Garbiketa lanetan ari diren emakume ikusezin horiek

  • Florence Aubenas kazetari frantsesak hogei urtez bisitatuak zituen gerra guneak, komisaldegiak, auzitegiak, greba luzean zeuden lantokiak, 2005ean gerrillariek Iraken bahituta eduki zuten bost hilabetez... Baina 2009an eskolarik gabeko 48 urteko andre bihurtu eta lan bila hasi zen. Sei hilabetetan ohartu zen ezezagunena etxean bertan daukagula.

Argazki txikian Florence Aubenas Quai de Ouistreham liburua aurkezten. Iraken bahituta egon zen kazetari honek aitortua du ez balitz gerra hartan zaildu nekez gaindituko zituela garbiketa laneko sei hilabete gogor haiek, prekarietatean ari diren emakumeen
Argazki txikian Florence Aubenas Quai de Ouistreham liburua aurkezten. Iraken bahituta egon zen kazetari honek aitortua du ez balitz gerra hartan zaildu nekez gaindituko zituela garbiketa laneko sei hilabete gogor haiek, prekarietatean ari diren emakumeen lan baldintza eskandalagarriak: kontratu eta lanpostu labur ugari, egunean zehar leku askotara mugitzeko ordainik gabeko joan-etorriak, soldata murritzak, presioak, garaiz bukatzera iritsi ezina, segurtasunik eza... eta inguruko herritar eta langileen begietan ikusezinak izatea. Lankideen arteko miseriak baina baita solidaritatea ere, erorialdietan zutitzen lagunduz, autoa utziz, bukatu ezineko tarea osatuz. Argazki handia Presti-Travaux garbiketa lanetako konpainiak erakusten du bere gunean, aurpegirik gabeko oso irudi egokia behargin ikusezinen zerbitzuak eskaintzeko. Petri-Txavaux

Telebistan legez egunkarietan, denetan mila bider ikusia zen Florence Aubenas emakume kazetariaren aurpegia. 157 egun egin zituen gatibu Irakeko matxinoen eskuetan, Frantzia osoa hari begira. Ingurukoei jakinarazi zienean asmoa –lanik txarrenak eginez bizi ezinik dabiltzan emakumeetakoa izatea hilabete batzuez– izena eta itxura aldatzeko gomendatu zioten, burua soildu, arropa bitxiak jantzi... Alderantzizkoa eginda asmatu zuen: benetako izen eta itxuraz enplegu bila hasi zelarik bulego batetik bestera, laneko elkarrizketa hemen eta ikastaro laburra hor, ez zuen inork ezagutu.

Iazko udaberrian plazaratu zuen liburua Aubenasek. Quai de Ouistreham bataiatu zuen, moila hartatik ateratzen delako Ingalaterrarako ferrya, lantoki izan zuena. Oihartzun handia eduki zuen Frantzian. Orain ingelesez eman dute, Night Cleaner (Gaueko garbitzaile) izenburuz. Gaztelaniaz ez da zabaldu.

Libération egunkarian ibili ostean Nouvel Observateur astekarian ari den Aubenas 2009ko otsailean Normandiako Caen herrian aurkeztu zen Pôle emploi bulegoan.

Jatorrizko izen deiturak eman zituen etaasmatutako egoera berria kontatu: 48 urteko emakumea, bi haurren ama, azken urteetan lanik egin ez duena senarraren soldatarekin aise bizi zirelako, senarragandik apartatu berria, batxilergoaz gain beste titulaziorik gabea. “Edozein lan egiteko prest nago” esan omen zion lan eskaerak biltzen zituenari eta honek erantzun: “Horixe bera diote denek”. Hortik aurrerako pena eta nekeekin osatu du liburua. Berak bezala milaka emakume gehiagok sinatu zezaketen.

Sei hilabete aski izan zituen lanbide prekarioetan odolusten diren emakumeen ibilerak ondo ezagutzeko. “Hasi eta ordu laurdenerako nire belaunak puztu ziren eta besoak txingurritu”, aitortzen du. Baina ez lanpostu alerik aurkitzeko. Lana? Ordu mordoxka bat goizean goiz eta iluntzean berandu sakabanatuta, Ingalaterrara doan ferryan, kanpinetan, bulegoetan.

Kazetariak helburutzat zeraman larruazalean frogatzea nola bizi diren gaur frantziar ahulenak, hilabetea 700 eurorekin zeharkatu behar dutenak. Hilean 348 euro kostatzen den apartamentu ñimiñoa alokatu zuen. Baina sei hilabetetan beltz eginda irabazitakoarekin ez zuen lortuko gastu guztiak pagatzerik. Eskerrak gorderik zituela Outreau kasuaz –pederastia salaketetan oinarritutako gertakizun famatua, epailearen hutsegite batekin borobildu zena– idatzitako liburuaren etekinak.

