Bozkarioan

Segurantza Sozialari hogeita hemeretzi urte luzeko kotizazioa egin ondoren, aurre jubilaziora igarotzea erabaki dut. Hamalau mila eta laurehun egunetako kuota ordaindu ondoren, osoko jubilazioaren atartean nago aurtengo apirilaren 6tik. Eta data horretatik iraultza txiki bat bizitzen ari da nire izpiritua, egoera berrira egokitzea nekeza gertatuko balitzaio bezala.

Moisesen legearen arabera, berrogeita bederatzi lan urteren ondoren nork eskubide sakratuari hel ziezaiokeen, hots, graziazko berrogeita hamargarren urtea kolperik eman gabe bizi ahal izatekoa. Horri jubileuko urtea esaten bide zitzaion, eta esplotatzaile eta satrapei betiko bizkarra emanda, saridunak eskubidea zuen, aurreko garaietan bere burua eta sendiarena aurrera ateratzeko saldu behar izan zituen lurrak berreskuratzeko. Modu horretan, zorioneko hiritarrari bermatzen zitzaion bere askatasuna eta aurrerantzean biziko zituen urteak, bederen, zeharoko pobrezian ez ematea.

Moisesi jaramonik egin gabe, lurtarragoa den Segurantza Sozialari nire eskubidea aldarrikatu nion, eta jubileuko urtera ez baina jubilura –bozkariora– eman dut jauzia, jarraitasunik gabeko ariketan. Eta hementxe naukazue, bizimodu berrian bete-betean, nahiz eta –diodan bezala– gogoa eta gorputza oraindik erdi galduta dabilzkidan. Ohituko al dira? Horren esperoan nago.

Oraindik atzo izan balitz bezala gogoratzen dut nire lehen lan eguna. Arrasateko Polmetasa lantegian zen eta –ikasle denboretako 8-14 ordutegiko ihardunak gogoratuz, nonbait– bazkal ostean lanlekura itzuli nintzenean nire buruan “baina arratsaldez ere bai?” galdera zen nagusi, hura gehiegi zuela pentsatu izan bailuen. Bai, urtarril 13 urrun hartatik goiz, arratsalde... eta gau askotako nekeak pilatu ditut, judutar zibilizazioan bibliar zigor gisa saldu zitzaigun bide malkartsuan. Eta garbi utzi nahi dut, kontzientzia osoz adierazita ere, niretzat lana ez dela madarikazio bat gertatu, alderantziz baizik. Argi daukat hori, ez bainintzen, adibidez, osterantzean izkiriatzen ari naizen lerro hauek betetzen egongo.

Baina badakit nirekin bat etorriko ez diren pertsona asko eta asko aurkituko ditugula hor eta hemen, lanaren etekin kolektiboaz konbentzitzeko erabil nezakeen nire balizko diskurtso morala errefusatuko dutenak, lanaren beraren baldintza errealek –hein handi batean– pertsona merkantzia hutsa bilakatu baitute. Homo faber deritzanari ahaztu egiten zaio maiz, gainerako nolakotasun guztien gainetik, gizakiak gizateriaren duintasunaren aldeko apustu jarraikian duela erronka nagusia, baita lanean ere. Eta horren ezean, esplotazioa, injustizia, gizakien arteko desberdintasunak... horiek bai izango dira madarikazio itzela, baina ez Bibliakoa soilik baizik eta –barkaezinena– eguneroko bere ibilbidean gu Homo sapiens deitutakook idazten ari garen liburu mardul bezain inkongruentekoa.

Asmoa daukat lanaren ibilbidetik segitzeko, oraingo aldian Segurantza Sozialaren laguntza pittin batekin. Irakurgai sakratuak baztertu gabe, hezur eta haragizkoei lehentasuna eskaintzen jarraituko dut, ez baita ezer sakratuagorik ongizate konpartiturako –bozkariorako– gizakiaren eskubidea baino. Gure bitartekoekin eraiki dugun gizarte ez orekatu honetan hamaika injustizia antzeman daitezke maila guztietan, eta –moralki bederen– horien konponbidean iharduteko konpromisoari muzin ez egitera gaude kondenatuta. Konbentzituta nago lana, berez, ez dela zigorra. Ez naiz atrebitzen gauza bera esatera, gizon-emakumeok lanaren fruituari eman ohi diogun ondorioaz.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude