Ezetz esaten ikasi zuen emakumea

  • Mari Zipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi.
    Nunila López Salamero eta Myriam Cameros Sierra.
    (Itzulpena: Itziar de Blas eta Mikel Garmendia)
    Txalaparta (2009).
Mari Zipriztin
Mari Zipriztinek kristalezko zapatak probatu zituen. Txiki geratzen zitzaizkion, baina estutu eta estutu aritu zen, hanka sartu zuen arte... saiatzeak merezi zuen, printzearekin ezkontzera zijoan eta!

Egun batean, ordea, “aski da” oihukatu zuen. Konturatu zen printzeek ez zutela salbatuko, ezta kamioilari, disko jartzaile edota gozogileek ere. Konturatu zen zu salba zaitzakeen bakarra zu zeu zarela. Negar egin zuen, hutsik sentitu zen arte. Orain, bere barrena gauza politekin betetzea beste zereginik ez zuen. Baina lehenago printzea utzi zuen. Eta ez pentsa erraza denik. Hain da zaila, batzuetan bizpahiru printze gehiagorekin errepikatzen duzula.

Nunila López Salamero (Bartzelona, 1966) ipuin kontalariaren eta Myriam Cameros Sierra (Iruñea, 1978) ilustratzailearen Mari Zipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi liburuak ironiaz apurtzen ditu ohiko ipuinetako ohiko topikoak.

Geure buruak maitatzen eta gustuko ez ditugun gauzen aurrean “aski da!” esaten ikasteko ipuina da. Guztia ez baita sinetsarazi nahi diguten bezalakoa. Emakumeak badu aske izaterik, zer-nola-norekin egin esaten diguten eskema zorrotzetatik kanpo. “Aski da izeneko maitagarria duela 20 urte agertu zitzaidan aurrenekoz, nire ezkontza baino bi egun lehenago, hiru hilabeteko nengoela, eta... salbatu egin ninduen!”, dio Nunila Lopezek liburuaren amaieran. “Orduz geroztik bakarrik eta zoriontsu (ahal denean behintzat) bizi den ama naiz. Printzeez ez naiz fio, bizitza erdia pasa dudan arren bakarren baten bila”.

Bartzelonako taberna bateko barran ezagutu zuten elkar Lopezek eta Myriam Camerosek. “Zure ipuinentzako ilustrazio batzuk egingo ditut”, esan zion iruindarrak. “Guztiek esaten didate gauza bera”, erantzun zion Lopezek konbentzimendu handirik gabe. Handik gutxira, ordea, Camerosek bere marrazkiak erakutsi zizkion. Buru, begi, aho handiko Mari Zipriztinek txundituta laga zuen Lopez. Berak kontatzen zituen ipuinekin bete-betean egiten zuen bat aske izateko jaioa zen figura ero hark. Haren keinuak hain ziren adierazkorrak...

Thelma & Louise bezalakoa da, baina pistolarik gabe, zoragarriro liberatzailea”. Montserrat Dominguez kazetariaren hitzak dira. Mari Zipriztinek ez du pistolarik, baina haren irribarre zabalak unibertso osoa jan dezake. Interneten ere badu bere mundutxoa: lacenicientaquenoqueriacomerperdices.com

Eguneraketa berriak daude