Caen hiria, 120.000 biztanle, industriagune izana da. Bigarren Mundu Gerran arras suntsitua izan baitzen, De Gaulle jeneralak aparteko begirunez lagundu zuen. Azken urteotan industria gehiena galdu du, manufakturak herrialde txiroagoetara deslokalizaturik.
Horrelako lekuetan nabarmenagoak dira azken hiru hamarkadotan langileen bizi baldintzetan gertatu diren aldaketak. Enpresa pribatuek bezala publikoek, baita instituzioek ere, funtzio osoak externalizatu dituzte, azpikontratei emateko. Garbiketa, esaterako. Zein enpresak –edo zein udalek– dauzka gaur garbitzaileak bere langiletzat? Ez Caenen, ez Lasarte-Orian.

Egun osoa edo zain edo lasterka

Lan behar gorrian dabilen emakumeak enplegu agentzietara joko du, eta hor ohartuko da, lehen ezustekoa, “lana nahi izatea” ez dela aski. Ehunka ari dira bera bezala, curriculua eguneratu behar du, ikastaroak egin, nagusi izan litekeenari motibatua dela erakutsi. Ahalegin guztiok kobratu gabe burutu beharko ditu.

Hori gainditurik, eskainiko zaizkion lanpostuak finkoak ez izatea ez da arazo larriena: “xerratan” bezala zatikatuta sartu beharko ditu orduak, ale batzuk hemen, bestetzuk han urruti. Denetara hilabetean 700 euro irabaztera ez iristeko.

Goizean goizetik hasita iluntzean oso berandu arte batera eta bestera mugitu ahal izateko, emakume horrek beharko du norbaitek eramatea edo autoa lagatzea. Zintzilik geratzeko arrisku galantarekin. “Bat-batean ohartu nintzen zein hauskorra zen nire bizimodu berria eta sentitu nuen edozeren eta edonoren menpe nengoela” idatzi du Aubenasek.

Lantegi prekariootan denbora ere bestelakoa da. Beti itxaroten, kontratazioko elkarrizketa baterako, edo autobusaren zain, edo bidaian, edo besterik gabe atzeratuta doazen enplegatu “ofizialak” noiz joango. Ordainik gabeko ordu ugari ordu ordainduzko ale batzuk egiteko.
Lanordua bera txiklea bezalakoa da, luzeago gerta daiteke, ugazabari komeni bazaio: “Aurrekoak 2 ordutan garbitzen zuen bulego hau, baina gure kalkuluen arabera zuk 1,5ean egin dezakezu”, esango dio ugazabak, nahiz eta gero Aubenasek berak ere bi beharko dituen zeregina amaitzeko... 30 minutu gutxiago kobratuta. Garbitzaileak sarritan taldeka ari baitira, erritmo horiekin ika-mikak gertatzea ez da harritzekoa.

Aubenas, ordea, bereziki txokatu du langile “normalen” eta herritarren sentsibilitaterik ezak. “Garbitzaileari ikusezina dela esatea kunplimendua dela uste dute askok. Zurekin oso gustura gaude, ez zaitugu ikusi ere egiten”.

Pasadizo krudel hau kontatua du liburuan: behin Aubenas sartu zen bulegoak egunero bezala garbitzera behargin guztiek alde egindakoan. Bikote bat geratu zen eta larrutan hasi ziren bertan. Florence erratza pasatzen ari zen haien aldamenean baina bi haiek berean segitu zuten garbitzailea beste traste bat gehiago bailitzan, erratzaren osagai bat gehiago. Ikusezina bihurtua zen.
Ingelesez plazaratu berria den liburuaren iruzkina egitean, The Guardian egunkarian Madeleine Bunting-ek alderatu du Florence Aubenasena 1937an George Orwellek plazaratutako The Road to Wigan Pier-ekin. Orwellena salatzailea zen, bestelako gizartea aldarrikatzen zuen. Aubenasena gordinago eta ilunagoa iruditu zaio. Langileok etsituago bizi dira gaur. “Markatu, umiliatu, jazarri eta zanpatu egiten dituzte hainbeste aholkulari, prestatzaile, ugazaba eta ekipobururen artean (...) Krudela da pertsona izatea galtze hori, etengabe pertsonaren indibidualtasuna sustatzen duten kultura honetan”.

Oraindik komunikabideetan estresa exekutiboen eta ardura handiak dituztenen arazotzat jotzen da. Aldiz, funtsean estresean bizi direnak eta osasuna galtzen dutenak lanpostu eskasotan ari diren behargin ugariak dira, emakumeak sarri.

Florence Aubenasek liburuaren aurkezpenetako batzuetan salatu du gainerako langileok barneratuta daukagula garbitzaileen ikusezintasuna. “Nork erabaki du bulegoak hutsik daudenean jardun behar dutela haiek? Ezin dute garbiketa egin gu lanean ari garen bitartean? Eta instituzioek, ezin dituzte hurbil dauden egoitzen garbiketak multzoka antolatu?”. Ikusten ez ditugunez...


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude