Manel: Mugak hausten dituen pop-a

  • Salmenta errekorrak, urrezko disko bat, prentsa espezializatuaren eta entzuleen gorak eta bibak. Katalanez abesten den pop musikan ez zuten halakorik ezagutu aspaldi, Manel taldea agertu arte. Bai, fenomenoari eman diezaiokezu garrantzia; baina handia izanik ere, puskaz interesgarriagoak dira haien kantak. Eta horiek erakustera datoz Donostiara, Bilbora eta Iruñera azaroaren 15ean, 16an eta 18an. Funtsean, Manel musika egiten duten lau gazte baitira, foku guztien argipean dauden arren.

Ezker-eskuin, Roger Padilla, Guillem Gisbert, Martí Maymó eta Arnau Vallvé, Manel taldeko kideak.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Pep Guardiolarekin konparatu izan dituzte inoiz, eta ez da oso oker botatako tiroa, Bartzelonako entrenatzaileak bezala adierazpenetan umil, emaitzetan distiratsu izatea baita Manelen bereizgarrietako bat. Mutiko zintzoak, oinak lurrean edukitzen dakiten horietakoak, arrakasta dotoreziaz jasaten abilak. “Ez genuen espero” dio Arnau Vallvé taldeko bateria-jotzaileak telefonoaren beste aldetik, aurten argitara eman duten bigarren diskoak (10 milles per veure una bona armadura) beraien herrialdean, baita handik kanpo ere, lehenbizikoak baino onarpen zabalagoa ekarri diela-eta galdezka hastean. “Denbora pixka bat pasa da eta orain bai, apurka-apurka sinesten ari gara”.

2008ko Els millors professors europeus diskoarekin entzuleak eta kritika harritzea lortu zuten. Formula: pop musika zaindua, folk ukitu nabarmenaz; intimismora iritsi gabe oso hurbilekoak egiten diren hitzak, moldaketa aberatsak eta ukelelearen soinua etxeko marka gisa. Bigarren lanean aldatu egin da hori, sokazko instrumentu txikiari ez diote hainbesteko protagonismorik eman. “Jendeak asko identifikatu gaitu ukelelearekin eta Guillemek [Gisbert, taldeko abeslaria] zuzenean jotzen zuen tresna bakarra zen. Baina inoiz ez dugu gure bereizgarritzat hartu. Momentuak izaten dituzu, Guillemek gitarra ere jotzen du, banjoa ere badaukagu... Gustatzen zaigu gauza berriak probatzea, eta beraz ukelelea erabiltzen segitzen dugu, baina ez dauka hainbesteko protagonismorik”. Musika berria egiten hasita, muga ere izan zitekeelako, agian? “Kantak egitean ez, gitarraren antzekoa delako. Mugatu, estetikoki mugatzen zuen, oso soinu konkretu batetik abiatzen zarelako eta azkenean denak aurrekoaren antza hartzen du”.

Eta ez zuten nahi disko berria Els millors professors europeus (bis) izatea. Fortunak ausartei egiten die irribarre eta hori jakinda sartu ziren estudiora, 10 milles per veure una bona armadura-n zerbait diferentea eskaintzeko asmoz. Diskoa grabatzeko prozeduratik hasiko dira aldaketak. Lehenbiziko lanean etxetik kantak oso mamituta eraman zituzten. “Bigarrenean berriz –azaldu du Vallvék– estudioan sartu eta gauzak probatzen hasi ginen, aurretik prestatuta geneuzkan ideien gainean, baina denok batera aproba eginez. Grabatu, ezabatu, berriz grabatu, dena ezabatu berriz... Ez dakit azkenean nabaritu den, baina horretan aurreko diskoaren ezberdina izan da”.

Ez da, beharbada, lehenengoa bezain erraz sartzen den diskoa, ez da hain bat-batekoa, ez ditu hainbeste single, nolabait esateko. Izango da kanta askotan uko egin diotelako errepikak erabiltzeari. Vallvék dioenez, jendeak esan arte ez ziren konturatu horretaz. “‘Ez dago errepikarik!’ esaten ziguten eta, egia da; eta ez dakit zergatik atera diren gehienak horrela. Kantek testu asko daukate eta letra motarengatik, askotan istorioak kontatzen dituztelako-eta, errepikak sartzea problema izan daiteke, kontakizuna mozten duelako”. Dena den, badira errepikadun kantak ere, Boomerang bezalakoak, nahiz eta leloa ez izan erabat ohikoa. “Kanta horren gauza arraroa zera izan zen: pentsatu genuela alderantziz egitea. Errepika hustu, nolabait, eta estrofetan jarri indarra”. El Miquel i l’Olga tornen piezan ere antzeko zerbait gertatzen da. Harremana hautsi ondoren berriz itzultzea erabaki duen bikote baten istorioa da eta leloak dio “oker gabiltzala bezain argi dago, egin egingo dugula”. Melodiak eta Gisela Fullà-ren bigarren ahotsak transmititzen duten baikortasunak, kontrastea egiten du istorioak iradokitzen duen amaiera tristearekin.

Istorio hurbilak

Kanta horretako pertsonaiak benetakoak ote diren galdetzea saihestezina da, Manelen beste askotan bezala, izen propiodun protagonistak baitituzte istorioek. Baina ez, lagunarteko txantxa modukoa dela dio Vallvék: “Bada Espaldamaceta izeneko kantautore kataluniar bat, laguna dugu, Madrilen ezagutu genuen jotzera joan ginen batean. Berak badauka kanta bat Al Miquel l’ha deixat l’Olga izenekoa [“Olgak Miquel utzi du” izango litzateke euskaraz], eta guk disko honetarako kanta hau egina geneukan, ez genuen espresuki jokoa egiteko sortu, baina ikusita kantaren gaiak bat egiten zuela, keinua egin nahi izan genion”.

Istorio hurbilak dira Manelenak, eguneroko egoera arruntetatik atereak, baina lirismorantz eta malenkoniarantz egiteko joera dute, baita batzuetan –Aniversarin, berbarako– errealismo magikotik hurbil ibiltzeko ere. Hitzek pisu handia baitute talde honetan eta kontzertuetan ere antzematen da hori. Kanta eta kanta artean asko hitz egiteko ohitura daukate, abeslaria storyteller bikaina da eta taldearen labeletako bat bihurtu da. “Aurreneko biran oso baliagarria izan zen: Guillem istorioak asmatu eta esplikatzen hasten zen, eta pixkanaka istorio hori kanta bihurtzen joaten zen. Horrela jendea zer esaten ari zaren entzuten geratzen da, arreta zeureganatzen duzu, kantan sartzen dira eta jotzen hasi zarenerako badakite zertaz ari zaren”. Bigarren biran hori ere ez dute bere horretan errepikatu ordea, Herrialde Katalanetan entzuleak ohituta dauzkatelako honezkero. “Kataluniatik kanpora joatean balio du oraindik, azalpena gaztelaniaz egiten duzulako eta jendeak badaki kantak zertaz hitz egiten duen, nahiz eta gero hitzak erabat ez ulertu”.

Katalanez, mugak hausten

Maiz aurreneko diskoarekin zerua ukitzen duten taldeek bigarrenarekin zorua jotzen dute. Ez da hau izan kasua, bistan denez, ez alderdi garrantzitsuenetik –musikaren aldetik, alegia–, ezta publikoaren aldetik ere. Askok harrituta jaso zuten berria: katalanez abesten duen talde bat Espainiako Estatuko diskorik salduena? Bai. 10.000 kopia aste bakarrean, zuzen-zuzenean salmenta zerrenden lehenbiziko postura. Bere estiloari fidel izanda eboluzionatzeko egin duen ahaleginak emaitza onak eman dizkio Maneli. Eta hortik Iberiar Penintsula zeharkatzera, baita normalean hizkuntz gutxituetan egiten den musikari gaingiroki baino begiratzen ez dioten hedabideetan agertzera ere. Muga batzuk hautsi ditu Manelek.

Beste batzuk hausteko daude oraindik: musika mundua utzi eta erretiroa hartzeko moduan leudeke taldekideak, gaztelaniazko prentsan katalanez kantatzeari buruz galdetu dieten bakoitzeko euro bat kobratu izan balute. “Hizkuntza kanpora ateratzeko muga izan daitekeela egia da, neurri batean: kanta batek gehiago edo gutxiago hunkituko zaitu esaten duenaren arabera eta erraz ulertzen baduzu puntu gehiago dauzkazu alde. Baina era berean, badago ohitura moduko bat... Jende askok utzi egin dio kanpora irteten saiatzeari. Ez dakit Euskal Herrian gauza bera gertatzen den, baina Katalunian askok esaten dizute: ‘Ez du merezi Madrilen saiatzeak ere, ez gaituzte ulertuko’. Eta mentalitate horrek ere eragin du agian, talde gehiago ezagun ez egitea”. Konplexuak alde batera utzi eta entzule berriak bilatzearen alde egin du Vallvék, katalanez musika ona beti egin izan dela aldarrikatuz: “Guk ere hasieran ez genuen batere argi ikusten, baina managerra ideia horrekin zebilen, aurrera egin eta ondo atera da”.

Euskal Herriko entzuleekin konexio berezia daukatela dio Manel taldeko bateria-jotzaileak. “Bilboko kaleetan ibiltzea eta kontzertuan egon den jendea hitz egitera hurbiltzea, oso berezia da”. Herrialde Katalanetatik kanpo, Galizian eta hemen izaten ei dute harrera beroena. “Eta Madrilen, kataluniar asko bizi delako han; baina tira, leku bakoitzak dauka zerbait” dio, diplomaziaz. Ingalaterran ere aritutakoak dira, baina irteera horiek anekdotikotzat dauzkate, taldeak bere kasa antolatzen baititu, gogoa daukatelako eta irabazi asmorik gabe. Horretan nabarituko dute, apika, Guardiolarekin diferentzia: musika munduko Champions Leaguean jokatzeko ia ezinbestekoa dela, oraindik, ingelesez kantatzea.


Azkenak
2025-07-21 | ARGIA
Euskararen aldeko ‘jauzi’ baten alde mobilizatu dira Maulen, Donapaleun eta Baionan

Igande goizean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian Euskarazek deituta, Geldi euskara zapaltzea! lelopean.


2025-07-21 | ARGIA
Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia aldarrikatu dute milaka herritarrek udaletxeen aurrean

UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok... [+]


2025-07-20 | Garazi Zabaleta
Aukera Natura
Kuartangoko lursaileko paisaia eraldatzen

Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]


2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Sagastien joeraren hipotesia

Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu... [+]


Enborrik zulatzen ez duen okila

Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


Eguneraketa berriak daude