Urre galdua

ezkurrak
www.accuesp.com

Hur eta ezkur, denak urre. Urre galdua. Hurra zokoratua eta ezkurra... Harrapazan ezkurra! Gutako erdik ezagutu ere ez genuke egingo. Izan ere, marka da gurea!

Ezkurretan dugun aberastasuna erabat ahaztua dugu, baina bada oraindik jakintza haren aztarnaren bat. Garai bateko gure basoko herrietan, gailur eta agirre gotorretan, ezkur-irinaren berri bada. Etnobotanikariren batek ere Nafarroako Bakedanon jandako ezkur-ogiaren berri jasoa du. Urbasapeko Ameskoabarreneko herri honetan artaditik bada (Quercus ilex), baita, inondik ere, arteari etekina ateratzeko artetik ere.

Ezkur-ogia egiteko patxada metatu eta, soseguz, hartu petxu: alea zuritu, ordu pare batez irakin, irakinaldian belzten denero ura berritu, ezkurrak ere beltz-beltz egingo dira, labe bero-beroan ordu betez lehortu, xehe-xehe ebaki eta eho, ordu erdiko beste berotu bat eman labean, errotan eho, berriz errotan eho... Honela ezkur-irina izango duzu, ondoren ogia egiteari ekin. Edo pastela, bizkotxa...

Ezkurra urre izan bada, hurra zer esanik ez! Hurra eta urrea hurren, hurreko, hurko. Sagardogile eta musikari izanagatik lagun dudan baztandar batek bere inguruetako berri eman berri dit. Aritzakun eta Urritzate aitatu dizkidanean lehenaz gain liluratu nau.

Erromatarren garaiko meatzeak ditu ahoan: Minetako zokoa, Minetakozoko turrie, Urreputzu, Urreputzugañeko, Urreputzubeitiko, Meatzetako kaskoa, Meatzetako bizkarra, Meaka, Meatzako gaina, Usategiko Meatzeko lepoa... Bada meari buruzko aipamenik bertako toponimian. Urrea ateratzen omen zuten erromatarrek Baztanen, Baztandik. Teknika aparta zuten: ura pilatu, mendia jotzera bideratu eta lurra askatu. Honela harrotutako lur pilak, erreketatik desbideratutako urekin nahastuta zanga edo erreten artifizialetan barrena eraman arazten zituzten. Hauetan, tarteka ote (Ulex europaea) pilak sare gisara jarri eta urre-koxkorrak bertan kateatzen ziren. Otearen arantza urre arrantzan. Otea txarra omen da, gero! Sasoi honetan dotore asko ageri da, baita Baztanen ere, hori-hori lore batean. Urrea urre koloretan lore.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2019-05-19 | Jakoba Errekondo
Zaldaleak irabazten

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta gauak hamabina ordu izan zituzten. Ordutik eguna... [+]


2019-03-31 | Jakoba Errekondo
Klima aldaketa eta paisaia

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko... [+]


2018-09-16 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren emakumeak

Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis), sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera)... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun... [+]


2018-07-22 | Jakoba Errekondo
Alde guztietatik jatea

Euskal Herrian nekazaritza etengabeko kolonizazioaren historia da. Toki guztietan bezala. Lehen lantzen ez zen lurra lugorritu; lehen ereiten ez zen uzta erein; lehen jaten ez zena gozatu. Dena beste nonbaitetik ekarria. Historia horietako asko idatzi dituzte nonahi laboreek;... [+]


2018-04-22 | Jakoba Errekondo
Kurka-kurka

Laboreekin egiten diren ardoetara itzuliz, ezker-aihena (Humulus lupulus) kontserbatzaile eta dasta mikatzaren eransle dute. Laboreak eta ezker-aihena uztartzeak makina bat zurrustada gozo sortua du, kurka-kurka, batik bat garagardoaren herrialdeetan. Lagun batek azaldu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude