“Zer eskatzen du herriak..?”

Xabier Mendiguren
s-ka-tasuna!” erantzuten genuen oihu batean orain dela hogeita hamahiru bat urte, uda osoan, txaranga nahiz berbenetan, edozein herriko jaixetan. 33 urte: nik artean 13, gure irakurle asko, berriz, oraindik jaio gabe.

Geroztik gauzak asko aldatu direla, ez dut inor konbentzitu beharrik izango. Aurten, Euskal Herrian barrena dexente ibili naiz udan zehar. 80ko kantek sendo diraute festetako errepertorioan, nahiz eta goiko leloa entzutea ez zaidan tokatu. Eta hala ere, horixe galdetzea bururatu zait: zer eskatzen du herriak?

Aspaldi galdu zen, inoiz izan bazen, Herriaren ahotsa bat eta bakarra izatearen sentimendua, lilura, irudikeria. Baina, izatekotan, herri horri hitza eman eta haren nahia betearazteko borrokari lotu zitzaizkionek egin behar liokete kasu balizko edo egiazko herriaren ahotsari. Belarriak eta borondatea garbi izanez gero, aspaldian ez bezalako batasuna sumatuko lukete, ez beste ezertan, baina bai ideia sinple honetan: 50 urteko ekina aski eta sobera dela, eta ibilbide horri amaiera emateko garaia iritsi dela. Hobe seguru asko Lizarrako hartan izan balitz, edo Loiolan, baina besterik ezean hobe gaur bihar baino.

Badira eskari hori betidanik egin dutenak, baina ez zegoen zertan jaramonik egin, hain zuzen, herri horretan sinesten ez zutelako, bertakoen ia-ia erdia izan arren. Batzuk kolonoak eta besteak kolonizatuak, esan genezakeen, onenean etxekotu beharreko alienatuak eta txarrenean uxatu beharreko etsaiak.

Etxeko askok eman zioten bizkarra gero. Gero eta gehiagok. Baina horientzat ere pronto zegoen epaia: traidoreak ziren batzuk, dilista plateraren truke Ama Aberria saltzeko prest daudenak; koldarrak eta epelak bestetzuk, Estatuaren gezurrak sinetsi edo haren presioari amore eman diotenak.

Orain, berriz, betiko lagunek, urte luzeotan esperantza eta zigorrak partekatu dituztenek eskatu diote: nahikoa da, bide horrek ez garamatza inora, kito. Eta puntu honetan batasuna aho batezkoa izan arren, pertsona gutxi batzuek erabaki behar dute, nonbait, beren erakundearen etorkizuna ez ezik, baita gu guztiona ere, bere gainean hartu duten sakrifizio pertsonalak eman uste dien zilegitasun badaezpadako batekin.
Gaitz erdi, erabaki egokia balitz.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 12a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude