Berradiskidetzea: baldintza etikoak


2011ko urtarrilaren 30an
Bakearen aldeko murala Belfasten
Bi komunitateen arteko bakearen aldeko murala BelfastenLander Arbelaitz
Bizikidetzaren berreraikuntza, berradiskidetzea da eskolan biktimekiko elkartasuna jorratzeko testuingurua.


Hona hemen baieztapen horren aldeko arrazoiak:

• Enpatia eta elkartasuna hedatzeko ahalegin pedagogikoaren balio sozialei eta unibertsalei erabateko zentzua eta osoko ikuspegia ematen die berradiskidetzeak;

• Indarkeria- eta zatiketa-aldi baten ostean, gizartearen egungo eta geroko asmo konstruktiboekin bat egiten laguntzen dio eskolari;

• Berradiskidetzeak berez eskatzen ditu oinarrizko adostasun sozialak. Adostasun horiei esker, eskolatik kanpora uzten dira muturreko jarrerak edo sufrimenduaren erabilera alderdikoiak;

• Mundu hobea eraikitzen laguntzen du, oro har; geurean, berriz, helburu sozial eta demokratiko bati (berradiskidetzeari, bizikidetzari) laguntzen dio;

• Bakezko bizikidetza da biktimei egin dakiekeen elkartasun-oparirik onena. Zatiketak biktimizazioa areagotzen du; elkartasunak, aldiz, berradiskidetzea sustatzen du.

Berradiskidetzea dugu berariazko elkartasun horren erreferentzia-eremua. Baina horrelako prozesu batek badu ezaugarri edo baldintza oso zorrotz bat: partekatua izan behar du, nahitaez. Prozesuaren bideragarritasunak ezinbestekoa du baldintza hori. Partekatzeko, lehenbizi, ideia bat, kontakizun bat, berradiskidetze-kontzeptu bat azaldu behar zaie alde guztiei. Horretaz jardungo gara, hain justu. Kontzeptu horrek hamar baldintza etiko ditu (berradiskidetzeari buruzkoak guztiak), eta kontuan hartu behar dira eskolan biktimekiko elkartasuna jorratzean.

1. Definizioa: elkar errespetatzea eta onartzea

Indarkeriak, zatiketak eta gatazka suntsitzaileak kolpatutako garai baten ostean, berradiskidetzearen bidez berreraikitzen da bizikidetza, elkarrenganako errespetua eta onespena oinarri direla. Horrek ez du esan nahi lehen aurkari zirenak orain adiskide izango direnik, baizik eta elkar errespetatuko eta onartuko dutela berriro.

2. Subjektua: gizartea

Gizartea eta haren ordezkariak dira berradiskidetzearen subjektuak. Berradiskidetzea ez da biktimen eginkizuna, gizartearena baizik. Biktimek prozesu horren onuradun izan behar dute, ez erantzule.

3. Helburuak: ordaintzea, humanizatzea eta adiskidetzea

Hainbat helburu uztartzen ditu berradiskidetze prozesu batek, guztiak ere garrantzitsuak eta elkarri lotuak baina eragin-eremu desberdinekoak.

• Biktimei dagokienez, ordaintzea da premiazko helburua. Biktimei eragindako kaltea aitortu, arindu eta ordaindu egin behar da.

• Gizarteari dagokionez, humanizatzea da premiazko helburua. Gizartean sortutako hausturak eta zatiketak konpondu egin behar dira, gorrotoak eta aurreiritziak ezabatu, eta errespetua, elkarren onespena eta elkarrizketa sustatu.

• Adiskidetzea da helburu politikoa eta estrategikoa. Bakezko bizikidetza sendotu behar da, printzipio demokratiko hauetan oinarritua: justizian, askatasunean, berdintasunean eta bakean.

4. Estrategia: begirada berri bat orainari, iraganari eta geroari

Berradiskidetze-prozesu bateko helburuak lortzeko bidea edo estrategia hau da: iraganaz, orainaz eta geroaz jarduteko modu berri bat partekatzea. Kontua ez da denok ikuspegi bera izatea, baizik eta beste era batera begiratzea iraganari, orainari eta geroari, hau da, ikuspegi kritikoaz aztertzea iragana, ikuspegi konstruktiboaz oraina, eta ikuspegi prebentiboaz geroa. Hiru denbora horiek ditugu berradiskidetze-prozesuaren ardatzak.

5. Lehen ardatza. Iragana: begiratu kritikoa eta ordaina

Bi eginkizun: aitortza eta berrikuspena. Iraganera begiratzeak gertatutakoa elkarrekin aztertzea dakar, eta bi gauza eskatzen ditu: biktimei egindako kaltea ezagutzea eta aitortzea, eta iraganaren berrikuspen kritikoa. “Egiaren txostena” edo “Inoiz gehiago ez” deritzen txostenetan gauzatzen dira berradiskidetze-prozesu horiek. Alde guztiek adostutako pertsona edo erakunde batek egin behar ditu txosten horiek, erabateko ordaintze-prozesu baten oinarri izan dadin. Iraganera begi berriekin begiratzea da faserik delikatuena, zauriak berriro irekitzen baititu. Beraz, hiru irizpide hauek (gutxienik) izan behar dira kontuan:

• Sufrimendu guztiak hartu behar dira aintzat. Biktima guztiei egindako kaltea ezagutu eta aitortu behar da, ez geure hurbileko sentitzen ditugunena bakarrik. Hortxe dago, hain zuzen ere, berradiskidetze-prozesu baten bideragarritasuna edo porrota eragin dezakeen gakoa, banalerroa. Lerro hori zeharkatzen bada, berradiskidetzea ezinezkoa da, eta, gainera, gatazka berriak sortzeko oinarriak ipintzen dira.

Zorrotza izan behar du iraganaren berrikuspen kritikoak. Iraganaldi osoaren berrikuspen kritikoa egin behar da, ez bakarrik norberari komeni zaionarena. Euskal auziari dagokionez, ETAk (adar batzuek eta besteek) eragin ditu hildako gehien 1960ko hamarkadaz geroztik. Berariazko balorazioa egin behar da horretaz. Dena den, biktima guztiak ez ditu ETAk eragin; beraz, horiek eta horien sufrimendua ere eskubide osoz txertatu behar dira berradiskidetze-prozesuan. ETAren terrorismoarekin batera, estatuaren ingurukoa edo eskuin muturreko terrorismoa ere hartu behar da kontuan, baita tortura, poliziaren gehiegikerien eta giza eskubideen beste urraketa batzuen biktimak ere.

• Adostasunak eta desadostasunak egon daitezke iraganari buruzko diagnostikoan. Gertatutakoa interpretatzeko modu bat baino gehiago egongo direla onartu beharra dago. Ezinezkoa da diagnostiko politiko partekatua egitea. Diagnostiko partekaturik ez dagoela, hori da diagnostikorik partekatuena. Dena dela, berriro inoiz gertatu behar ez duenaz (“Inoiz gehiago ez”) ados jar daitezke aldeak, eta jarri behar dute. Badago gutxieneko adostasun baterako lehengairik: “Giza duintasunaren aurretik beren kausa edo helburua jarri zuelako zenbaitek gertatu zen gertatu zena. Kalteak ordaintzeko konpromisoa eskatzen du horrek. Inongo kausa politikok, inongo alderdiren helburuk, inongo estatu-arrazoik ez dute balio absoluturik, gizakiari eta bizitzari zor zaion errespetuaren gainetik jartzeko modukorik”.

6. Bigarren ardatza. Oraina: begirada konstruktiboa eta enpatia

Ezinbesteko bi baldintza: errespetua eta onespena. Orainari dagokionez, ezinbesteko bi baldintza bete behar ditu berradiskidetze-lanak prozesu konstruktibo bati ekiteko: desberdintasuna onartu egin behar da, eta giza duintasunaren bortxaezintasuna errespetatu. Horra bizikidetza berri baten abiapuntuak, gertatutakoa berriro ez gertatzeko konpromisoan gauzatzen direnak. Orainari ekiteko modu berri horretan, autokritika- eta barkamen-adierazpenak edo eskakizunak erabakigarriak dira berradiskidetze-prozesua sendotzeko. Oraina da biktima guztiekiko enpatia partekatuaren garaia, egindako kaltea aitortzekoa eta ordaintzekoa, elkartasun afektiboa eta eraginkorra adieraztekoa. Kontuan izan beharreko hiru gauza:

• Barkamenak borondatezkoa izan behar du. Barkamena eskatzea edo barkatzea ez da derrigorrezkoa; alabaina, autokritika egitea, barkamena eskatzea eta barkatzea jarrera erabakigarriak izaten dira berradiskidetze-prozesuak sendotzeko. Horra barkamenaren paradoxa: ez da berradiskidetze-prozesua abiarazteko baldintza ezinbestekoa, baina erabakigarria izan daiteke. Borondatezko autokritika- edo barkamen-adierazpenak egiteko giroa sortu behar du, hain zuzen ere, berradiskidetze-prozesuak.

• Ezinbestekoa: berriro ez gertatzeko konpromisoa. Autokritika eta barkamena komenigarriak eta lagungarriak dira. Berradiskidetze-prozesu bati ekiteko, nahitaezkoa da iraganeko jazoerak ez errepikatzeko konpromisoa. Bi printzipio demokratiko bete behar dira (inongo zalantzarik gabe, gainera) berradiskidetze-prozesu bat partekatzeko: desberdintasuna onartzea eta giza duintasunaren bortxaezintasuna errespetatzea.

• Indibiduala izan behar du iraganaren kritikak edo autokritikak. Oso zabaldua dago iraganaren kritika kolektiboa egiteko joera, gizarte osoari edo haren zati bati etiketa edo desondra jakin bat ezartzekoa. Akats larria deritzogu joera horri, bi arrazoirengatik: norberaren autokritika egiteko martingalatzat erabiltzen delako, batetik; bestetik, erantzukizuna indibiduala delako, beti, eta orokortzeak manipulazio interesatuak ekar ditzakeelako, bidegabekoa izateaz gain. Gizon-emakume edo erakunde bakoitzak egin behar du iraganaren kritika eta autokritika, baina sekula ere ez gaitzespen kolektibo gisara. Autokritikak galdera hauei erantzun behar die: “Zer egin edo esan nuen nik?”, “Zer esan komunikabide, alderdi, mugimendu sozial, erakunde... honek?”.

7. Hirugarren ardatza. Geroa: begirada prebentiboa eta heziketa

Gizatasuna, eskuzabaltasuna eta apaltasuna eskariei dagokienez. Geroari begira, berradiskidetze prozesuak begirada prebentiboa behar du, gizatasuna, eskuzabaltasuna eta apaltasuna eskariei dagokienez. Inoiz gertatu behar ez zuen hura berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko konpromisoa eskatzen du prozesuak. Batez ere bi eremu hauei eragiten die konpromisoak: bizikidetzaren eta heziketaren oinarriei.

• Elkarrekin bizitzeko hezi. Hezkuntzan, irizpide hau erabili behar da: “Zaindu beharreko baliorik gorena bakezko bizikidetza balitz bezala hezi ditzagun beti ikasleak”. Giza duintasunaren etika eta hari dagozkion ikaskuntzen eta balioen ezagutza, esperientzia, errespetua eta sustapena oinarri dituen hezkuntza-proiektua garatu behar da horretarako.

• Hezteko, elkarrekin bizi. Bizikidetzan, irizpide hau erabili behar da: “Lortu beharreko helbururik gorena geure seme-alabei azken heziketa-herentzia uztea balitz bezala jardun gaitezen bizikidetza-gatazka guztietan”. Irizpide hauez baliatzea eskatzen du ikuspegi horrek: denak barne hartzea eta inor kanpoan ez uztea; elkarrizketa eta negoziazioa, dogmatismoaren eta indarkeriazko ezarpenaren ordez; askatasuna, berdintasuna eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko giroa, oinarrizko eskubideen eta askatasunen urratzearen ordez.

8. Epeak: batere murrizketarik gabe abiapuntuan, eta presarik gabe amaieran

Entzun. Epeak eta uneak garrantzitsuak izaten dira berradiskidetze-prozesuetan: “Noiz hasi zen dena; noiz amaitu behar du berradiskidetze lanak?”. Irizpide orokorra: entzutea, aurrez ezer ez finkatzea.

• Abiapuntu irekia. Ez da gauza erraza aldeak ados jartzea honetan: noiz hasi zen, zehazki, berradiskidetze prozesuari dagokion injustizia- eta sufrimendu-garaia. Zaila da, kausari eta efektuari buruzko eztabaida segituan pizten baita. Euskal auziari dagokionez, biktimei buruzko azken legeak dio 1960 izan zela hasiera-urtea (aurreko legeek 1968 aipatzen zuten). Erreferentzia ona da. Dena den, berradiskidetze-prozesu bat abiaraztean, komeni da epe irekiak ezartzea, aldez aurretik data jakin batera ez murrizteko egiaren bilaketa eta eragindako kalteen ezagutza. Iraganaren ikerkuntza kritikoa eginda eta biktimek diotena entzunda finkatu behar da injustizien hasiera data. Euskal auzian, 1960ko hamarkadaren hasiera izan daiteke gutxi gorabeherako hasiera-data.

• Garaiz hasi, baina presaka ez amaitu. 50 urte igaro dira 1960tik 2010era. Epe luzea eta konplexua da; beraz, ez da komeni presakako ondoriorik ateratzea. Berradiskidetze-prozesuak lasaitasun- eta segurtasun-giroa behar du, indarkeriaren mehatxutik eta giza eskubideen urraketetik at, eta urruntasun pixka batekin begiratu behar dio iraganari. Zuhurtziazko ikuspegi hori ez dator bat gatazka guztietan ageri den joera honekin: gertatukoari buruz bere bertsioa ezartzeko presa handia izaten dute alde guztiek. Amaiera interesatua da hori; izan ere, presarik eta etenik gabeko prozesua behar du izan berradiskidetzeak, eta alde guztiei entzunez saiatu behar du egia aurkitzen.

9. Biktimak

Lagundu, kalte egin beharrean. Gizakia da berradiskidetzearen azken helburua. Berradiskidetzeak erantzun positiboa, konstruktiboa eman behar die, gatazka soziopolitikoei ez ezik, iraganeko injustiziek gizon-emakumeei eragindako oinazeei, batez ere. Biktimak dira subjektu nagusia, alde horretatik. Biktimei laguntzea, kalterik ez egitea, lantegi delikatua da, eta zenbait gauza azpimarratzea eskatzen du.

• Inor baztertzen eta ezkutatzen ez duen deitura erabili. Berradiskidetze-prozesua integratzailea izan dadin, erabakigarria da biktimei deitura egokia ematea. Sufrimendu-mota bat bera ere ez baztertzea, ez ezkutatzea da irizpidea. Horretarako, biktima guztiak aintzat hartzen dituen eta kasu bakoitzeko deitura espezifikoekin bat datorren deitura bat bilatu behar da. Gure iritziz, ‘euskal gatazkako giza eskubideen urraketen biktimak’ da deitura orokor egokia. Izendapen horretan sartzen dira ETAren terrorismoaren biktimak, estatuaren inguruko terrorismoaren biktimak, eskuin muturrekoak eta giza eskubideen beste urraketa batzuenak.

• Biktimizazioa gainditzen lagundu. Biktimizazioa (erasoak biktimaren bizitzan uzten duen blokeo suntsitzailea) gainditzea du garrantzizkoena biktimak, erasoak eta erasotzaileak lapurtu dioten burujabetza berreskuratzea, bere bizitza bere oinazea baino garrantzizkoagoa dela ohartzea... Zeregin horren etsairik handiena biktimismoa da, hots, biktima-izaera beste edozeren gainetik jartzera bultzatzen duen guztia. Biktimekiko elkartasun-mugimenduak kontuan izan behar du hori, biktimismoa ez sustatzeko eta biktimen burujabetza berreskuratzen laguntzeko, biktimizazioaren blokeoari aurre eginez (hurrengo puntuan berariaz jorratuko dugu ikuspegi hori)

• Biktimen eskubideei buruzko iguripen faltsurik ez elikatu. Biktimen osasuna eta susperraldia bultzatzeko, haien eskubideei buruz garbi hitz egin behar da, eta ez da sortu behar —ezta elikatu ere— iguripen faltsurik. Sinetsarazten bazaie edozertarako eskubidea dutela, edo eskakizun politiko jakin batzuk egin ditzaketela, sekula iritsiko ez zaien ordain baten zain geratuko dira biktimak, sufritzen. Hiru eskubide nagusi dituzte biktimek: eskubide morala (jasan duten kaltea aitor diezaietela); eskubide materiala (ordaina eman diezaietela), eta eskubide politikoa (iraganaren berrikuspen kritikoa egin dadila). Horra gizarteak eta berradiskidetze-prozesuak biktimekiko dituen hiru eginkizun nagusiak. Ez gehiago, ez gutxiago. Argi hitz egitea osasungarria da.

