“Diru asko irabazten nuen, baina aspertu egiten nintzen”
Zintzotasun osoz diot: Lehen, Nevadako [kasinoen] monopolioarekin, diru asko irabazten nuen, baina aspertu egiten nintzen. Jokotik lortutako etekinetako asko BSPri (Basque Studies Program) eman nizkion anonimoki. Agian milioi erdi dolar baino gehiago. Beste gauza batzuen artean, euskara-ingelesa hiztegiaren proiektua mantendu nuen, hamar urte iraun zuen lanak. (...) Aspertu egiten nintzen dirua irabazten nuenean, beraz, filantropia asko egin nuen. Aldiz, negozioak gaizki doazenean, txunditu egiten naute. Asko sufritu nuen hainbat urtez, baina aspertu, inolaz ere.
“Itzeako atea jo nuenean iluntzen ari zuen...”
Caro zenbait premisa eta eraginei lotutako pentsalaria zen. Zehazki, niretzat, Caro iloba zen ofizioz. (...) Julio ikusi nuen azken aldia, Euskal Herritik Italiara nindoan eta udako egun ekaiztsua zen. Azken orduan erabaki nuen kasu egitea. Itzeako atea jo nuenean iluntzen eta trumoika ari zuen. Berak ireki zidan, mirabea ez zegoelako (...) Afaltzera joan ginen eta etxean lo egiten geratzeko esan zidan. Ekaitzagatik argirik ez zuen gela batetara eraman ninduen. Juliok kandela bat piztu zuen eta joan aurretik esan zidan hura bere osabaren logela zela. Pio-ren ohean etzan nintzen eta mahaitxoan objektu dekoratibo bat baino ez zegoela ikusi nuen: Juan de Alzate liburua. Osorik irakurri nuen kandela haren argitan.
“Milaka e-posta erantzun behar izan ditugu”
Hain da handia gure aktibitateaz euskaldunek eta ez-euskaldunek duten interesa, batzuetan kosta egiten zaigula erantzutea. Milaka e-posta erantzun behar izan ditugu. Anglo munduan ere informazio iturri gisa balio dugu euskaldunen inguruan. Adibidez, Madrilen M-11koa gertatu zenean (...) gure telefonoak jo eta jo aritu ziren. CNNkoak, BBCkoak eta nazioarteko prentsako eta irrati-kateetakoak ziren, gure iritzia eskatuz. Hainbeste ziren jaso genituen deiak, Zulaikak eta biok elkarrizketak banatu behar izan genituela.
“Nire buruari galdetzen diot nork negoziatu dezakeen ETAren izenean...”
[Joseba] Zulaikak eta biok idatzi dugun moduan, ETA kontzeptu gisa hartzen dut, egitura homogeneo gisa baino. Nire buruari galdetzen diot nork negoziatu dezakeen ETAren izenean eta nork onar dezakeen emaitza bere izenean. ETA belaunaldiz belaunaldiko gertakaria da, gazteez elikatzen da. Ez dauka bere izenean hitz egiten duen pertsonarik, ezta barne prozesurik ere, pertsona bati baimena eman solaskide moduan mahai batera joan dadin, eta itzulitakoan, han erabakitakoa onartzeko. Ez bada gero, ETAren ondoren, “beta” edo “zeta”rik sortuko.