Koalak badaki

www.minifauna.com
Animalia gosetien hortzetatik babesteko, arantzaz gain, azpijan eta azpilan ugari egin dute landareek. Begientzat agerikoak diren elorri zorrotzak baino leunagoak, finagoak diren mugak eratu dituen landare asko da.

Pozoiak, adibidez. Hortzak ez dira jabetuko, baina barrunbean ederki igarriko dio animaliak pozoia duen hostoari heltzen badio. Pozoi batzuk tripak nahasi eta goragalea edo beherakoarekin pasako dira, baina badira lurpera eramango gaituztenak ere. Horra kulturaren garrantzia, lur batean ikasitakoa belaunez belaun doana. Honela, hagina (Taxus baccata), kuku-praka (Digitalis purpurea), irabelar otseria edo pozoiduna (Aconitum napellus), heriotzorria (Nerium oleander), belaikia (Atropa belladona), piko-zoro edo asma-belarra (Datura stramonium), erabelar edo txerri-baba (Hyoscyamus albus), akain-belarra (Ricinus communis), tabakoa (Nicotiana tabacum), asta-mahats ale gorria edo indargoia (Bryonia dioica), otsababa arra edo lupu-belarra (Helleborus foetidus), astaperrexil handia edo otzerri-belarra (Conium maculatum), uretako astaperrexila (Cicuta virosa), azpelarra (Colchicum autumnale), ereinoztxoa (Daphne mezereum) eta adar luze bat baita hilkor ere izan dakigukeela badakigu. Hostoak, azala, fruituak, sustraiak, bakoitzak berea pozoitzen du, eta guk, berdejaleok, jakin egin behar...

Koalak badaki. Koalak eukalipto-hostoa besterik ez du jaten. Eta eukaliptoa, eukaliptoak pozoitsuak dira. Koala bizi den Australian 600en bat eukalipto espezie izango da; horietatik 30 inguru jaten du martsupial honek. Hosto usaintsu horiek toxina desatseginak dituzte, baina koalaren gorputza horietara egina da. Urtebete baino gazteagoko hostorik ez dute nahi izaten, jaki pattala baita. Urtea eta urte eta erdi artekoak jaten dituzte, zaharragoek pozoi hilkorra garatzen dute (azido prusikoa, zianuroa). Besterik jaten ez eta jakin behar... Koalaren kultura. Amak kumeari bere kakak ematen dizkio jaki. Hesteak bizitza guztian landu beharko dutenera ume-umetatik jar daitezen. Dakien tripak badaki.

ASTEKARIA
2010ko uztailaren 04a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude