Bizi naizen inguruan “papurras” esapide euskañola erabiltzen dute batzuek –ez dut izen-abizenik emango– platerean soberan geratu denetik elikatzen denari esateko. Besteek hoberena hartu eta hondarrekin asetzeko gaitasuna edo egonarria daukatenak dira “papurras” delakoak.
Ezin esan Mark Lanegan klub horretakoa denik. 1985ean The Screaming Trees taldea sortu zuen. Bateria-jole eskasa izaki, mikrofonoa hartzeko eskatu zioten taldekoek eta 1990eko hamarkadaren hasieran, Seattleko (AEB) grunge eztandaren epizentroan zeuden “zuhaitz oihukariak”.
Ondorengoa, gauza jakina da: Nirvanaren itzala luzeegia bihurtu zen gainontzeko ia talde guztientzat. Rock alternatiboaren harrobitik urrea atera nahi zuen edonor ospeletan lan egitera behartu zuen –so egin orrialde batzuk atzerago, nola Kurt Cobainek oraindik zeresana ematen duen; eta 16 urte daramatza sator artean–.
Baina esan dugu: Lanegan ez da “papurras” bat. Grungearen txikleak zaporea galdu arren, belaunaldiko talde askok luzatu eta luzatu egin dute izan zirenaren bindikazioa, soberakinei hagina sartzeko nazka ez direla erakutsiz.
Horren aldean bakarkako ibilbide sendoa egin du Laneganek eta kolaborazio interesgarriak utzi: Queens of The Stone Age taldearekin jo du, The Gutter Twins bikotea osatu... Azken emaitza, Belle and Sebastian taldeko Isobel Campbellekin ondutako Hawk diskoa. Hirugarren lana dute elkarrekin, folk amerikarra eta bluesa uztartuz. Ez dute mundua asmatu LP honekin, baina emaitza zinez da ramegantea eta, 90etako eran esateko, asteak daramatza nire walkmanetik atera gabe.