| I Artze-k azaldu zuen problemaren funtsa eta bere mezua dakart nik honuntza. Ikastoletan jaso badugu hezkuntza euskarari eskaini beharko laguntza, herri baten arnasa delako hizkuntza. |
II Nahiz euskaldun sentitu hainbat eta hainbat zinez ba ote garen zalantza badaukat: bihotza euskalduna ei dugu erabat, baina, erdaraz mintzo gara etxetik at... Hala ezin daiteke suspertu herri bat. |
III Adibidez, dendara sartzean galdezka gazteleraz mintzatu ohi gara gu, ezta? Txip aldaketa hori egitera presta; pentsatze hutsak sortzen digu hainbat kezka, baina, ahalegintzea horren zaila ez da. |
| IV Lau haizeetara hasi orduko zabaltzen haizea zurrunbilo bilakatu al zen? Euskararen sugarra ari da itzaltzen... orain ez du txingarra besterik azaltzen ta gaitzerdi hausporik ez badugu galtzen. |
V Zer gerta dakiokeen daki ondorenak... biziraungo duela esan dit barrenak. Horretarako batu ditzagun kemenak, euskara erabiliz euskaldun garenak. Noizbait ikasiko du gaur ez dakienak. |
VI Ez ote gara ari kontzeptuak nahasten? Ez al zaigu euskara norena den ahazten? Artze-k argitu zidan niri azkenik-azken: euskaldunok euskaraz ez bagara hasten erdaldun bat nolatan hasiko da ikasten? |
| VII Gure herria oso anitza delako euskaldunez gain daude hainbat bestelako. Euskara hartu behar lukete aintzako eta ulertzen behintzat saiatu beharko... Lortu ez duena da nahi ez duelako. |
VIII Errurik ez du, baina, euskotarra denak erdaraz mintzatzean euskaldun gehienak. Gure baitan dauzkagu irtenbide denak... Ez ditu entzun behar hain sermoi ozenak bere hizkuntza zein den garbi dakienak. |
IX Gure errua onartzen ez dugu jakiten, baina, neurea behintzat ez dut ekiditen. Buruari jardunda asko eragiten: euskara gabe ezin banaiz plazara irten bihartik hasiko naiz beti hitzegiten! |
| X Gure herria oso anitza delako euskaldunez gain daude hainbat bestelako. Euskara har dezagun guztiok aintzako! Denok geure moduan lagundu beharko euskara hiltzerik inork nahi ez duelako. |
XI Artze bere garaian ez zegoen pozik, ez zuelako gura hain herri eskasik. Kontuak kontu denok ahaztu dugu kasik herriak ez duela sortu euskal hitzik, euskarak herri egin gaituela baizik. |