Ezusteko azterketa

Antton Olariaga
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

rtikuluotatik ezagutzen nauen inork gutxik sinetsi arren, oraindik neure burua poetatzat daukat (hauek ditut betegarri); horregatik, orain aste batzuk Alexek kontatutakoa ironia plantarekin hartu nuen. EGArako irakasleak nire artikulu bat eman zien galdera batzuekin. Berehala galdetu nion zein artikulu, bitarteko huts moduan, iritzia eman ziezadan, eta sotilki nire kezka estetikoak berari azaldu ahal izateko, bereziki –gauza ongi joanez gero– logelen dekorazioaren alorrekoak. Zoritxarrez eskolara huts egin eta azterketa emana berri zioten, etxean egin zezan. Irakurri gabe zeukan. Atera eta erakutsi zidan. A... artikulu hori... Fukushima eta nuklearrak. Orduan ideia bat bururatu zitzaidan, nire izaerak (egolatra eta kanpolarrosa) bultzatuta.

Nire artikuluari buruzko galderak nik neuk erantzuten uzteko konbentzitzeak lanak eman zizkidan. Ez al zuen ulertzen egoeraren ironia biribila? Beranduago gogoeta egin dut, ikasteko gogoak baino, nirekin berriro gelditu behar ez izatekoak mugitzen zuela, erantzunak e-mailez bidaltzeko aukera iradoki nionean amore eman zuelako azkenik.

Egin, bidali eta, orain gutxira arte, ez dut haren berri gehiagorik izan: Suspenditu dut (edozeinek, duela paragrafo bat edo bi, suposatuko zuen bezala, ironia eta biribiltasunaz zertxobait dakien edozeinek). Alexek haserre dirudi.

Egia da iruzkinean artikuluaren kontra argudiatu dudala. Porrokatuki. Berehala detektatu ditut nire arrazoibidearen ahulguneak (argi esanda: falaziak) eta diskurtso aurrerakoi nahi hori agerian uzteari ekin diot; baina ez nuen espero, egitean, hainbeste ergatibok eta mugagabek huts egin izana. Esaldiak hurrenkera egokian ez omen ditut erabiltzen. Eta, irakaslearen arabera, testuaren zentzua ez dut harrapatu. Irakasleak ez du batere baloratu nire asmo ____-a, hutsune batzuk ez betetzean, testua nirean hain ____ diren apainkeriez arintzeko.
Lagunak, ni larri ikusita, garrantzia kendu nahi izan dio, euskaltegiko euskara ____-n, nirea bezalakoan, “aizu, ez ezazu jan burua, zergatik ez dugu gero lasaiago erabaki bat hartzen elkarrekin?”. Hala ere, nik ezin izan dut itxaron eta, bestearen ordainetan, okertezinezko azterketa bat prestatu diot, gure artekoa konpontzeko. Gorde apunteak oraintxe eta atera boli bat.

Ariketak

1.– Ordezka itzazu azpimarratutako hiru hitzak ondorengo bat bakarrarekin: a) bare; b) zuri; c) motel.

2.– Egun “ironia” hitzaren abusua dago, kontuan izanik behin aipatuta desagertzen den zerbait dela. Testuan letra lodiz nabarmendu ditugu; ordezka ezazu bakoitza ondorengo hitz batekin: a) zentzugabe; b) txulo; c) mundu.

3.– Hutsuneak bete itzazu (bakarrik beharrezkoa bada) ondorengo hitzen batekin: a) eder; b) aspergarri; c) txar; d) jator; e) sexy.

4.– Ulermena: Aukeratu erantzun zuzena.

4.1.– a) Egileak Alexen logela ezagutu nahi du; b); Alexek e-mailez gelditu nahi du; c) Elkar aztertu nahi dute.

4.2.– a) Egilea nuklearren alde dago; b) Aurka dago; c) Aurreko bi erantzunak zuzenak dira; d) Aurreko hiru erantzunak zuzenak dira (baita hau ere); e) Aurreko esaldia okerra da Wittgeinsteinen Tractatusaren 3.332 puntuagatik; f) Aurreko esaldia zuzena da, beraz, artikulu hau guztia okerra da.

5.– Idazlana. Zer irizten diezu hau bezalako testu autorreferentzialei? Ihesbidea da? Hala bada, zeretik? Nuklearren gaitik? Gertuagoko egoera politiko usteletik? Nork zuzentzen gaitu? Sasi-demokrazia hau salatu ahal da betiko hitzekin? (400 hitz).


Azkenak
Eguneraketa berriak daude