Haserretu gaitezen!

Ez da Argiaren irakurle asko izango Stéphane Hesselen berri ez duenik, elkarrizketa bikaina egin baitzion Sustrai Colinak apirilaren 10eko alean. Bere Indignez vous! liburuxka euskaraz ere badugu Inma Errearen itzulpenean: Haserretu zaitezte! Honetaz, apirilaren 17ko Berrian Leire Lopezek zioen: “…Euskal Herriari dagokionez, ez dut uste interes handiko testu bat denik”; bada, baieztapen hori gutxienez zalantzan jarri nahi nuke nik; beste kontu bat da 93 urteko agure handi honek esandakoarekin ados egotea edo ez, baina uste dut bete-betean guri ere badagozkigun pasarteak dituela liburutxoak bere laburrean.

Adibidez, “Indarkeriarik eza, ikasi behar dugun bidea” izenburupean, honela dio: “Konbentzituta nago etorkizuna indarkeriarik ezarena dela, kultura diferenteen arteko kontziliazioarena. Gizateriak bide horretatik abiatuta zeharkatu beharko du bere hurrengo etapa”. Baina hori irakurrita txaloka hasiko ziren batzuk baliteke orain amorratzea beste hauekin: “...bonbak jaurtitzen dituzten terroristak ezin dira justifikatu, ulertu egiten ahal zaie”. Zer? Hori terrorismoaren apologia hutsa da gero! Ba, hemen doa argiago: “...norbaitentzat jasanezina den egoera baten ondorio deitoragarritzat jo behar da indarkeria. Orduan, esaten ahal dugu terrorismoa sumindura-klase bat dela. Eta sumindura hori kaltegarria dela. Ez da sumindu behar, itxaron egin behar da. Sumindura itxaropenaren ukoa da. Ulergarria da, nik esanen nuke ia-ia naturala dela, baina horrek ez du onargarri egiten…”.

Garbi dio Hesselek (Sartre gazteari aurre eginez) terrorismoa ez dela eraginkorra. Orduan, kondena dezala indarkeria! Bada, hor dator berriro agurea: “Nork bere buruari esatea ‘indarkeria ez dela eraginkorra’ askoz garrantzitsuagoa da jakitea baino ea indarkeriari lotu zaizkionak gaitzetsi behar diren ala ez”. Izan ere, indarkeriarik gabeko itxaropena behar dugula uste du berak. “Konprenitu behar da indarkeriak bizkarra ematen diola itxaropenari. Esperantza hobetsi behar da, indarkeriarik ezaren itxaropena. Hori da ikasi behar dugun bidea. Hala zapaltzaileen nola zapalduen aldetik, negoziazioari heldu behar zaio, zapalkuntza desagerrarazteko. Horrek ahalbidetuko du indarkeria terrorista gehiagorik ez izatea. Horregatik ez da utzi behar herra gehiegi metatzen”.

Mandela eta Martin Luther King aipatzen ditu eredutzat, esanez: “Haien mezuak itxaropena gizarte modernoen gaitasunean jartzen du, ustez eta gauza izanen direla gatazkak gainditzeko elkar ulerturik eta pazientzia arretatsua baliatuta”. Baina horiek epelkeria pazifistak direla uste duenarentzat, irmo gaineratzen du: “Hori erdiesteko, eskubideak hartu behar dira oinarri, halako moldez, non eskubide horiek urratzeak, horren egilea edonor delarik ere, gure haserrea eragin behar baitu. Ez dago amore ematerik eskubide horiei dagokienez”.

Palestinarren zenbait ekimenen aurrean, israeldarrek “terrorismo ez-bortitza” kontzeptua asmatu badute (a zer larrua duten!), ezingo gaitu harritu hemen “gu demokratak” esaten dutenek Batasuna= ETA (+ kutsadura)=ehunka hautagai jokoz kanpo uzteko jukutria gaiztoa asmatu badute. Harritu ez, baina haserretu bai! Hala ere, haserrea eraginkortasunez bideratzen ikasi beharko, tentazio antzuak gaindituz. Ez dadila berriro ere bete gurean Hesselek dioena: “Zoritxarrez, historian gutxi izan dira beraien historiatik ikasbidea atera izan duten herriak”.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude