Colorado Springsen udalak ezin ditu kale guztiak argitu

  • Amerikako Estatu Batuetan krisi ekonomikoak kolpatu dituenean Ronald Reaganen denboretatik diru sarrerak gutxitu zaizkien hiriak, lekuko administrazioek hasi behar izan dute zerbitzu publiko oinarrizkoenak murrizten. Itzali egin dituzte kaleetako argi asko, parkeak zaindu gabe utzi, suhiltzaileak kaleratu... eta errepideak harri xehezko pista bihurtzen hasi.
parkea
Paul Krugman nobel sariduna ez balitz sinatzailea, honako hau irakurle askok ez zuen sinetsiko: “AEBetan barrena hasi dira argiak itzaltzen, hitzez hitz. Colorado Springs hiria famatu egin da nola edo hala dirua aurreztu nahian kaleko hiru farolatik bat itzali duelako, baina antzekoak ari dira gertatzen herrialde osoan, Filadelfiatik hasita Fresnoraino. Bere garaian mundua harriarazi zuen herrialdea garraiabide aitzindarietan inbertituz, Eirieko kanalean bezala autopista sarean, orain errepideetako zorua harrotzen hasi da: estatu batzuetan gobernuak ari dira errepideak suntsitzen mantenimendua pagatu ezin dutelako, asfaltoa zena hartxintxar bihurtuz”.

Prefosta, decroissance edo hertura bezalako ideietatik urrun ibili ohi den Krugman liberal keynestarra ez da mintzatu ahoberokeriaz. Ez argiteria publikoa itzaltzeaz eta ez errepideetan asfaltoa harrotuta hartxintxarra uzteaz.

Denver hiriburuaren ondoren Colorado estatuko bigarren hiri nagusia da Colorado Springs. 415.000 biztanle dauzka. Hango Denver Post egunkariak “Colorado Springs etetera doa askok oinarrizkotzat dauzkaten zerbitzuak” izeneko albistea honela hasten zuen, joan den urtarrilean: “Zergak gorrotatzen dituen hiriak laster ikasi beharko du zer sentitzen den aurrekontuen murrizketengatik eteten direnean amerikar gehienek hirietako zerbitzu beharrezkotzat dauzkatenak”. Irailaren 1ean jarri dira martxan joan den neguan erabakitako mozketak.

2010erako herriko etxeak 50 milioi dolarreko defizita aurrikusten zuenez, iazko azaroan bozketara atera zuen zergak handiagotzeko proposamena, baina herritarrek ezezkoa eman zioten. Ondorioz, gerrikoa estutzea heldu da orain.

Colorado Springseko kaleko argien herena ez da gehiago piztuko. 24.000 farolatatik 8.000 baino gehiagok itzalita darrai irailaren 1etik aurrerako gauetan. Neurri horrekin udalak 1,2 milioi dolar aurreztea espero du argindarretan eta lanparen konponketan.

Hiriko 100 parke baino gehiagoren mantenimendua ere edo eten edo arras gutxiagotu da, horretan gastatzen diren 19,6 milioiak 3,1ean lotu nahian. Desertuaren erdian eraikitako Colorado Springseko lorategiek gaurgero euritan eroritakoa beste urik ez dute jasoko.

Gainera, adineko herritarrentzako bezala gaztetxoentzako zerbitzu asko eten ditu hiriak. Horrek behartuko ditu haurren gurasoek nahiz aitona-amonen arduradunek beren sakeletatik ordaintzera haien zainketa. Milaka nerabe eta gazte egun osoan zer-suma egoteak kaleko giroan ekarriko dituen ondorioez beldur azaldu dira herritar asko.

Polizia eta suhiltzaileetako lanpostu asko ere amortizatu ditu Colorado Springsek. Suhiltzaileetan bakarrik 108 gutxiago. Hiri zabal honen kontrolerako famatuak ziren helikopteroak salgai jarri ditu poliziak, haien mantenimendurako 877.000 dolar pagatu ezinik.

Autopista gurdibide bilakatu

Zer egin horrelako zerbitzu murrizte basatiaren aurrean? Udalak kanpaina ustez irudimentsuak abiarazi ditu. Esate baterako honakoa: kaleko argi bat adoptatzea. Zure etxe inguruko farolazurtz horren kargu egiten bazara, urtean 75-180 dolar pagatuz ostera argi egin dezan, udalak zergetan kenketa oparituko dizu.

Herritar batzuek berriz autokudeaketari ekin diote, ezin jakin nahitara edo gogoz kontra. Proud of Our Parks –Gure Parkeez Harro– elkartean bildu dira lorategi eta antzeko aisiguneak zaintzeko, tartean zakarrontziak bezalako ekipamendu xumeak konponduz.
Colorado Springsekoa deigarria izanik, are txundigarriagoa suertatzen da irakurtzea AEBetako errepide askotan asfaltoa harrotu eta zorua hartxintxarrez lagatzen ari direla. Paul Krugmanek albistea ez du ekologisten buletinen batean bildu, Wall Street Journal ultraliberalaren orrietatik baino. Hona berrikitan plazaratu duen kronika baten titularra: Asphalt is replaced by cheaper gravel. Back to Stone Age (“Asfaltoaren ordez hartxintxar merkeagoa. Harri arora goaz atzera”).

Ingelesezko Stone Age gaztelaniazko Edad de piedra-ren baliokidea da eta oso era grafikoan azaltzen du mendebaldeko herritarraren pentsakeran kamioetan gudron beltz finaren ordez grabilla ikusteak sortzen duen atzerapen irudia.

“Makinatzar horia mantxo-mantxo doa 10. Autopista zaharrean barrena –idatzi du Wall Street Journalen Dan Koeck-ek– baina pasatakoan lurrina darion geruza beltza uzteko partez asfaltozko errepidea birrinduta txintxor bihurtuz doa”. Kazetariari estatuko errepide sarearen buruak aitortu dio garai batean erakundeek diru asko zutenean kamio asko asfaltatu zituztela, herritarren bizimodua hobetuz. Baina urteotan zoruak gero eta zulo handiagoz hondatu dira, anartean horiek konpontzeko sosak bukatuta.

Michigan estatuko Jamestown eskualdean egin du erreportaje nagusia Dan Koeck-ek, baina haren informazioen arabera Michiganek dauzkan 83 eskualdeetako gutxienez 36tan ari dira karreteretako batzuk hartxintxarrez lagatzen. AEBetako beste estatu askotan berdin. Hego Dakotan 100 milia (160 kilometro) baino gehiagotan egin zuten iaz. Alabaman eta Pennsylvanian ere hasi dira asfaltoaren ordez hartxintxarra uzten. Beste batzuetan, Ohioko eskualde batzuetan adibidez, urrunago doaz: errepide hondatuak bere horretan abandonatu eta kito.

Mendebalde aberatsean autopista eta errepideetan dauden gune hondatuetan, estreina makina batek zoruko asfaltoa harrotzen du, ateratako hondarrak eraman eta petrolio gehiagorekin beroan nahastuta berriro asfalto bihurtzen dute, adabaki moduan zabaltzeko. Wall Street Journaleko erreportajeak erakusten du nola diruak bukatu direnean administrazioak hasi diren bide batzuetako gudron guztia harrotu, gainetik zilindro zapalgailuz zanpatu eta uzten, gurdibideak bailiran.

1950eko hamarkadatik errepideak hobetu eta zabaltzeko dinamika eten gabea izan da orain dela gutxi arte. Baina, teknikariek aitortu diotenez kazetariari, asfaltoaren prezioa bi halakotu egin da azken hamar urteotan eta, aldiz, Ronald Reaganen garaietatik diru publikoak urritu, eta urteotan oso hondatu dira sareko bide asko. Horregatik, denak zaindu ezinean, kamioetako batzuk pista bihurtzen hasi dira.

Paul Krugmanek fenomenoaren irakurketa ekonomiko klasikoa egin du: horra Ronald Reaganen garaietatik hasita ezarri diren politika neoliberalen, estatuak dirurik gabe uztearen, ondorioak. Baina bada beste irakurketa bat, alternatiboa edo osagarria: energia krisi larria heldu dela. Urteotan energia zein garestia den ahaztua zuen mendebaldeko biztanleak igarriko dio.

Informazio gehiago:
- Paul Krugmanen EE.UU. se sume en la oscuridad
- Denver Post egunkarian Colorado Springs cuts into services considered basic by many kronika
- Denver Post egunkarian Argizta ezazu Colorado Springs kaleko farola bat adoptatuz kronika
- WWMT gunean Michiganeko eskualdeak hasi dira kamio hondatuak hartxintxarrezko bilakatzen
- Wall Street Journal-en Asphalt Is Replaced By Cheaper Gravel; 'Back to Stone Age' kronika

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude