Nork ordainduta mozorrotu zen ekologistaz polizia?

  • Bederatzi urtez aritu zen Mark Kennedy Britainia Handiko militante ekologista sutsuenen artean poliziarentzako eta konpainia pribatuentzako zakur lanean, hanka sartze ttiki batek agerian utzi duen arte. Zergatik eta zertarako? Antza denez, ingurumenaren aldeko ekintzak burutzen dituzten taldeak terrorista arriskutsutzat dauzkate.

Britainia Handian ekintza zuzenetan ari diren mugimenduen informazio eta analisiak zabaltzen dituen SchNews guneak dauka Interneten Mark
Britainia Handian ekintza zuzenetan ari diren mugimenduen informazio eta analisiak zabaltzen dituen SchNews guneak dauka Interneten Mark "Stone" Kennedyren argazkietako bat. Bigarrena Indymediaren Erresuma Batuko edizioan ipini dute, han berrikitan agerian geratu diren hiru polizia mozorrotuen albistean. Kennedy ageri da bankuen kontrako ekintza batean burdinezko ateari kateaturik, poliziaz inguraturik, horietako bat filmatzen ari zaiola. Ingalaterrako talde ezkertiar, anarkista, antifaxista eta ekologiko asko aztoratu ditu infiltrazioaren berri jakiteak. Aukera politiko bareagotan dabiltzan iritzi emaile askok ere adierazi du kezka. Ez dute konprenitzen nola erabili daitezkeen konraintsurgentziazko estrategiak horrelako taldeen kontra. Operaziootan xahutu diren dirutzez galdetu dute beste batzuek. Informazioa nork eta zertarako erabiltzen duen ere bai.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Iazko apirilean 114 ekintzaileri eraso zieten polizia ingelesek Ratcliffe-on-Soar herriko eskolan, bertako zentral termikoa asaltatzeko prestakuntzetan ari zirela. Egoitza publikoan baimenik gabe sartzeagatik auziperatu zituzten hogei; sei espetxean egon dira geroztik ikatzezko zentrala matxuratu nahi zutelakoan... harik eta duela hamabost egun demostratu zen arte tartean polizia infiltratu bat zebilela. Defentsak argudiatu zuen polizia aritu zela legez kontrako azioa burutu zedin xaxaka.


Mark Kennedyren izena madarikatuko dute ingurumenari eta ekologiari lotutako gatazketan murgildurik dabiltzan ekintzaileek. Mendebalde aberatseko gatazken berri nahi duenak, berriz, analisiak osatzeko behar diren hari muturrak aurkituko ditu sasi-ekologista ustelaren istorioan.


Honela laburbildu zuen albistea Daily Telegraphek: “Mark Kennedy eko-zomorroia agerian geratzeak azaldu du infiltratuta ari diren polizien kontrolik eza, eta susmoak piztu ditu aktibisten artean”.


Kennedy 30 urte zituela eta hiriburuko polizian ari, National Public Order Intelligence Unit (NPOIU) sailak begiz jo zuen ezkutuko lanetarako. NPOIU ei da Erresuma Batuko polizia sekretuaren barruan “ekintzaile berdeak” pertsegitzeko lanean ari dena. Kennedyk txima luzeak utzi zituen, Stone abizen berria eman zioten, infiltraziorako prestaketa lanak egin eta 2003an azaldu zen Yorkshire eskualdeko kanpaleku batean, ekintzan murgiltzeko irrikaz.


Komunikabideek literatura franko sortu dute pajaroaren kontura. Beti lanerako pronto zegoela, beste inor baino ausartago jokatzen zuela, oso eskuzabala zela bere diruarekin, horrelako azioetarako primeran datorren furgoneta handi batean mugitzen zela... eta hori guztia gutxi bazen, gizon ederra zela. Hitz batez esanda, alfa ar bat zela: sekulako arrakasta emakumeekin.


Britainia Handiko ekintza askotan hartu omen zuen parte, tartean Gleneagles-en 2005ean G8aren bilkura zela-eta antolatutakoetan. Europan barrena ere ibilia zen, Alemanian, Islandian, Irlandan, Holandan, Espainian... Horrelako agentearekin pagotxa zeukaten polizia buruek, informazio iturri aparta.


2009ko apirilean gertatu zen aipatu dugun Rattcliffe-on-Soarrekoa, ziento bat militante indargabetu zituztela zentral elektriko bat saboteatzera zihoazenean. Kennedy izan zen ihes egin zutenetako bat, gero inguruko pub batean burkide burumakurrei birra bana pagatu ziena. Handik laster Kennedyk polizia lana utzi omen zuen, ez ordea espioitza, freelance moduan segitu baitzuen salatari. Daily Mailek publikatu du E.ON energi multinazionalak pagatuta aritu zela.


Urrian erori zen, mozoloa legez, benetako pasaportea agirian laga zuenean eta orduan berarekin zebilen neskalagunak ikusi. Hondoa jo omen zuen, egindakoak aitortu eta ekologisten artean mozorrotutako cop gehiagoren berri eman. Penitentzia gisa, lehen saldutako kideen aldeko lekuko izatea eskaini zuen.


Gero Ingalaterratik ezkutatu zen. Agidanean, Estatu Batuetan dabil.


Paranoiak eta manipulazioak


Polizia infiltratua hurbiletik ezagutu zuen Emily Apple ekintzaileak bere egonezina azaldu du The Guardian egunkariari igorri idatzi batean: “Badakigu gure mugimenduak behin eta berriro zulatzen dituztela; kontua ez da ea gertatzen ote den, kontua da nor den salataria”.
Appleren iritzian, horrelako zomorroiek polizia buruei informazioa emateaz gain mugimendua ezegonkortzea bilatzen dute. Hasteko, filtrazioengatiko paranoiak kalte handiak eragiten dituelako taldeetan. Baina hauen estrategia eta taktiketan ere eragin dezakete.
Kasu bat aipatu du Emily Applek. Duela urte pare bat Bradford hirian ekintza zuzeneko taldeak ari omen ziren eztabaidan, zer egin han English Defence League ultraeskuindarrak antolatu zuen bilera hondatzeko. Militante askok hiriaren erdigunean egin nahi zuten indar erakustaldia, baina Kennedyk proposatu zuen legez kontrako ekintza nabarmenagoak egitea, autoak hondatzea. “Kennedyk primerako modua aurkitu zuen azioari dagokionez bera ausart azaltzeko, eta aldi berean jendea erdigunetik urrun atxikitzeko”. Justu poliziak nahi zuena, antza.


Emily Applek beste batzuekin www.fitwatch.org webgunea animatzen du, ekintzaileei aholkuak eta informazioak eskainiz poliziaren taktika eta estrategiez. Fitwatchen azaldu berri dute beste infiltratu baten izena, Lynn Watson, haren istorioa kontatuz. “Militanteok segitzen badugu kalean indartzen, poliziak zulatu eta nahastu nahiko ditu talderik nabarmenenak, nola edo hala. Hala ere, Kennedy aferak erakutsi du ekintzaileen elkartasun sarea sendoa dela. Kalteak nozitu dituztenak zaindu eta laguntzeko gai izan gara: horretan eusten badiogu, indartsu izango gara aurrerantzean ere”.


Bestelako lezio gehiago badu polizia mozorrotuarenak. Madrilgo El Paísek Londresen duen berriemaile Walter Oppenheimer-ek azpimarratu du Mark Kennedyk informazioa pasatzen zion taldea, balizko estremistei jarraipena egiten diena, Association of Chiefs Police Officers (ACPO) elkartea dela. “Itxurak arren, ACPO erakunde pribatua da, Ingalaterra, Gales eta Ipar Irlandako polizietako ofizialek osatua; hori dela eta informazio askatasuna babesten duten legeak ez dio eragiten, eta barne dokumentuak plazaratzeko obligaziorik ez dauka”. Alegia, munduan armadak bezala polizi lanak ere pribatizatu direla herritarron oharkabean.


Red Pepper aldizkari ezkertiarraren blogetakok batean, albisteaz luze idatzi du Tilly Gifford ekintzaileak. Hegazkintzako industriari eta aireportuen handitzeari aurre egin nahi dien Plane Stupid mugimenduaren sustatzaileetakoa da.


Giffordek salatu du berrikitan BBC katean polizia buru batek aitortu duela lasai ederrean ingurumenaren aldeko ekintza taldeetan infiltratuta daudela, ez bakarrik poliziak, baita segurtasun konpainia pribatuetakoak ere. Hain zuzen, informazioa ateratzeaz gain, talde horiek izorratzeko.


Plane Stupid gertuagotik kontrolatzeko Gifford berari bi gizon joan zitzaizkion iazko martxoan, Aberdeeneko aireportua itxi nahian zebiltzanean, dirua eskainiz. Amarruaz ohartuta, Gifford eta beste kideek lortu zuten bi tipoak filmatu eta haien irudiak zabaltzea, baina inork ez zien sekula argitu zeinentzako ari ziren informazio bila.


“Ikerketa osoa behar dugu, ez politikoek eta ez poliziek egina, epaile baten aurrean burutua baizik. Ohar gaitezen polizien eta finantza interes handien arteko loturez: erasotzen ditugun negozioek ingurumenarentzako dauzkaten ondorioak badirela haiekin irabazten dituzten diru pilak bezain izugarriak”.


Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Independentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude