria ostean, inauterien usainera iratzarri eta indarberrituta itzultzen da. Horixe amesten dugu guk ere. Hartzaren neguko loaldia izatea nahi genuke, indarrak batu eta udaberrirako esnatzeko. Baina, nola jakin lotara joaterakoan negu luzearen ostean iratzarriko ote garen? Hartzaren dantzarekin amets egiten dugu; ea ez garen oilo bustiarenarekin geratzen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude