Jauzi digitala

Iñigo Azkona
Telebistaren bilakaeran, hamarkada denbora erreferentzia garrantzitsua suertatu izan da. Oraintsu arte. 80koak, telebista zentralizatuaren haustura ekarri zuen eta kanal autonomikoen etorrera. Handik hamar urtera jaio ziren lehen kanal pribatuak. Eta hamar beranduago, mende berriaz bat, satelite bidezko plataformak lanean ari ziren. Hurrengoko txanda itzalaldi analogikoarena izan da.

Hori bai, itxura guztien arabera, hasi den epe berria laburragoa izango da. Aldaketak pausoz pauso baino, kolpeka datoz. Digitalizazioak panorama guztia hankaz gora jarri du eta lehengo joko arauak eta parte hartzaileak tokiz kanpo utzi ditu.

Lehen, etxeko pantaila nagusiaren “atzetik” zeudenak identifika errazagoak ziren. Publikoak ala pribatuak, kanalen jabeak beti nagusi. Orain aldiz, Internetek eredua aldatu eta inoiz minutu bat bera ere ekoiztu egin ez duten bideo hornitzaileak dira arrakastatsuenak. Kanal kopurua eta tematizazioa sendotuz doaz eta ikusleek beraiek sorturiko edukiek audientzia handiak lortzen dituzte. Telebista tramankulua bera ere, ordenagailuarekin hibridatzen ari da. Alderantziz izanik ere, parra.

Telebista deitzen dugunaren eskaintza bera ere aldatu da dexente. Entretenimendua jainkotuta, informabide gisa pisua galduz doa. Hedabide bakarra balego jendeak zein aukeratuko lukeen galdetuta, ikerketa soziologikoek erakusten du telebistaren itzala txikituz doala Interneten onurarako (CIS, 2010: 2836).
Hartzailea, tamainaz eta jarreraz aldatuz joan da denbora laburrean. Youtubek bost urte baino ez dituela gogorarazteak lagunduko digu ulertzen gauzak zein arin doazen. Erabiltzaileak telebista ikusteko noiz, non, zer eta zein aparailu bidez egingo duen aukeratu nahi du. Emisioen linealtasuna apurtu da eta orain edukiak bat-batean eta eskaerapeko ageri zaizkigu begien aurrean.

Aldaketaren tamainaz jabetzeko, gazteen eta bereziki 12 urtetik beherako neska-mutikoen jarrera eta telebista kontsumoa aztertu beharra baino ez dago. Sekulakoa da aldea. Iraultza digitala deitu izan zaio. Eta ez du ematen izen handiegia suertatuko zaionik egungo aldaketaren tamaina ikusita.

Gurea bezalako herri batentzat, aukeraz beterikoa ageri zaigu digitalizazioa. Izaera eta hizkuntza propioak elementu bereizgarriak dira merkatu gero eta homogeneoagoan, anonimotasunari gertuko edukiekin erantzun eta ikus-entzunezko industria malgua dira eskura ditugun tresna indartsuak. Horiek denak aktibatzeko unea da. Hamar urte itxoin beharrik gabe.

ASTEKARIA
2010ko abenduaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


2024-04-30 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs: "Zorrez itorik peko errekara doan etxalde batean kokatzen da antzezlana"

"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.


2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Eguneraketa berriak daude