AAA(H)

François Fillon frantses ministroak deklaratu du, zorra eta ongizate eredua hobesten darraitenek estatuen modernizatzeari beldurra diotela. Sarkozyren gobernuak, bistan dena, ez du lotsarik. Baina kudeatzea suertatu zaien lurraldea alferrez, iruzurgilez, ebaslez, inutilez osatua denez labana eskuan herriaren gorputz malguan sarraski odoltsuak dagizkite, merkatuei plazer egiteko. Ez baitute AAA nota galdu nahi. Hezkuntza, zerbitzu publikoak, kultura eta osasuna sakrifikatuak dira. Jendetasun harremanaren oihala iruten duten hariak alabaina.

Steve Reich minimalistak sortu WTC 9/11 obra entzuten ari naiz zutabea idatzi bitartean. New Yorkeko Dorre Bikien leherketak, terrorismo islamikoaren aurkako borrokaren aitzakian, neoliberalismoaren ahoak zabal-zabalik utzi zituen. Politika alorra desertu bilakatzen ikusten dugu dagoeneko. Alderdiak merkatuen tiraniaren aitzinean belaunikatzen eta nahasten dira. Lagun batzuek ezkerraren eta eskuinaren arteko mugak uhertu direla ondoriozta dezakete, beraien bikoizkeria justifikatzeko batez ere. Politikaren denbora luzea da, eztabaidatsua, bakoitzak uste duela jakitea nondik mintzo den eta norentzat. Azken hilabeteotan merkatuak argiki demokraziaren jokoa ukatzen du estatu anitzetan. Demokraziaren ideia hazi zuen Grezian lehenik, Italian gero, Espainian eta Frantzian laster.

Atenasen eta Erroman gertatuak deigarriak zaizkigu. Hauteskunderik gabe aldatu dira gobernuak: Papandreou eta bere erreferendum xedea kanpora Papademosen faborez, Syntagma plazan; Berlusconi kalamitatsuaren lekuan Mario Monti, Forum Zaharraren hegian. Papademos, Monti eta Draghi Europar Banku Zentraleko zuzendaria, Goldman Sachseko arduradun ohiak dira hiruak. Parlamentuek ez zuten diktatuen aurrean baiezkoa bozkatzeaz beste aukerarik izan. Oldartzen ahal ziren noski, baina ez ziren higitu, beraien ahalmenen konfiskatzea onartzen zuten, ondikotz, halabeharrez bezala, aspaldian idatzi merkatu jainko omnipotentearen lehen manamenduari men eginez.

Merkatuen iritziz gobernuak ez dira aski fite ari langileriaren eta herresteriaren “pribilegioen” suntsiketaren bidean. Egiturak modernizatzen hots, Fillonek dioenez. Helburua da enpresek eta bankuek zotz bakar bat ez dezaten gehiago xahu sozial alorrean, lana Txinako zein Errumaniako prezioan ordainduz adibidez, praktikan erretretarako dretxoa ezabatuz, osasuna norberaren gain abandonatuz eta bereziki nagusigoaren parte-hartzea egitura kolektiboetan hutsaren hurbilera borobilduz. Grezian jada baliabiderik ez duten herritar xumeak gobernuz kanpoko mediku erakundeen ateetan metatzen dira. Etikoki onargarria al da pobrezia uhin orokor hori Frankfurteko Ostende auzoan miliarrak despendiatuz Eurotower berriak eraikitzen ari den Europa batean?

Steve Reichen melodia bukatu da. Kronos Quartetak bildu ahotsak dio: It was not an accident... Ez, ordutik hona gertatuak ez ziren istripuak, ekonomialariek botere politikoak gatibatzeko sakonki hausnartu taktika manipulatzaileak baino, zorraren obsesio morbidoa barne. Zehazki formatatu diskurtsoak azpimarragarriak dira: eskubideak kentzen dituzte libertatearen, berdintasunaren eta haurridetasunaren izenean, betekizun dorpeak gehitzen elkartasuna deituz eta seguritate sozialaren dinamitatzeko Erresistentziaren Batzordeak horren sortzeko baliatu ideia berdinak deiadartzen dabiltza.

Stephane Hesselek preziatuko du.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude