Lapiroren kantak tripak nahasi dizkio Paul Biyari

  • 2008ko apiriletik Douala (Kamerun) inguruko espetxe batean dago preso Lapiro de Mbanga kantaria. Amnesty Internationalek, PEN klubak eta beste hainbat erakundek eskatu dute haren libratzea. 1982tik Kamerungo presidente dagoen Paul Biyari aurre egin zion kantuekin eta asko daude kezkatuta Lapiroren biziagatik.
Issa Nyaphaga
Issa Nyaphaga-k sinatutako argazki honetan katez lotuta ageri da Lapiro de Mbanga kantaria auzitegiko bidean. Ez dugu jakin kateatuta joate hori atxilotuak sinbolikoki antolatu duen eszena ote den ala "“Lapiroren aurpegiak adierazten duen moduan"“ benetan horrela estekaturik daramaten epaitegira. Paul Biya 28 urtez Kamerungo presidente izan denak postuan jarraitzeko Konstituzioa aldatu zuenean sortutako istiluengatik espetxeratu zuten eta preso dago gaur oraindik. Bitartean, Paul Biyak indar osoz segitzen du Frantziaren eta Amerikako Estatu Batuen laguntzarekin. Urtean hainbatean behin Suitzara etortzea maite du, lanerako bakea behar omen duela eta, hamabost egun edo gehiagoko oporraldietarako. 2009an Bretainako La Baule herriko luxuzko hotel bateko 48 gela hartu zituen beretzako eta sekitoarentzako, egun bakoitzak batez beste 40.000 euro kosta zuen.
Constitution Constipée - lapiro idatzi Interneteko bilatzailean eta kanta entzuteko aukera dago. Hitzak ez dira errezegi ulertzen, frantses, ingeles eta duala hizkuntzez osatutako pidgina baitarabil musikariak.

Cosntitution Constipée (Konstituzioa enpatxaturik euskaraz) plazaratu zuen Lapiro de Mbangak 2008 hasieran Kamerungo Paul Biyak jakinarazi zuenean asmoa zuela Konstituzioan aldaketak sartzeko, hainbeste urteren ondoren berriro presidente izaten jarraitu asmoz. Lapiroren kantuak aipatzen ditu preso dauden jendeak, aitona gaixo dagoela dio... agure zaharra kendu behar dela agintetik.

Gero 2008ko otsailean kalean liskarrak sortu ziren konstituzio aldaketaren kontra, istiluetan estatuaren zenbait bulego eta Maersk multinazional danimarkarraren platano soroak suntsitu zituzten, eta gertakizun horietan nahastuta egotea egotzita arrestatu zuten Lapiro.

Izen artistikoa sortzezko Lambo, Pierre eta Roger izenen akronimoa omen da. De Mbangak, berriz, sorterria oroitarazten du, Mbanga eskualdea. Gaur 54 urte dauzkan gizona Europan ezagunak egin diren beste kantari afrikarrekin aritua da, hala nola Manu Dibango eta besterekin. Estatuaren errepresioa ere ez du gaur goizean ezagutu, 1985ean itzuli baitzen Kamerunera ordura arte babestuta egon zen Nigeria eta Gabonetik bueltan.

Adierazpen askatasunaz eta zentsuraz okupatzen den Index on Censorship gunean hau diote Lapiroz: “Paul Biya presidentearentzako eten gabeko arantza izan da. Bi hamarkadaz kantariak abesti asko idatzi ditu herrialdeko errealitate sozio-ekonomikoa aipatzen duten hitz zorrotzez. Ingelesa, frantsesa eta duala nahasten ditu egunero ikusten dituen injustiziak salatzeko. Hizkera honi –iruditan aberatsa da eta itzultzen zaila– Mboko talk deitzen diote. Lapiro idolo bihurtu da Kamerungo autobus geltokietan eta txabolategietan aurki daitezkeen langile zapaldu eta ahaztuentzat. Haren kantak dira demokraziaren aldeko 1980 eta 1990eko hamarkadetako borroken oihartzuna”.

YouTuben erraz eskura daitezke Lapiroren famatuenak: No Make Erreur, Pas argent no love, Kop Nie, Mimba We, Na You... Beti zentsurak ezarritako marra ukitu edo zanpatzen duten kanta Kamerunen arrakastatsuak. Baina Constitution Constipée-rekin Paul Biya presidenteak ulertu bide du masen izarra urrunegi joan dela. Umorea eta haserrea nahastuz 28 urtez buruzagi goren dagoenari dimititzeko eskatzen dio, pacho (agurea) daya (akituta) dagoela eta beste. Kaleko istiluak gertatu eta hilabetera espetxean sartu zuten, 2008ko irailean hiru urteko espetxe zigorrera kondenatu eta gainera beste 18 hilabete erantsi zizkioten, 546.000 franko FCFAko (830 euro inguru) isuna ez ordaintzeagatik.

Lapiro de Mbangaren alde ez da Kamerungo preso politiko bakarra. Harekin ziega berean egon da joan den ekaina arte, 50 atxilotuen artean, beste preso famatu bat, La Détente Libre astekariko zuzendari Lewis Mdjo, hau ere hiru urtera kondenatua Paul Biya iraintzeagatik.

Katilu bat arto, beste bat arroz

Index on Censorship aldizkari elektronikoak berrikitan Lapiro aipatu ahal izan du... telefonoz harekin hitz egitea lortu duelako. Bi alditan egunez hitz egin zuen, gainera.

“Normalean –esplikatu du Lapirok– ez daukat kanpoko munduarekin harremanik. Telefonoak legearen kontrakoak dira hemen. Zurekin solasean ari banaiz lapur arruntek bezala jokatzen dugulako da. Espetxean klase guztietako trafikoak mugitzen dira, telefonoarena barne. Pagatzen baduzu, guardiak ez ikusia eginen du. Kamerunen edozer erosi dezakezu diruz”.

Gizonak kontatu dio Indexeko Daniel Browni bere buruagatik beldurrik ez duela, beldurtia izan balitz ez zela kantuan hasiko gaztetan, baina bai dago emazteaz eta sei seme-alabez kezkatuta.

Emaztea bi edo hiru egunez behin etortzen ei zaio bisitan, bost orduko bidaia eginik. Hark ekartzen dizkio albisteak, janaria ere bai. Bertako elikadura gosez akabatzekoa baita: eguerdian katilukada bat arto egosi eta arratsaldean beste katilukada bat arroz. Besterik ez. “Ez da aski bizirauteko, hemen ikusi dut nik jendea gosez hiltzen, Kamerungo espetxeetan egunero jazotzen da.

Epaiketan ondasunak kendu ezin zizkiotenez, Lapiroren emazteak laguntzeko modua egiten du iaz Freedom to Create Imprisoned Artist saria eman ziotelako, 25.000 dolar daramatzana. Baina espetxetik bizirik ateratzen bada berriro atzerriratu beharko duela uste du kantariak. Kontatu duenez, bi alditan saiatu dira bera hiltzen Kamerungo agintariek bidalitako poliziak eta militarrak, eta aurrerantzean Kamerungo karriketan ez luke aukerarik izango bizirik irauteko.

Aurrena, ordea, presondegitik ateratzea erdietsi behar du. Hasteko, baldintzapeko askatasuna ukatu diote. Ukatu dioten bezala, erantzunik eman gabe utzita, kasua berriz aztertzeko aukera. Eta preso arruntagoen artean ezagun samarren bat ere ikusi du ziegan hiltzen.

Cameroun Express egunkariko zuzendari Bibi Ngota apirilaren 22an aurkitu zuten hilotz. Agintariek esan zuten ihesak hil zuela. “Baina gaur ez zara ihesaz hiltzen –kontestatzen du Lapirok– gaur badituzu retrobiralak bizirik irauteko. Gizon hori hil zen hemengo osasun baldintzengatik. Ospitalera eramatea ukatu zioten, niri ukatu didaten bezala. Baina Ngotak ez zuen bere lana besterik egin. Ez gaude urrun asasinatze politikotik”.

Eritasunei dagokienez, joan den udaberrian tifusa harrapatu zuen eta ospitalera eraman nahi izan ez zutelarik Louisette emazteak ekarritako antibiotikoekin atera zen aurrera. Hezurretako minaz ere kexu da.

Youtuben Lapiroz aurki daitezkeen bide ugarien artean badira elkarrizketak ere. Horietako batean ileak ondo urdindutako kantari helduak kartzelatik dio: “Musikak batzuetan arma baten balioa du, jendeak horrekin egiten tiro, hitzekin, dantzarekin, doinuarekin”
1993ko urtarrilean Paris inguruko Trappe herrian jo zuen Lapiro de Mbangak New Morning salan. Bi saioetako bakoitzean 1.000 jendez goiti bildu omen zituen, nahiz eta handik kilometro gutxira Manu Dibango izarrak ere jo. Biharamunean, L’Humanité egunkari komunistak kronika laudorioz josia eskaini zion: “Kantari-gitarrista matxinoa Afrikan bakarretakoa da album baten 150.000 ale saltzen. Hitz haserretuak erritmo izugarri erakargarriekin dantzarazteko artearen jabe da. Kamerungo burgesia tarteka ohartzen da, etsirik, ezin dituela harrapatu haren hizkeraren ñabardurak, herri xehea zoriontsu egiten dutenak”.

Azkenean Kamerungo burgesak ez dira hain zozoak izan: kaiolan sartu eta fini txoriaren alaitasunak.

Informazio gehiago:

- Lapiro de Mbangaren kasua eta berarekin elkarrizketa Index on Censorship gunean
- Mercola.com, "Zure osasunaren jabe egin zaitez"
- Lapiro beraren “Hona nire errugabetasunaren frogak” Le Jour egunkarian - Freedom of Musical Expression mugimendua eta PEN kluba Lapiroz interesatzen dira
- Lapiro de Mbanga-ren Constitution Costipée famatua Youtuben
- 1993an Paris inguruan emandako kontzertu baten kronika

ASTEKARIA
2010ko urriaren 03a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude