Martxoaren 26an jende elkarretaratze erraldoia gertatuko da Londresko karriketan, krisiagatik estatu britainiarrak zerbitzu publikoetan ezarri dituen murrizketen kontra aldarri egiteko. Ehundik gora herri eta auzotan ari dira ‘anti-cut’ taldeak, klase guztietako ekintzetan, autonomoak baina aliantzan loturik. AEBetara zabaldu da mugimendua.
“How to do a bail-in” itzultzea ez da erraza, baina YouTube zerbitzuan esaldi hori jarrita eskaintzen zaizun bideoa ikusten baduzu berehala ulertuko duzu. UK-Uncut –Murrizketarik gabeko Erresuma Batua– mugimenduko neska gazte baten eskutik joango zara banku baten egoitzaz jabetzera... modu sinbolikoan bederik.
Bail-out negozioetako hizkeran erreskatea da, norbaitek zordun baten bermea ordaintzea. Azken hiru urteotan buru gainera jausi zaigun krisiaren testuinguruan, bail-out da estatuek banku askorekin egin dutena, sistema osorik pikutara joan ez dadin haien zorrak bereganatzea. Ezkerrak urte luzez aldarrikatutakoa –bankuen nazionalizazioa– baina arras alderantziz, estatuak zorrak baizik bereganatu ez dituelako.
Ditxosozko erreskateekin bankuek beren malurrak estatuei pasaturik, orain agintari politikoek diote ongizate gizartea sustatzeko nahikoa diru ez dagoela, eta zerbitzu publikoetan mozketak egin behar direla. Horren erantzuna da bail-in ekintza: herritarrok pagatzen ditugunez bankuen zorrak, egin gaitezen fisikoki bankuen jabe. How to do a bail-in bideoan ikusiko duzu gazte koadrila bat Barclays bankuaren bulego bat okupatzen, zertarako eta bertan liburutegi publikoa instalatzeko.
Gisa horretako ehunka ekintza burutzen dituzte Britainia Handian ziento bat herri taldek. Anti-cuts: Alliance of defiance (“Murrizketaren etsaiak: Desafioen elkartasuna” euskaratu genezake) artikuluan deskribitu du mugimendua Red Pepper aldizkari ezkertiarrak.
Talde batek hiru kide dauzkake kalean grafitiak egiten dituztenak eta beste bat kapaz da 3.000 jende mobilizatzeko. Taldeak bezain ezberdinak dira ekintzak. Batek irakurketa publikoa antolatzen du auzoko liburutegi publikoan, aldiz, beste batek hitza hartuko du udal biltzarrean gastu murrizketak eztabaidatu behar dituzten saioan, edo beste hark, berriz, mobilizazio iraunkorragoak burutuko ditu ixtera kondenatu duten enplegu zerbitzua salbatzeko.
Klase askotako jendeak bildu dira mugimenduotan, izan laguntzarik gabe aurkitzear diren ama ezkongabeak, luzaz xomaian dauden langabeak edo unibertsitateko ikasleak. Mugimenduan erreferentzia den Oxford SOS taldeko batek honela laburbildu dio espiritua Red Pepperri: “Elkarri laguntzen diogu borrokan, nork bere historia ezagutaraziz eta murrizketa horien bidegabekeria ikusgarri bihurtuz”.
Sei hilabeteotan ugaritu diren taldeen artean Osford SOS da famatuenetako bat. SOS horrek laguntza eskea adierazten du baina bada ere Save Our Services (Gure zerbitzuak zaindu ditzagun) ideiaren akronimoa. 60 kide biltzen ditu, elektroposta bidez 400 gehiagorekin dago harremanetan eta jerarkiarik gabe antolatuta dago, jarduera oso anitza burutzeko: ekintza zuzena, ikastaldiak, hitzaldiak, hedabide txikiak....
Manchesterreko Anti Cut taldea ere, Oxfordekoaren antzera, erabat autonomoa da. Badira gehiago. Autonomia horretatik antolatzen dute gero elkarlana sindikatuekin eta alderdiekin. Dena dela, beste gehienak askoz lotuagoak daude sindikatuekin. Sindikalista batek Red Pepperri deklaratu dionez, “sindikatuek mugimendu sozial bihurtu beharra daukate”.
AEBetara hedatu dira
Oxford SOS taldeak gaur biltzen eta ordezkatzen ditu dirulaguntza publikoen murrizketek kaltetzen dituzten herritar asko. Hori lortzeko, hiru arau ezarri dizkiete kideek beren buruei. Bat, arazoa gainean daukaten herritarren parte hartzea bultzatu bilera guztietan. Bi, komunikabideak istorio bila hurbiltzen baitzaizkie, lagundu jendeari kazetarien aurrean gauzak ondo agertzen. Hiru, bakoitzaren neurriko ekintzak sustatu, txiki eta handi, isilpeko edo burrunbatsu.
Anti-cut taldeok kontraesan bat baino gehiagorekin aurkitu dira. Esaterako, alderdi politikoekin elkarlanean hasita, zer eska dakioke eta zer ez udal ordezkari bati? Beste arrisku hau ere badago: murrizketa batzuen kontrako kanpainak arrakasta izanez gero ez ote duen ekarriko mozketak beste leku batera edo beste jende bati pasatzea. Oxford SOSeko kide batek deklaratu duenez, honetan ere bada NIMBY fenomenoan erortzeko arriskua. Not In My Back Yard, euskaraz “Nire etxe ondoan ez” esango genukeena, erreakzio oso gizatiarra da.
Martxoaren 26ko manifestazioak emango du Britainia Handiko ehundaka taldeon indarraren neurria. March for the Alternative deitu dute, martxa eta martxo hitzegaz jolas eginez. “Esan ezetz beharrezkoak eta justuak ez diren murrizketei”. Sozialdemokrata batek sinatzeko modukoak eskatzen dituzte: bankuei zerga egokiak ezartzea –Robin Hood zerga famatua–, zergen iruzurra moztea eta enplegua eta hazkunde berdea sustatzea. Ez da herturarik hemen.
Mugimendua hilabeteotan Amerikako Estatu Batuetan ere hedatu da, Britainia Handiarekin batera neoliberalismoaren aitzindaria izan den hartan. Murrizketak sekulakoak dira han ere zerbitzu publikoetan, baina baita langileen eskubideetan ere, asteotan Wisconsingo funtzionariak salatzen ari diren gisan.
AEBetan beste inon baino nabarmenago ikusten da gizarte industrializatuetan krisiak pobreak pobreago egin dituela eta aberatsak are lotsagabeago. Truth Out gune aurrerazaleak deskribatu ditu AEBetan Uncut (Murriztu gabe) deitzen dituzten taldeak.
Bank of America bankuaren eskandalua salatzen dute bereziki. Horren gainbeheran eta nazionalizazioan gertatzen ari direnak epelena haserretzeko moduak direlako, diru publikoz salbatutako bankuaren arduradunek kobratzen dituzten dirutza harrigarrekin eta abar.
“Estatu Batuen arazoa ez da defizita, arazoa da zergak ez direla kobratzen” salatzen dute talde horietatik. Estatuari dirurik uzten ez dioten multinazionalen adibide asko ematen dituzte. Horietako baten berri oraintsu jakin dugu hemen: ExxonMobil petrolio konpainia erraldoiak Espainia usatzen du paradisu fiskaltzat.
Britainia Handian ez bezala, AEBetan jendea uzkurrago dabil talde horietan nabarmentzeko. Korporazio handiek gobernuaren laguntzarekin horietan espioiak dituztela eta gaur ez bada bihar mendekua jasoko duten beldurrez mintzo zaio bat baino gehiago Truth Outi.
Baina herritar askoren bizi mailak kolpe gogorra nozituta, Uncut taldeok gero eta oihartzun handiagoa daukate. Agintariek “austeritatea”, soiltasuna, aipatzen dute zerbitzu publikoak murrizteko, baina austeritate selektiboa da, beren buruei eta enpresen jabeei ezartzen ez diotena. Orain jendeak ez dira borrokatzen urrutiko oihanak salbatzeko, duintasunez bizirauteko baizik.
Xak eta Ekiza
Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.
-------------------------------------------------------
Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]
Jaizkibel konpainia berdinzaleak bi ekintza berezi egin ditu Hondarribiko alardearen egun honetan. Batetik, urte luzez ukatu zaion eta Alarde Tradizionalak baino erabili ez duen espazio oso sinbolikoa bere egin du; bestetik, gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako... [+]
Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]
Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.
Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]
Etengo du. Hori da kaskora supituan etorri zitzaidan pentsamendua, gosaria ahoan eta Euskadi Irratia sintonian, Imanol Pradales lehendakaria entzun nuenean CAF “gogoeta etikoa” egitera gonbidatuz, Palestinako lur okupatuetan trena eraikitzeko duen kontratua eten edo... [+]
Astebete igaro da Bartzelonako portutik Global Sumud Flotilla ekimeneko lehen ontziak itsasoratu zirenetik, Gaza helburu. Tunisian lurreratu berri erantzun ditu ekimeneko euskal ordezkaritzako kide Itziarrek ARGIAren galderak, igande arratsaldean. Flotillako Tunisiako ontziekin... [+]
Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin;... [+]
Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]
Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako... [+]
Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]
Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.
Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]
Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]
Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.