• Adostu, ez manipulatu. Bereizten gaituenaren gainetik batzen gaituena bilatzea bereziki garrantzitsua da biktimekiko elkartasunari dagokion guztian. Zatiketak eta sufrimenduaren manipulazio alderdikoiak ez dute laguntzen biktimizazioa gainditzen edo biktimismoa uxatzen; aitzitik, luzatu egiten dute, sakonagoak eta suntsitzaileagoak bihurtzen dute.

10. Erantzukizun pertsonala da berradiskidetzea

Eginkizun kolektiboa da berradiskidetzea, baina norberaren konpromisoa eskatzen du batez ere. Prestatu egin behar da berradiskidetzea, eta geure buruak prestatu egin behar ditugu berradiskidetzeko. Gutako bakoitzari dagokigu tentsio horiei norabide konstruktiboa ematea.

• “Gutarrak” bakarrik, edo “gutarrak” “besteekin”. Besteei, haien arrazoiei eta historiari tokia egitea eskatzen du berradiskidetzeak; mugatuak izaki, arrazoi osoa ez dugula aitortzeko apaltasuna eskatzen du, eta eskuzabaltasuna “besteen” arrazoia onartzeko. Gertatutakoari buruz egia eta bertsio bakar bat ez dagoela onartzen ikastea eskatzen du berradiskidetzeak. Iraganaren diagnostikoa ez da aldebakarra. Besteen ikuspegi politikoak onartzea eta errespetatzea eskatzen du berradiskidetzeak.

• Sufrimenduari buruzko egia: alde bakarrekoa edo alde ugarikoa. Aipatutako guztia gorabehera, objektibotasunez azter daitezke gertakariak eta ikuspegi kritikoz berrikusi behar dira, egiaren zerbitzura jarduteko asmoz. Berradiskidetze-prozesu orotan, jasandako sufrimendu eta injustizia guztiak hartu behar dira aintzat lehenbizi. Ezin da bizikidetzaz eta berradiskidetzeaz konpromisorik hitzartu sufrimenduaren egia jakiteko eta aitortzeko berariazko borondaterik ez badago. Gutako bakoitzari dagokionez, “besteen” sufrimendua aitortzeko prest egotea eskatzen du horrek, sufrimendua ez dela alde bakar batena izan aitortzea, alde guztiena baizik.

• Nortasuna eta adostasuna. Adiskidetzeak, bizikidetza berreraikitzeak ez du esan nahi norberaren nortasuna alde batera utzi behar denik adostasuna lortzeko. Esan nahi du batzen gaituenari eman behar diogula lehentasuna, nortasun guztiek libre adierazteko eta garatzeko eremu bat aurkitzeko, baldintza bakarrak giza eskubideak errespetatzea eta gizartearen atxikimendua (librea eta borondatezkoa) direlarik. Elkarrekin bizitzeko gutxieneko betekizun demokratikoak adostea, batetik; eta, bestetik, gizartearen gehiengoaren borondatea errespetatzea, horiek dira eremu horretan aritzeko baldintzak.

• Motibazioa: etika edo alderdikeria? Helburua: bizikidetza edo mendekua? Ez da erraza berradiskidetze-prozesu bateko partaide aktiboa izatea, gizaki eta talde bakoitzeko alderdirik onenak eta txarrenak azaleratzen baititu iraganari eta bereizi gaituen horri begiratzeak. Komeni da norberak jorratzea motibazioa eta helburua. Motibazioa “Nondik?” galderari dagokio: “Etikak, elkartasunak bultzatzen nau, ala interes alderdikoiak?”. Helburua, berriz, “Zertarako?” galderari dagokio: “Bizikidetza berreraikitzea da neure benetako asmoa, ala mendekua?”.

Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude