Nola gainditu umeen kasketaldiak

Haurra negarrez
psicsdigger.com
Kasketaldiek harridura eta ezinegona eragiten digute helduoi. Baina umea zein egoeratan aurkitzen den onartzea eta haren premiei irteera eta konponbidea emateko beste modu batzuk aurkitzea da, zalantzarik gabe, kasketaldiari aurre egiteko modurik egokiena, bai umearentzat, baita helduentzat ere.

Imajina dezagun egoera, ez da-eta hain arraroa: hipermerkatu batean gaude eta umea erosketa-orgaren barruan doa, han-hemen arreta deitzen dioten objektuetara eskua luzatuz. Gurasoa, ordea, estresak jota dabil, korrika eta presaka, erosketak nola edo hala bukatu nahian, etxera joateko irrikan. Umeak zerbait nahi du, baina gurasoak ez dio kasurik egiten. Orduan haurrak helduaren baimenik gabe zerbait hartu du eta gurasoak –nahiko modu zakarrean, egia esan–, zegoen lekuan uzteko agintzen dio. Umea gero eta okerrago portatzen ari da, eta inguruko guztiak, pertsona helduak ia gehienak, ados daude, “gaur egungo umeak ikaragarriak dira, eta ez diete inolako errespeturik gurasoei”.

Ondoren gerta daitekeena aski ezaguna da. Inork ez du amore ematen, umea nahiko petralduta dago eta gurasoak ez du bere “autoritatea” galdu nahi, inondik inora. Ondorioa? Ezinegona, urduritasuna, eta handik joateko, desagertzeko gogoa. Eszenak ez dauka amaiera zoriontsurik. Denak haserre, errua elkarri botaz, gauzak beti (besteak) gaizki egiten dituelako.

Eguneroko bizimoduan hain arruntak diren egoera horiek ez dira errazak umearentzat, batez ere aurrez nekatuta, aspertuta edo bakarrik sentitzen bada. Umeak handik irten beharra dauka, besterik ez. Baina helduei ere antzeko zerbait gertatzen zaigu. Aurre egin ezin diezaiokegun egoera baten aurrean aurkitzen garenean, urduritasunak eta ezinegonak harrapatzen gaitu, gure onetik ateratzen gaituen arrazoiari ez diogu kasurik egiten, batez ere estutasunetik ateratzeko baliabiderik ez badaukagu. Bada, hori helduoi gertatzen bazaigu, pentsa zein erraz gertatuko zaien guk baino askoz ere baliabide gutxiago dituzten haurrei. Horregatik, saia gaitezen beraien lekuan jartzen, eta eman diezaiegun benetan beraiek diren bezala espresatzeko eta agertzeko aukera, haiei ere geure jardueraren barruan sartzeko modua eskainiz.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude